Online eta aretoan 2021-03-23

Aurtengo egitasmoa onartu du Bertsozale Elkarteak

Aurtengo egitasmoa onartu du Bertsozale Elkarteak
70 bat lagunek egin zuten bat pasa den ostegunean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusian. Pandemiaren ondorioak eta hauen aurrean elkarteak egindako doikuntzak eta sortutako mekanismoak izan ziren hizpide batez ere.

Bertsozale Elkartean urte berria pasa den astean hasi zela esan dezakegu. Aho batez onartu ziren 2020ko balantzea eta 2021eko egitasmoa Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusian. Amasa-Villabonako Subijana etxean izan zen hitzordua, elkartearen egoitzan: batzuk aretoan bertan eta beste batzuk online, 70 bat bazkidek egin zuten bat.

Lehendakaritza taldeko Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe kideek egin zieten harrera bazkideei. Gerora aurkeztu diren alderdi nagusiak aletu zituzten: gehienak ere pandemiaren ondorioei eta hauei aurre egiteko neurriei lotutakoak, baina izan zen bestelakorik ere.

Bertso-eskolen funtzionamendua geldotu egin dela eta bertso saio asko galdu direla azaldu zuten Beñat Gaztelumendi lehendakaritza taldeko kideak eta Oier Iurramendi sustapen eragileak. Lanku Kultur Zerbitzuak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearekin egon da, eta bertsolariak ere zuzenean kaltetu ditu egoerak. Sortzaileen kalte ekonomikoak leuntzeko Sormen Kutxa ondu du elkarteak: "Norantza honetan sekula ez genuen ariketa egin: elkartetik bertsolarietara", nabarmendu zuen Igor Elortza lehendakaritza taldeko kideak.

Hezkuntza arautuari dagokionez, irakaskuntza metodologian eta ikasmaterialean egiten ari garen hobekuntzak izan ziren hizpide, eta baita Mintzola Ahozko Lantegiari buruz egingo den hausnarketa prozesua edota azken asteotan elkartea gauzatzen ari den partaidetza dinamika ere.

2.500 bazkidek sostengatzen dute Bertsozale Elkartearen proiektua: "Funtzionamenduari buruzko gogoetarekin batera, bazkidetzari buruzko gogoeta egingo dugu laster, eta bazkideen datu-baseak eguneratzeko lana egingo dugu lehentasunez", azaldu zuen Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

2020ko eta 2021eko balantzea eta aurrekontua ontzat eman dira aho batez: "Onura orokorreko elkarteko elkarte izendatzeko pausoak ematen ari gara", gehitu zuen Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko Xabi Igoak.

Lurraldeetako elkarteetan onartutako egitasmoetako gako nagusiak ere azaldu ziren, baita horietan egin diren zuzendaritzako kideen aldaketak ere.

Informazio gehiago, www.bertsozale.eus atarian aurkituko duzue.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu