UIK 2021-06-09

Bertsolaritza Udako Ikastaroetan

Bertsolaritza Udako Ikastaroetan
Argazkia | uik.eus
Ekainaren 21ean eta 22an izango da "Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak" ikastaroa UPV/EHUko Gipuzkoako kanpusean; eta tartean, bertsolaritza izango dute mintzagai Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak eta Oihana Iguaran bertsolariak.

COVID-19aren pandemiak kulturgintzan eta herrigintzan izan duen eragina aztertuko da Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Udako Ikastaroetan antolatutako eskolan, eta aurrera begirako erronkez ere arituko dira.

Kultur unibertso eta herrigintzako hainbat ikertzaile, teknikari, sortzaile eta kultur erakundetako ordezkarik hartuko dute parte ikastaroan, bi egunetan zehar, eta bertsolaritzak ere protagonismoa izango du ikastaroan zehar. Lehen egunean, ekainaren 21ean, Jon Agirresarobe Lopetegik "Kultura segurua ala bizigarria?" hitzaldia eskainiko du, eta bigarrenean, ekainaren 22an beraz, Oihana Iguaran Barandiaranek “Bat-bateko(aren) erronkak“ hitzaldia. Ondoren, eguneko gainontzeko gonbidatuekin batera, mahainguruan parte hartuko dute. Aurrera begira jarri eta etorkizuneko erronkei buruz arituko dira.

Pandemiaren eragina, bertsolaritzan

Jon Agirresarobe Lopetegi, Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, pandemiak bertsolaritzan eta bertsogintzan izan duen eragina azaltzen saiatuko da, bi puntu nagusi izango ditu hitzaldiak:

Batetik, "nola zaildu den bertso eskolen dinamika; eta  bertso eskolak ohiko dinamikatik kanpo, antolatzeko gaitasuna galtzen du, bertsolariek biltzeko gaitasuna, hobetzeko eta entrenatzeko aukera".

Bestetik, "nabarmena izan da plaza kopurua jeitsi dela -Urte batean 700 saiotik gora galdu dira- eta horren eraginak askotarikoak izan dira, bertsolariengan eta zaleengan. Azken hilabeteetan plaza biziberritzen saiatzen ari gara, eta nik uste bertsozaleak asko eskertu duela antolatzaileek eta sortzaileek egin duten lana".

Horrez gain, sortzaileek dituzten arazoak eta etorkizunerako etxekolanak mahaigaineratzen saiatuko direla ere aipatu du Jonek, "pandemia aurretik ere bazeudelako [etxekolanak] eta pandemiak bistan utzi dituelako".

Eman izena!

Hizlarien informazioa eta programa osoa hemen aurkituko duzu. Ikastaroa aurrez aurre egingo den arren, online bidez segitzeko aukera ere izango da, eta 77 euro balio du matrikula arruntak, baina badaude prezio murriztuak ere kasuan kasu. Beraz, izena emateko sartu www.uik.eus atarian edo jarraian dagoen estekan.

MATRIKULATU

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri