Ostiralean egin zen sari banaketa 2021-07-10
Euskal gatazak eragin duen sufrimenduan jarrerak hurbildu beharra aldarrikatzen du, besteak beste, Ekaitz Goikoetxearen Mingarri den bitartean sorta irabazleak. Epaimahiak hain zuzen, bertsoen bikaintasuna ez ezik, diskurtsoan egindako ekarpena saritu nahi izan du. "Nahiz eta egia batzuk/beti diren egiago,/erabateko egia/den egiarik ez dago".
Zubien beharra ere badakar bertsotara: "Zubiak landu ezean/ findu ezik begirada,/behin bakarrik bizi arren/gehiagotan hilko gara...".
Gai honetan, oraindik bakoitza bere lubakietan dagoela irizten dio Goikoetxeak: "oraindik ez gara gure/lubakietatik irten./Bi malkok hirugarrenik/ez badute eragiten,/gu izateak ez gaitu/pluralagoak egiten".
Ekaitz Goikoetxeak musikaz lagunduta kantatu zituen bertsook saio musikatuaren barruan.
16 lan eta sari bakarra
Iazko parte hartzea gaindituz 16 lan aurkeztu dira aurtengo Basarri Sarira eta antolakuntza sorten maila azpimarratu du. Hamaseitik hiru depresioari buruzkoak izan dira hori ere datu adierazgarria iruditu antolakuntzari gaur egungo egoerarekin lotua.
Orain artean Basarri Sariak bi sari ematen zituen, aurren-bigarrenak, baina aurten da sari bakarra izanda, oinarrietan ere hala planteatuta.
Mingarri den bitartean
Doinua: Gaur udaberri bat dabil
Gure nerabezaroan,
birjin ginela artean,
harrizko herri bat bazen
Kantabriako partean:
paretetan sententziak,
arrakalak gizartean…
Oroitzapenek astintzen
naute tartean-tartean;
horregatik eseri naiz
arranguraren parkean,
minaz idaztera mina
mingarri den bitartean.
2.-
Burujabetza, euskara,
askatasuna, bakea,
lurrundutako leihoak
giltzatutako atea,
belaunaldiz belaunaldi
pilatu zaigun nekea,
begiak bildu ezina,
ametsak ezin betea,
nork bere ispiluari
bizkarrik ez ematea...
Buruhauste eder bat da
euskalduna izatea.
3.-
Isiliuneen beilari,
ezkutuko hitzen mago,
errelato baten bila
aritu gara luzaro;
baina min asko daudenez
norberarenaz harago
lerroek ez dezakete
marra gorririk igaro.
Nahiz eta egia batzuk
beti diren egiago,
erabateko egia
den egiarik ez dago.
4.-
Kaxko ezberdinetatik
eginagatik aldarri,
zergatik etsaitzen dira
Ermua eta Etxarri?
Mahaira aulki berriak
nahi badira erakarri,
aho bakoitzeko behar
genituzke bi belarri,
elkarrengana hurbildu
erreparatu elkarri...
Mugitu gabe ezin da
besteen lekuan jarri.
5.-
Bidea ardaztu arren
dezakegunik politen,
“keinua eskertzen diat”,
“beste urrats bat nahi niken”;
testigantzak testigantza
ta bizipenak bizipen,
oraindik ez gara gure
lubakietatik irten.
Bi malkok hirugarrenik
ez badute eragiten,
gu izateak ez gaitu
pluralagoak egiten.
6.-
Non da lehengo borroka
eta iniziatiba? “
Non lehengo militantzi
ta ekitaldi segida?
Aitortzak aitortza eta
kalejirak kalejira,
nor dabil iraunkor preso
eta biktimei begira?
Itsaslabar zauritu bat
gure herria hori da,
zipriztinduta daudenak
bakarrik bustitzen dira.
7.-
Abusu eta torturak
ETA ta GALen jarduna,
batzuen kare bizia,
besteen Parabelluma,
odol putzuak, hilkutxak,
senideak, alarguna…
eten puntuz betea da
gure argazki albuma;
zoru labainkorra izan
liteke etorkizuna,
ahazten baldin badugu
oroitu nahi ez duguna.
8.-
Indarkeriaren seme,
jazarpenaren alaba,
besteen sufrimendua
sufrimendu ez al da ba?,
Zubiak landu ezean,
findu ezik begirada,
behin bakarrik bizi arren
gehiagotan hilko gara...
Zauriak orbain daitezen
hamarkadaz hamarkada,
justizia poetiko
bakarra memoria da.
9.-
Memoria memorian
eta garunean garun,
egun jakin, urteurren,
bezpera nahiz biharamun,
bizikidetzan sakontzen
behar ginateke jardun;
besarkada bat umezurtz,
muxu bat haur motxiladun…
Izan gaitezen herritar,
benetako bizi-lagun,
posta kodeak bakarrik
partekatu ez ditzagun
(Argazkia: Zarauzko hitza)
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24