UEU 2021-06-02
16 eta 30 urte arteko gazte bertsolari eta bertsozaleei zuzenduta dago bereziki ikastaroa, baina argi dago aterik ez zaiola inori ixten eta adin tarte horretatik kanpo dauden bertsozaleek eta kulturazaleek ere eman ahalko dute izena. Karlos Aizpurua ibili da Bertso Eskola "berezi" honen antolakuntzan eta prestaketan:
"Berezia da ohiko bertso eskolan lantzen ez diren alderdiak beren-beregi landuko direlako, goi-mailako irakasleen eskutik gainera. Gaiek eragin dezaketen plazeratik harago, etekina bertsolariek aterako diote, edo gai-jartzailetzan eta bertsolari txapelketetan ari diren gai-jartzaile eta epaileek. Dena den, ikastaroa edozein kulturzalek preziatuko duela ez dugu dudarik".
Askotariko gaiak eta tailerrak landuko dira bi egunez, eta bertan landutakoak praktikatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek "haiek eta haiekin sortutako bertso saioan, azkeneko egunean". Gai ezberdin asko hautatu dira egitaraua osatzeko, tartean Ane Labakak emango duen Hainbat bertsoaldi eztabaidagai, genero-ikuspegitik tailerra eta Maite Berriozabalek emango duen Gaiak, egitura eta aurkezletza: Nonbaitetik abiatu nonbaitera heltzeko izenekoa.
"Batetik, egungo bertsolaritzan puri-purian diren gaiak direlako (generoa, kantaera, gazte belaunaldiak…), bestetik gai horiei buruzko ikerketak egin direlako (generoa, bertsolaritzaren hedabideratzea, kantaera). Badira ere urteetako edo beste diziplinetako ezagutza metatua partekatzearren hautatu ditugunak (harremanak, gai-jartzailetza, oholtza gaineko presentzia, gazte belaunaldiak, bakarkako gaiaren lanketa)" gaineratu du Karlosek ikastaroa osatzen duten puntuen hautaketari buruz galdetzean.
Ezaguna du UEUko esperientzia Ane Labakak. Orain dela bi urte bertsolaritza genero ikuspegitik deitzen zen ikastaroa antolatu zuten Iruñean bertan, eta aurten ere ikastaroan parte hartzeko gogotsu dagoela aitortu digu: "Aurtengoa, aurreko urtetik hasita, nahiko zailtasun utzi dizkigun urtea izan da bertso eskolatan elkartu eta ohiko jarduna mantentzeko. Iruditzen zait udako bertso eskola une onean datorrela hutsune horri erantzuteko eta oso aberasgarria izan daitekeela Euskal Herriko txoko ezberdinetako jendea Iruñean elkartzea".
Hainbat bertsoaldi eztabaidagai, genero ikuspegitik izeneko tailerra izango da bertsolari lasartearrak eskainiko duena. "Dinamika parte hartzaile bat" planteatuko da, "gazteak eurak izan daitezen ondorio batzuetara iritsiko direnak edo beraien bizipenak, bai oholtzakoak eta oholtzatik kanpokoak, konpartituko dituztenak". Beraz, zentzu horretan "hausnartzeko, gogoetatzeko, eztabaidatzeko prest" joatea gustatuko litzaiokeela gaineratu du Anek.
Eta tailerraren izenburuak dioen gisan, hainbat bertsoaldi izango ditzute bertaratzen direnek heldulekutzat: "Genero ikuspegitik aritzeko eskatu zidaten niri eta aztergai edo ardatz bezala, hainbat bertsoaldi hartzeko. Nahiko nukeena da bertsoaldi horietatik abiatuta denon artean horrelako ondorio batzuk ateratzea: zeri erreparatu behar diogun bai sortzaile eta bai hartzaile bezala, genero ikuspegitik ari garenean. Indikadore batzuk ateratzea".
Maite Berriozabalek ibilbide luzea darama bertsolaritzan eta gai-jartzailearen lana ezin hobeto ezagutzen du. Gai-jartzailetza ardatz, tailer bikoitza eskainiko du Udako Bertso Eskolan eta "gogotsu" egoteaz gain, esperientzia berri honetatik ikasteko aukera ikusten du: "Askotan ikastaro bezala planteatzen direnean gauzak, ikastaro baino gehiago, nik nire esperientzien berri eman eta beste batzuk entzuteko espazio izaten da. Gai-jartzailetzan gauza asko egin dira baina iruditzen zait egiteko asko dagoela; eta bertsolaritzaren barruan gai-jartzailetzari tartetxo bat dedikatzen zaiola ikusteak poza ematen dit".
Teoria zein praktika uztartuko dira tailerrean eta gai-jartzailetza zeharkatzen duten gaietaz hausnartzeaz gain, sormen lanerako ere aukera izango dute bertaratzen direnek: "Gustatuko litzaidake jendearekin elkarrizketa on bat mantendu ahal izan eta gai-jartzailetzari buruz pentsatzea, jendea entzutea, gai-jartzailetzaren inguruko iritziak ikustea, bizipenak, interesak... Izan dadila tarte bat gai-jartzailetzari buruz pentsatzeko, bere osotasunean eta prozesu osoaren inguruan. Hasi alde teknikoetatik (gaitegia, gaien planteamendua, rol banaketa, saioaren aurretiko hausnarketak…) eta gai-jartzailea beraren funtzioaren inguruan".
"Eta parte praktikoan, jendearekin sortzea, ikustea zer zalantza sortzen diren, zer kostatzen zaigun eta zergatik… Azken batean hitz egitea eta gustuz egin ahal izatea bertso saio baten parte hori ere. Konturatzea badagoela sormen lanerako aukera hemen ere, beti ere ahaztu gabe bertsolariek beraien onena ateratzeko ari garela, probatzekoa, modu berriak proposatzekoa eta abar. Hori litzateke interesgarria".
Gai-jartzailearen lana gehienetan bertsolarienaren itzaletan gelditzen den arren, bertsoaren zati ezinbestekoa gai-jartzailetza, eta bide horretan, bertso munduan parte hartzeko aukera erakargarria dela ikustaraztea gustatuko litzaioke Maiteri: "Gustatuko litzaidake jendea ideia positibo batekin ateratzea eta gai-jartzailetzari buruzko abiapuntu bat, oinarri bat izatea bizitzaren beste uneren baterako. Eta konturatzea gai-jartzailetzak baduela bere xarma eta badaudela bertsolaritzan aritzeko eta gozatzeko beste modu polit batzuk ere bertsolari izateaz haratago".
Bertsolaritzari buruz hausnartu eta gogoetak partekatzeaz gain, bertsogintzaren teknikan ere hobetu nahi baduzu, ez galdu aukera eta eman izena lehenbailehen. 25 euro soilik balio ditu matrikulak; hemen matrikula zaitezke.
Gozatzeko aukera paregabea dela eta parte hartzeaz damutuko ez zarela argi utzi du Karlos Aizpurua zuzendariak: "Ikastaroan bertsozaleok gozatu egingo dugu. Bertsolaritzari buruzko hamaika kontuetan sakonduko baitugu adituen eta arituen eskutik. Eta gainera bertsogintzaren hainbat alderditan murgilduko gara, teorian ez ezik praktikatuz, trebatzeko eta hobetzeko. Ikasiko dugunaz ez ezik, konpainiaz gozatuko dugu, Euskal Herriko hainbat txokotako bertsozaleren arrago eta topagune izango baita ikastaroa, klasean bezala, klase ostekoan".
Gogoratzearren, Bertsozale Elkarteak UEUrekin eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin antolatutako Udako Bertso Eskola ikastaroa da honako hau. Iruñeko Katakraken izango da, ekainaren 29an eta 30ean, goizez eta arratsaldez.
Ikastaroaren inguruko xehetasun gehiago topatuko dituzu UEUko webgunean zein Bertsozale Elkartearenean.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24