ZAPLA! IRURTZUNEN 2021-05-04

Zentzumenei men

Zentzumenei men
"Goraipatzekoak dira Maialenek saioa prestatzeko aurrez eginiko lana eta saioari eman zion dinamismoa. Gaia aitzakia hartuta, hitzez gain, bertsoa piztuko zuten estimulu askotarikoak eskaini zituen. Proposamenari helduz, Iratik burmuinak itzali eta sentitzeko gonbidapena egin zion publikoari"

Larraungo Bertso Eskola

Intsentsu lurrun usaina, sotana begi bistan, harri hotza eta lur harroa oinpean, apaizak esandako egia eta gezurren zurrunbiloa belarrietan, eta gatz gutxiko opila mihian itsatsita. Oraingoan, ordea, antzoki bihurtutako ermita honetan, giroa oso bestelakoa izan zen. Usain freskoa giroan, argiztatutako lau aulki huts begi parean, egun tristean besarkada epela azalean, kontu berriak entzuteko desiran zeuden belarriak...

Irurtzungo kultur etxeko oholtzara irten ziren Sustrai Colina, Irati Majuelo eta Iker Gorosterrazu, Maialen Belarra gai jartzaile zutela. Zentzumenen edota horien faltaren arteko jolasean murgildu gintuzten. Goraipatzekoak dira Maialenek saioa prestatzeko aurrez eginiko lana eta saioari eman zion dinamismoa. Gaia aitzakia hartuta, hitzez gain, bertsoa piztuko zuten estimulu askotarikoak eskaini zituen. Proposamenari helduz, Iratik burmuinak itzali eta sentitzeko gonbidapena egin zion publikoari.

Aurkezpen modura, norberaren zentzumen garatuenak eta ahulenak deskribatzeko eskatu zien hirurei. Bertso horietan autokritika nabarmendu zen, aurreragoko bertsoetan ere islatu zena.

Saioko momenturik goxoenetarikoak Sustrai eta Irati bikiek eman zizkiguten umetokian, lehenengoaren grafikotasuna bigarrenaren emozionaltasunarekin primeran uztartu zen. Aurrerago, Iratik bizitzaren kronologia eskaini zigun, zenbait usainetan barna bidaia eginez, haurtzaroko almendra usainarekin publikoa hunkitzeraino. Ederki helarazi zuen umetan sentitzen den askatasuna, eta malkoren bat edo bestek ihes egin zuen.

Une garratzak ere izan ziren. Bat-batean, gizarteko arazoen iluntasunean murgildu gintuzten aretoko argiak itzalita, Ikerrek esan bezala “ikusezinak ikusgarri egiten” eta gure zilborretik haratago begiratzeko gonbita eginez. Irati eta Sustraik, gizarte-maila ezberdinen arteko kontrastea azaleratu zuten, kapitalismoa eta kontsumismoa seinalatuz eta kritikak ardurarik hartzen ez duten erakundeei zuzenduz.

Hala ere, gatza eta piperra ez ziren faltan izan. Bozgorailuetatik haurraren barre kutsakorra entzun eta espero gabeko bidetik joan ziren bertsolariak: gurasotasunaren presioa azaleratu ziguten. Igogailuko puzker usainak eragindako une deserosoak elkarrizketa jariotsua piztu zuen. Ikerrek arintasunez Txanogorritxoren ipuina berridatzi zuen puntu erantzunetan. Asmakizunerako tartea ere izan zen, non Iratiren eskuek eta Ikerren mihiak Sustrairen garuna lanean jarri zuten, eta bai fin ibili ere, bixi eta dotore. Azkenik, entzuleekiko hartu-emanerako tartea ere eskaini zen, bertsolariek sommelier papera hartu zutenean ardo dastaketa “itsuan”, eta bertsolarien gaztetako argazkiekin une nostalgikoz bete zen aretoa. Azken horretan, Sustraik publikoan ziren adinekoei keinu egin zien, haien argazkiak zuri-beltzekoak izango zirela gogora ekarriz.

Saioari amaiera emateko garaia heldu zen azkenik. Bertsozale amorratuenen oroimenak astindu zituen Ikerrek korrozka eta herren artean. Iratik bertsotarako guneak goraipatu zituen. Sustraik saioa biribildu zuen, zentzua galdu duen munduan zentzumenak ditugula gogoraraziz.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari