Aiztondoren zirtotsa 2021-07-16
"Neurriaren kezka alde batera uzten duenez, zirtoak errimaren arazoa erdigunean jartzen du, eta arreta horretan jartzeak errimatzen ikasteko balio du", azaldu du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lana aurkezteko ardura hartu duen Mikel Artolak, Amasa-Villabonan egindako aurkezpen saioan.
Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek - Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi - sinatutako Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño Beka. Proposamena gorpuzteko urtebeteko epea pasata, amaitutako lana ezagutzeko aukera izan da.
Bertsoa egiten ikasteko bidean, zirtoak errima eta bat-batekotasuna lantzeko eskaintzen dituen aukerak ikas-irakas prozesuan aintzat hartzekoak direla nabarmendu da. "Errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzea" ere badakarrela aipatu du Artolak, ahozkotasunari loturiko beste zenbait trebezia garatzeko aukerez gain; baita gaitasun pertsonalei eta sozialei dagozkienak, edota bertsolaritzaren historia bera gehiago ezagutzeko ere. Zirto historikoak eta taldeak berak sortutako zirtoak jasotzen dituzten bideoak egin dira, eta lehen probak egin dituzte jada ikasgelan, ikasleak ere zirtoak egitera animatuz. "Umoreari dagokionez, zaskarekin lotzeak adarra jotzearen eta min ematearen arteko muga lausotzeko arriskua du", aitortu du Artolak, hala lotu baitute ikasleek, "baina saioak aurrera egin ahala, ez da horrelako arazorik izan, eta umoreak ludikotasunari mesede egin dio", esan du.
Material didaktikoa osatzen duten bideo horiek www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus webguneetan jarriko dira eskura erabilera didaktikorako.
Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian
Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean abiatutako bidearen lehen emaitza izan da Harituzeko zenbait kidek egindakoa. Bigarrenerako bidea egingo duen proiektua zein izango den ere iragarri da ekitaldian bertan: Maialen Akizuk eta Eresti Oiarbidek lortu dute bigarren deialdiko saria, Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektua gauzatzeko.
Urriaren 1ean Ordizian egingo den aurkezpen eta bertso saioan ezagutuko ditugu proiektuaren nondik norakoak.
Jarraian dituzu Mintzolak zabaldutako bideoan jasotako Mikel Artolaren hitzak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24