ZUTABEA 2021-03-26

Gazteri bertsuzale bat senditzen da

Gazteri bertsuzale bat senditzen da

Lur Renteria Maleta

Libreko saioak, gaiekilako saioak zoin diren hobe, zoinek emaiten dion askatasun gehiago bertsolariari eta ea askatasun horrek publikoaren gozamena handitzen ote duen; eztabaida sakonetarako leku gutti uzten dute zutabe hauek. Maleruski urrun gelditzen ari zaizkit horrelako bertsu saioak. Xilabako azken saioa entzun ginuenetik ez dugu Ipar Euskal Herrian bertsu saio klasikorik izan.

Alta ezin erran nezake urritik gaur arte ez dudanik bertsurik entzun. Azken aldian, astebururo entzun ahal izan ditut bertsoak: herriko plazetan, sukaldeko mahai baten inguruan zein herri bateko gela ixkinetan.

Fenomeno partikular bat gertatzen ari da azken aldian ene inguruan. Ez dakit Xilabak eraginik, bertsoak sortzen duen giro horrek eramanik, edo zendako den xuxenki baina geroz eta gazte gehiago ari dira bertsoaren inguruan biltzen. Herrietan bertso-eskolak sortzen ari dira, edozoin aitzaki erabiltzen da afari edo besta baten inguruan bertsutan hasteko, buruz ikasiriko Xalbadorren zein Silbeiraren bertsuak kantatzen dira botza erlastu arte eta puntuka egiten da habanera muga gabeetan. Gazteri bertsuzale bat senditzen da.

Usu aipatu dut zurekin Maindi, bertsulari berriek ekartzen duten frexkura hortaz, bertso-eskolen kontra egin gabe (ez da batere nere asmoa), iduritzen zaut bertsotan heziak izan ez diren gazte horiek badutela zerbait guk ez duguna. Formeri baino erran nahi duten horri emaiten diote garrantzia. Nago ez ote den hori, gertatzen ari denaren funtsa.

Elkartzeko eta antolatzeko eskubideak kendu dizkigute eta gainean dugun krisialdi ekonomikoak etorkizun beltza iragartzen digu, ez dugu gure burasoek bizi izan zuten helduaroa ukanen eta badakigu. Ostatu xokoan, formei hainbeste kasu egin gabe, bertsoak ideiak ordenatu eta iritzia garatzeko balio izan dit eni. Preseski Xermin, zu sortu berri diren bertsu-eskola hoietako kide, ostatu ertzeko bertsulari: zein forma hartu behar luke bertsoak, ze funtzio bete, gaur egun dugun egoera huntan? Gizarte huntan ?

Albiste gehiago

Zutabea 2026-09-25

Zazpigarren alaba, ezberdina

Ainhoa Markinez Arruza

EHBT26 2026-09-25

Sormenaren elkargunea

Irati Egibar Izeta

Bilintxi Balantxaren eskutik 2026-09-25

Abian da Bilintx saria

Bertso saio berezia 2026-09-23

Gure ondareari kantari

Igotz Alkorta Irastortza

Txikitik handira 01 2026-09-24

Txapelketako zozketetako oroitzapenak

Bertso sariketa berezia 2026-09-24

Bertso Erronda itzuli da Bilboko alde zaharrera