bertso urtie 2021-03-19

'Bertso Urtie' egitasmoa, Erniarraitzen eskutik

'Bertso Urtie' egitasmoa, Erniarraitzen eskutik
Erniarraitz bertsozale elkarteak hilean bertso saioa bat antolatzeko konpromisoa hartu zuen ikasturtearen hasieran eta horretan ari da azaroaz geroztik. Hurrengo saioa martxoaren 28an izango da Zestoan.

Urola Erdia eskualdean antolatzaile nagusia izan da Erniarraitz beti, eta bide horretan eragiteko helburua du "Bertso Urtie" egitasmoak. "Pandemiak plazan izan dituen ondorioak ikusita garbi genuen aurten saiakera berezi bat egin behar genuela plazako jardunean eragiteko. Bertsolariei kanturako aukera gehiago eskaintzeko batetik, eta inguruko antolatzaileak antolatzera animatzeko bestetik".

Esan bezala, martxoaren 28an izango da hurrengo saioa, Zestoako kiroldegian. Sustrai Colina, Andoni Egaña, Jon Gurrutxaga, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Jon Maia arituko dira kantuan. Orain arte 3 saio antolatu dituzte. Azaroaren bukaeran ekin zioten bideari eta aurreneko saioa Azkoitian izan zen, abenduan antolatu zuten bigarrena, Azpeitin, eta urtarrilean "Bertso jasa, bat-bateko jolasa" emanaldia Errezilen. Balorazio positiboa egin dute Erniarraitzeko kideek orain arteko ibilbideaz: "Balorazio oso positiboa, entzuleak inoiz baino hobeto erantzuten ari dira eta bertsolarien ahalegina ere eskertzekoa, ez baita erraza neurri hauekin plazak goxatzea, eta lortu dute". 

Otsailean "eskualdeko herrietan zegoen egoeragatik (gorrian eta kulturguneak itxita)" ezin izan zuten ezer antolatu, baina aurrera begira dinamika honekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute: "Oraingoa bertso jaialdi bat izango da baina datozen hilabeteetarako formatu desberdinetako saioak antolatzen ari gara: bertso bazkaria, bertso saio musikatua… Txandaka Erniarraitzek bere baitan hartzen dituen 4 herrietan antolatuko ditugu. Egitasmo honetarako diru laguntza berri bat lortu dugu eta aprobetxatu egingo dugu".

 

Albiste gehiago

Nerea Bruño - Nafarroako bertsozale Elkateko lehendakaria 2025-09-08

«Nafarroako bertsolaritza goranzko joeran doa»

Larunbat gauean 21:00etan Mirari Martiarenak aurketuta 2025-09-02

Irailaren 13an hasiko da Hitzetik Hortzera

Datorren astean Bertsoa.eus-en 2025-07-16

Algortako Jaialdi Mundiala espazioan barrena

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»