ZUTABEA 2021-02-14
Gogoetan ari zira bertsulariak ez ote dion publikoari gehiegi egokitzen bere hitza. Gai jarriekilako saioen formatu arautuak enoatzen zaituela diozu, bertso egiteko manerak berdintzen baititu. Ostatuko edo libreko saio gehiago antolatzeko gogoa duzula, beraz.
Funtsezko gaia iruditzen zait niri ere bertsolariak berak nahi duena kantatzea. Gugandik itxoiten dena erraten, ematen, ikasi dugun gizarte huntan, bertsolariari anitz eskertzen diot busti dadin, espero ez nuena kanta dezan, bere ikuspuntu pertsonala kantatzen ausartu dadin.
Nortasun handikoak dira bertsotan hasiberri diren gaztetxoak, agian gizartearen eta bertsogintzaren kodeetan guti bustiak direlako oraindik. Esperientzia handiagoko bertsulariengan ere ikusten ditut berezitasunak, alta. Horren adibide da saio bat antolatzean bertsulariak hautatzen hartzen dugun plazerra. Baitakigu kontestu berean, edo gai berari, ez diola bertso bera kantatuko Igor Elortzak edo Unai Iturriagak; Maddi Sarasuak edo Elixabet Etxandik.
Maila handikoa izateak laguntzen du segur beretik kantatzen. Teknikak gutiago mugatzen duen bertsulariak askatasun handiagoa ukanen du bere ideia zuzenki formulatzeko. Baina une konkretu batean norbere ideia kantatzen ausartzeko, nortasuna ere beharrezkoa da; gogoeta, eztabaida eta lanketa pertsonalez jantzia izatea.
Ez zait niri iduritzen gai libreko saio batek aukera gehiago ematen dionik bertsulariari beretik aritzeko. Ez ote du bertsolariak berak gehiago eragiten saio motak baino?
Izan ere, librean aritzeak ere baditu bere herstura eta kodeak. Usu bat tiraka ariko da kantuan, bertzea segika. Gaia gehienetan saioaren tokiari, aktualitateari, entzuleari edo bertsolariari berari lotua izanen zaio.
Ez zait, beraz, iruditzen “libreko” saioak askoz aukera gehiago ematen dionik bertsulariari ideia propioak partekatzeko. Adibidez, ezohikoa da “libreko” saio batean bertsulari bat bakarka entzutea. Alta, ez ote da bakarkako ariketa bertsokera berri bat edo entzulearengan adostasuna berezkoa ez duen ideia delikatu bat lantzeko aukerarik egokiena?
Pettanek saio libreagoak antolatzeko gogoa adieraztean, antolatu gabeko saioak heldu zaizkit gogorat, bat-batean sortzen diren saio horiek. Lur, espresuki zuri galdegin nahi nizuke; zer askatasun eskaintzen du aurreikusia ez den saio batek?
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31