Bertso Eguna Iruñean 2021-02-16

Egiten denak balio du

Egiten denak balio du
"Nabarmena izan da saioaren aurrelanketa eta zerbait diferentea egiteko asmoa: egoera tristeetara jotzeko gaiak saihestuz, atrezzoko elementuekin jolasteko aukera emanez eta usaian baino ariketa kolektibo gehiago planteatuz".

Amets Aranguren Arrieta

Hiru bertso egun antolatu ditu aurten Bertsozale Elkarteak. Etxe ondoan lehenengoa: Iruñeko Gayarre antzokian. "Errealitateei beste perspektiba batetik kantatuko diegu (…), kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea" irakurri diot saioaren aurrelanketan aritu den Saioa Alkaizari. Ea bada.

Teloia ireki da ezker-eskuin (bai, nik ere lehen aldia dut teloiaren irekieraz hasten den bertso saio batean) eta hortxe daude gaurko lau protagonistak, aulkien faltan, bakoitza gorputz geometriko desberdin baten gainean eserita: hexaedro berdean Julio, zilindro arroxan Onintza eta laukizuzen hori handian Miren eta Silveira.

Ainhoa Larretxea gai-jartzaileaz eta lau bertsolariez gain, lehenengo "kolaborazio"a eginen zuten beste bi topatu ditugu oholtza gainean: Eneko Lazkoz mikro parean eta Araitz Bizkai gitarran. Entzuten atsegina den kantatzeko era du Lazkozek, baina bertsoa musikarekin batera joan ordez, musikariak moldatu behar izan du berea bertsolariarekin batera joateko. Ia beti bezala.

Alkaizak aipatzen zuen perspektiba horretatik kantatu dute bertsolariek utopiaren inguruan, Euskaltzaindiak hitz horri ematen dion definiziora hurbildu nahiean baten batek, eta Euskaltzaindiak berak funtzio errealen bat izatea utopikoa litzatekeela erantzunez besteren batek. Askotan biktimismora erortzeko arriskuz planteatzen diren gai tristerik ez da apenas egon saioan zehar eta umorera bideraturikoak izan dira nagusi. Horretan fuerte dabiltzanek izan dute aukera orduan luzitzeko, noski. Euren maskoten ahoetatik kantatu dute bertsolariek (Onintza top), lesbianez, idazlearen eta nobelako pertsonaiaren gorputzetatik, sexuaz… eta amatxi faxista zen Mirenekin mintzatu da Silveira gaztea. Egia esan, duela gutxi bertso mundura bueltatu den bertsolari mitikoarengan nituen espektatiba handienak eta ez dakit itzulera, egoera ala azken 20 urteotan erretzaileekiko hartu diren neurriak izan diren, baina espero baino flojoago aritu da Silveira. Hori bai, umore punturik onenak bereak izan direla ezin uka.

"Ez da sinpletasuna baino ederragorik" kantatu du momentu batean Mirenek, eta arrazoi. Nabarmena izan da saioaren aurrelanketa eta zerbait diferentea egiteko asmoa: egoera tristeetara jotzeko gaiak saihestuz, atrezzoko elementuekin jolasteko aukera emanez eta usaian baino ariketa kolektibo gehiago planteatuz. Ez da nire bizitzan ikusi dudan bertso saiorik onena izan, baina hemen egiten denak balio du, ez egiten ez denak. Agerian geratu dira gaur Gayarren Onintzaren bukaerako agurreko hitzak: "maskaretatik harago, kultura bizirik dago". Eta publikotik, eskerrak besterik ezin ditugu eman.

Heldu den urtera arte! 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra