UIK 2021-04-26
COVID-19aren pandemiak kulturgintzan eta herrigintzan izan duen eragina aztertuko da ikastaroan, eta aurrera begirako erronkez ere arituko dira. Ikastaroa aurrez aurre egingo den arren, online bidez segitzeko aukera izango da ere, noski.
Helburuak:
- Kulturgintzaren eta herrigintzaren egoeraren berri hainbat ikuspegitatik ematea.
- Hainbat geruzatan ari diren mugimendu eta erakundeen diagnostikoak partekatzea.
- Pandemiak eragin edo nabarmendu dituen sortzaileen arrangura eta proposamenak jasotzea.
- Gizarteko hainbat esparrutan ari diren mugimendu eta erakundeen diagnostikoak partekatzea.
Kultur unibertso eta herrigintzako hainbat ikertzaile, teknikari, sortzaile eta kultur erakundetako ordezkarik hartuko dute parte ikastaroan, bi egunetan zehar. Karlos Aizpurua aritu da ikastaro honen antolaketan, besteak beste, eta egitarauari buruzko xehetasunak eman dizkigu.
Hizlarien izenak eta programa osoa, hemen.
Lehen eguna, ekainaren 21ean
"Lehendabiziko egunean, nolabait esateko, teknikoak arituko dira. Batetik, hitzegingo dute antropologiatik, hiztegingo dute soziologiatik, eta hor gogoetak azalduko dira: kulturaren garrantzia gure ongi sentitzean, kulturak ere ongi sentiarazten gaituelako. Kultura pertsonarentzat den onuraz arituko dira lehen bi hizlariak, piskat horretaz jabe gaitezen.
Bestetik, lehen egun horretan, datuak ekarriko ditugu. Datu hotzak, nolabait esateko. Pandemiak kulturan nola eragin duen, baina gogoetak alboan utzi eta datuetan ikusita. Horretarako Eusko Jaurlaritzako bi tekniko ekarriko ditugu.
Hirugarren blokean, pandemia egoeran herrigintzatik eta administraziotik egoera honi eman zaizkion bi erantzun ekarriko ditugu. Administrazioaren aldetik Usurbilgo udaleko kultur zinegotzia izango da gurekin, plan bat prestatu eta pandemiaren aitzakian, kultur bira antolatu zuten. Herrigintzatik, Jon Agirresarobe arituko da, Bertsozale Elkarteko koordinatzailea.
Eguna borobiltzeko, gertatu denari baino aurrera begirako erronkei buruz hitzegingo dute mahainguruan".
Bigarren eguna, ekainaren 22an
"Bigarren egunean, sortzaileak edo artistak mintzatuko dira. Batetik, Iñigo Astiz arituko da, idazle izateaz gain kazetaria ere bada Berrian, eta tokatu zaio gauza asko entzutea, pentsatzea, elkarrizketatzea... eta alde horretatik sekulako mauka da bera hor egotea.
Bestalde, ukituko ditugu antzerkia, musika, literatura, sormen guneak (Dinamoarekin) eta bertsolaritza. Alderdi bakoitzetik ahots bat izango dugu eta esparru bakoitzean nola bizi izan duten egoera hau eta zer geratu den agerian aipatuko digute.
Bigarren egun horretan ere, mahaingurua izanen da ondoren eta berriz ere etorkizunean jarriko dugu fokoa. Inigo Astizek gidatuko du eta "zer eta nola sortuko dugu bihar", hori izango da mahainguruaren ardatza".
Gertatu denetik, etorkizunari zer?
Artikuluaren hasieran ikastaroaren aurkezpenean zerrendatutako helburuak jarri baditugu ere, Karlos Aizpuruak ikastaro honetatik atera nahiko lituzketen ondorioak aurreratu dizkigu:
"Ohikoagoa den egoera batean zer hobetu beharko genukeen kulturgintzan, herrigintzan; zer hobetu pertsona bezala, sortzaile bezala, elkarte bezala, administrazio bezala… Beste krisi bat izan da hau azken finean eta pandemiak eragin duena da lehendik zeuden hutsuneak nabarmentzea. Beraz, hutsune horiek estaltzeko edo gainditzeko estrategiak pentsatu beharko genituzke eta estrategia horiek konkretizatzeko ideiak ateratzea" izango da ikastaroaren helburu.
Izena emateko aukera dago jadanik. Izena emateko, sartu www.uik.eus atarian. Matrikula prozesuan nola parte hartuko duzun aukeratu beharko da: aurrez-aurre edota online zuzenean.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24