Doinutegia 2021-05-21
"Antton eta Maria" esan du Felix Irazustabarrenak belarrira iritsi zaion doinua ezagututa. Saihestezina dirudi aldameneko aretoan kantuan ari direnei entzunda, asmakizun lanetan ez aritzea.
Saihestezina, hain justu, bertso doinuek elkartu dituztelako talde honetako lagunak: Bertsozale Elkartean aritzen diren Doinutegi Batzordeko kideak. Amasa-Villabonako Subijana Etxean elkartu dira, larunbatez, lantaldekoen eta boluntarioen agendek bat egin duten hutsunean, Bertsozale Elkarteak abiatutako partaidetza prozesuari dagokion saioa egiteko. Aldameneko aretoan, hilabetean behin elkartzen diren Gizonentzako Bertso Eskola Feministako lagunak, kantuan; badirudi, Doinutegi Batzordeari xuxurla egiten dietela haien lanak duen garrantzia gogoraraziz.
Doinua zein den asmatu duen Felix Irazustabarrenaz gain, Itsaso Noya, Karlos Aizpurua, Martin Aramendi eta Miren Izagirre elkartu dira gelan. Partaidetza saio berezia izanik, Bertsozale Elkarteko Oier Iurramendik gidatu du dinamika. Profil ezberdinak dituzte kideek, baina hitzetik edo musikatik etorrita, bertso doinuek batu dituzte.
"Ziur ez dakit, baina esango nuke lehenengo taldea 2004-2005 buelta horretan osatu zela. Ordurako Ikerkuntza Batzordeak bazeramatzan urte batzuk martxan. Han ohartu ginen Doinutegiak berak askotarako ematen zuela, ikergai bikaina zela, adar askotarikoa, eta komeni zela lantaldea sortzea", kontatu du Martin Aramendik doinuen lanketan aritzen den taldeaz.
Ordurako doinuen bueltan lanean bazeramatzan urte batzuk Aramendik, Bapatean bilduman parte hartzen hasia baitzen 1995ean, eta bertsoaldien doinuak izendatu behar izaten baitzituen; horrela hasi zen zaletzen eta Joanito Dorronsororekin harremana estutzen: "Urte askotan txapelketan inertzia-indarrez funtzionatu genuen, betiere Joanitoren lanari eta laguntzari esker". Tartean zen ordurako Felix Irazustabarrena ere.
Aitzindaria izan zen Dorronsoro. Berak sortu eta osatu zuen doinutegia: "Bertso-eskoletarako material gisa argitaratu ziren Bertsotan I eta Bertsotan II liburuetatik hasi zen, eta, ondoren, biltzen eta biltzen jarraitu zuen, eta, 1995ean, egungo doinutegiaren hezurdura nagusia diren lau liburuki argitaratu zituen Bertsozale Elkartearekin batera", azaldu du Aramendik haren lanaren inguruan galdetuta. Doinutegia digitalizatu zenean, doinu berri horien partiturak eta fitxak Dorronsorok sortzen zituen 2017ra arte. "2017ko Txapelketa Nagusiaren bueltan ohartu ginen lana pilatzen ari zitzaigula, eta nahitaezkoa zela lantaldeak iraunkorrago eta antolatuago lan egitea", dio Aramendik.
Hala taldera batzeko proposamena egin zitzaion Miren Izagirreri 2017an, Joanito Dorronsororen ordura arteko egitekoak gauzatzeko. Izagirrek prestakuntza handia du musikaren alorrean, txistulari familia edukitzeaz eta umetatik kontserbatorioan eta abesbatzan aritzeaz gainera, besteak beste, Musikologia ikasketak eginda baititu. Hasiera batean Izagirrek uko egin zion proposamenari ikasketak tarteko denborarik gabe zebilelako eta musika transkripzioan esperientziarik ez zuelako, baina, azkenean, parte hartzea erabaki zuen: "Nik baldintza bat jarri nien: nire partiturak Joanitok berrikustea. Errespetu handia nion urte askoan horrelako lan itzela egin zuen pertsonari, eta esku desberdin batek transkribapenak egiteko moduak edo irizpideak aldatzeko arriskua ikusi nuen". 2019tik, Dorronsorok taldea uztea erabaki zuenetik, bakarrik ari da egiteko horretan Izagirre.
Doinuen bilketan eta sailkapenean duen egitekotik, Xenpelar Dokumentazio Zentroa ordezkatzen du Itsaso Noyak; eta hiru urte geroago, taldea indartzeko eta akuilu lana egiteko, elkarteko Ikerkuntza eragilea den Karlos Aizpuruak egin zuen bat.
Taldeko kide bakoitzak sekulako ekarpena egiten dio alor jakinetan taldeari: bertsogintzaren ezagutza eta eskarmentua dituzte Felixek eta Martinek; musikarako belarria Mirenek; doinuak sailkatzeko eta Xenpelarrek kudeatzen duen BDB datu-basean tratatzeko begi zolia Itsasok; eta taldeak behar duen bultzada emateko eskua Karlosek.
"Azken bi urteotan urrats politak egin ditugu, eta, lehenaz gain, itxura ederra hartzen ari da egitasmoa", ebatzi du Aramendik. Nabaria da.
"Galdetzearen poderioz zerbait ikasi dugu, baina batzuetan buru hausten ibiltzen gara doinuren bat entzun eta izena etortzen ez bazaigu. Izan ere, hainbeste doinu dago!" aitortu du Aramendik. 3.169 doinu, zehazki, bdb.bertsozale.eus atariak dioenaren arabera.
Urteak daramatza Felix Irazustabarrenak doinuen bueltan dantzan. Hark azaldu digu pausoz pauso zein den doinu berri bat ateratzen denean, hura jasotzeko prozesua: "Lehenik eta behin, identifikatu egiten da; jakitea doinu berria azaldu dela plazan. Normalean, elkarteko Hedapen Taldearen (ikus-entzunezko taldea) bidez jasotzen dugu informazio hori, baina beste edozein grabatzailek edo zalek edota bertsolariak berak ere jakinarazi izan du". Ondoren, datu bilketa egiten da: doinuaren izendapena zehaztu, egilea, neurria… horretarako, normalean, bertsolariarekin jartzen dira harremanetan.
Segidan, partitura egiten da: "Batzuetan, bertsolariari edo doinuaren egileari eskatzen zaio, baina bestela egin behar izaten da partitura. Gero, hura egokitu egin behar da: BDBn sartzeko moduan jartzen da, MIDIa sortu, datu musikalak zehaztu…", azaldu du Irazustabarrenak.
Miren Izagirrek egiten du hori. "Partitura bakoitza sortzea erronka eta jolas bat da aldi berean. Buruhauste dezente sortzen dira normalean, baino oso zeregin polita da abestua izan den doinu bat paperera ekartzearen ariketa hau", dio Izagirrek. "Transkripzioaren gaia oso zabala eta konplexua da. Aspalditik dakigu partitura batek ez daukala abesterakoan gertatzen den guztia zehatz-mehatz islatzeko gaitasuna. Gure helburua oinarrizko diseinu melodiko-erritmikoa jasotzea da: honela, tesitura zehatza, intonazio aldaketak, kantaeraren berezitasunak eta beste hainbat ñabardura ez ditugu kontutan hartzen". Bertso doinuak transkribatzeko, partitura neurriaren arabera idazten da: "Hau da, notak bertsoaren estruktura formalaren zerbitzura jartzen dira. Horrek esan nahi du, zortziko txiki bat transkribatu behar badugu, partituran zortzi pentagrama izango ditugula, eta musikak, hitzak eta errimaren egitura errespetatuko dituela. Musikalki eztabaidagarria izan daiteke, baina hala egin izan da, eta bertsoaren forma islatzeko modurik egokiena dela iruditzen zait niri ere".
Eta partitura osatuta, MIDIa sortzen da: partituratik soinu formatura pasatzen da, edizio programen bidez: "Horregatik da garrantzitsua partitura ongi egitea, datu-basean entzungo dugun doinua partituran idatzitako melodia izango delako".
Behin partitura eta berau entzuteko MIDIa osatuta, doinua jasotzen dela gogorarazi digu Irazustabarrenak: "Guztia BDBn sartu eta dagozkion loturak egiten dira".
Xenpelar Dokumentazio Zentroko Itsaso Noyak kudeatzen du Doinutegiaren datu-basea: "Neurriaren arabera sailkatuta ditugu doinuak, bakoitza bere audio, partitura eta datuekin. Urtetik urtera handitzen doan bilduma da, txapelketetan eta ohiko saioetan plazaratutako doinu berrien bila jarraitzen baitu lantaldeak".
2011tik, BDB Bertsolaritzaren datu-baseak Doinutegia aberastu, kontsultarako erraztasun handiagoak eskaini eta bertako edukiak beste egitasmoekin partekatzeko aukera eman du: "Dokumentazioaren ikuspegitik, oso garrantzitsua izan da Joanitok urteetan egindako bilketa lan ikaragarri hau datu-base bihurtu eta sarean jartzea”, azaldu du Itsasok.
Gainera, aipatu behar da BDB Bertsolaritzaren datu-basean gehien erabiltzen den ataletako bat dela Doinutegiarena, eta, honenbestez, baita kontsulta gehien eragiten dituena ere. "Profil askotariko pertsonak jartzen dira gurekin harremanetan: zaleak, sortzaileak, ikertzaileak eta irakasleak. Azkeneko biak izaten dira gehienbat", zehaztu du Noyak.
Bestalde, plazatik datu-basera egindako bidea alderantzizkoa ere izaten da, han jasotakoek bertsolariek balia ditzaketelako berriro ere: "Doinuak landu nahi dituztenak, saio baterako doinuen bila dabiltzanak, euren sormen lanetarako bertso-doinuak oinarri hartu nahi dituztenak…denetarik dago". Amua ere bota du Noyak: "Doinuen artean badira inoiz bertsotan erabili izan ez direnak eta hortxe daude, nork erabiliko zain. Perlaz betetako bilduma da, eta Joanitok jaso dezakeen omenaldirik onena, horiek berreskuratu eta plazetan erabiltzen hastea litzateke".
Doinu berrien loraldia nabarmenagoa da txapelketetan beste garai batzuekin alderatuz gero: "Batzuetan berri-berriak izaten dira, musikariren batek partitura eginda sortuak; beste batzuetan, aldiz, bertsolariak berak kanturen bat moldatu eta bertsotara ekartzen du, edo doinu zaharren bat berreskuratu eta puntu batzuk gehitzen dizkio. Ia beti neurri luzeko doinuan izaten dira, eta, normala den bezala, bakarkako lanetan erabili ohi dituzte", berretsi du Aramendik.
Doinua ondo aukeratzea argi du: "Testuak eta doinuak bat egiten dutenean, bertsoak esanindar handiagoa izaten du eta errazago eta indartsuago iristen zaio entzuleari. Eta, sortzeko unean ere, esango nuke bertsolariak ez duela berdin sortzen doinu batean edo bestean jardun". Felix Irazustabarrena ere bat dator, eta beste ohar bat ere egiten du: "Bertsoa epaitzeko irizpideetan esaterako garbi azaltzen da sarituko dela "mezuari laguntzen dion doinu bat erabiltzea" eta aldiz ez dela ontzat hartuko "doinua desegoki erabiltzea eta mezuari kalte egitea".
Doinuen erabilera dezente aldatzen da plazaren, garaiaren eta ariketen arabera Irazustabarrenaren esanetan, eta, batez ere, metrikaren arabera. "Normalean garaiaren araberako joerak dituzte, modak izaten dira. Bertsolari bakoitzaren zaletasunak batez ere bakarkakoetan ageri dira gehiago, eta bertso-eskola bereko edo entrenamendu kide direnen artekoetan ere nabari dira betiko arrastoetatik ateratzeak".
Baina, zeintzuk dira erabilienetako batzuk? "Taldean, koplatan, Kontu barri bat suzedidu da, esate baterako; azken urteotan maiz erabiltzen dira Naparruatik ardo karraio eta Igaran egun batez; hamarreko txikian, Espainian behera;…".
Tradiziozkoak, kantutegitik hartutakoak dira orain arte bildutako gehienak: "Erlijiozkoak, Gabonetakoak, eskekoak... datu-basean doinu mota atalean jatorria eta modua nahasten dira", azaltzen du Irazustabarrenak. Kantuen moldaketak, enkarguz egindakoak, batez ere, txapelketan, bakarkako lanetan erabili izan direla gogorarazi du Irazustabarrenak. Azkenaldian arrakasta izandako batzuk dira Andres Calamaroren kantu batetik abiatutako Irun badaukazu zerbait, Chavela Vargarsen lanetik ateratako Zimur-zimur egina da edo Imanol Kamiok egindako Baneza eta banitu. "Bestalde, beste moldaketa batzuk ere badaude, musikatuetan hasi eta asko ugaritzen ari direnak"; mota horretakoak dira Psikologoak deskribatu nau (No women no cry), Geldirik ezin naizela egon (Blowin'in the wind) edota Zelaia ikusi dut (Lili Marleen).
Egokiera honetan elkartu dituen partaidetza prozesuko saioa hasi bezain pronto, aurrera begirakoak segituan begitandu dituzte. Grina izugarria da, lana bezainbestekoa.
Boskote ederrak osatzen du taldea, baina jende gehiago erakartzea izan daiteke taldea biziberritzeko modua: "Taldean bertsogintzako ezagutza handia duen jendea bada. Aldiz, musika ezagutza sakona duenik bertan baden arren, pertsona bakarra da. Musika ezagutza handiko jende gehiago balego taldean eztabaida aberatsagoak edukiko genituzke musika mailan. Eta musika ezagutzaz gain bertsogintza ezagutuz gero, hainbat hobeto", dio Karlos Aizpuruak.
Egun, bi erronka nagusi nabarmentzen ditu Aizpuruak: "Batetik, Doinutegiaren eguneraketa; hau da, egina dagoena zuzen dagoela bermatzea, sortu ohi diren doinu berriak jaso, deskribatu eta denontzat eskuragarri jartzeari muzin egin gabe. Bestetik, doinuak identifikatzeko tresna garatzea. Oso tresna eraginkorra litzateke doinu bakoitza bere izenez identifikatzeko eta alderantziz".
Laster elkartuko da berriro ere Doinutegi Batzordea. Doinuari merezi duen tratamendua emateko; jasotzeko eta gero denok berriro ere gozatzeko; Doinutegian dagoen altxor hori elikatzen joateko. Hitzak doinua ohaide duen bezala, doinuak hitza ohaide duela ere agerian utziz.
Doinutegia bdb.bertsozale.eus atarian arakatzeaz gainera, Bertsoa.eus atarian doinu jakin batean egindako bertsoaldiak topa ditzakezu, "bertsoak" atalean "doinuak" sakatuta.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24