Bertsolaritza irratietan 2021-10-01

HASTERA GOAZ!

HASTERA GOAZ!
Atal honetan, aurreko asteko irratsaio bakoitzaren hezurdura zein izan zen erakutsia izango zaizue eta horrez gain, irratsaio bakoitza entzuteko lotura zein den adieraziko zaizue. Goza dezagun irratsaioekin, bertsoarekin... Hastera goaz !

Ikasturte berriarekin, bertsolaritzari buruzko irratsaioak ere haien sartzea egiten ari dira.
Herrialdez herrialde, eskualdez eskualde eta irratiz irrati, bertsolaritza ardatz duten irratsaioak hasiak edo hastear dira bertso doinu desberdinak hedatzen haien uhinetan, bertsozale guztion belarrietara heltzeko asmoz.

BAPATEKO UNIBERTSOA irratsaioa Arraio irratian

Maite Aizpurua, Unai Agirre eta Markel Eizagirrek eramaten duten saioa, astelehenero 20:00etan zuzenean hedatua da, Zarautz eta Urola Kostan, 99.3 FM frekuentzian.

5. denboraldia izango dute aurtengoa. Bertako (Zarautz eta Urola Kostako) bertsolari eta bertsozaleei ahotsa eman nahian sortu zuten proiektua da, mediatikoki ahotsik ez dutenei ahotsa ematen saiatzen dira. Umoretik egiten den irratsaioa da, komunitateari ekarpen xumea eginez.
Arraio.eus eta Twitter kontuetan informazio eguneratua eskaintzen dute.

Bapateko Unibertsoa saioa entzuteko loturak :
Zuzenean
Grabaketak
2021-2022 denboraldiko lehen irratsaioa

 

BERTSOINKA irratsaioa Xorroxin irratian

Julen Zelaietak gidatzen du saioa, ostegunero 14:00etik 15:00era eta errepikapena berriz larunbatero, 13:30etik 14:30era, Baztan bortzirietan, 107.1 FM frekuentzian eta Lesakan bertan 88.0 FM frekuentzian (...).

Bertso saio bat edo bi ardatz hartu eta bertsorik onenak eskaintzen ditu saioak. "Antologikoak" atala egiten da ere batzutan eta bertan bertsoaldi zaharrak uhineratzen dira. Gertaeren arabera, atal bereziak egiten dira ere.
Saioa uhin bidez eta Internet bidez zuzenean segitzeko aukera dago. Gero behin uhineratuta, sarean zintzilikatzen da, nahi duen orok entzun edo/eta jaisteko aukerarekin.

Bertsoinka saioa entzuteko lotura

BERTXOKO irratsaioa Hala bedi irratian

Asteazkenero 21:00etatik 22:00etara eta errepikapena berriz igandero, 16:00etatik 17:00etara, Gasteiz eta inguruetan 107.4 FM eta 88.8 FM frekuentzietan (...).

Bertsolaritza eta umorea ardatz dituen irratsaio beteranoa dugu hau.

Bertxoko saioa entzuteko lotura

(H)ARI NAIZELA irratsaioa Ataria irratian

Imanol Artola Arretxe "Felix"-ek gidatzen duen saioa, asteazkenero 20:00etan eta igandero 14:00etan entzungai dago, Tolosaldean eta alboko beste herriren batzuetan, 107.6 FM frekuentzian.

(H)arituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea, Ataria Irratia eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Hedapen taldearen arteko elkarlanari esker egiten da saioa. Tolosaldeko bertso saioetako bertsoaldiak izaten dira batez ere irratsaioaren hari gorria. Bi irratsaioz behin gonbidatu bat ekartzen ahalegintzen dira, eta kasu horietan elkarrizketaren tarteetan sartzen dira bertsoaldiak. Irratsaioaren amaieran Tolosaldeko bertso agendari errepasoa egiten diete, eta amaitzeko berriz, bertsoa oinarri duen kantu batekin amaitzen dute.

(H)ari naizela saioa entzuteko loturak :
Irratsaio guztiak
Zuzenean entzuteko "streaming"-a
"Facebook"-eko orria

 

HITZA JOLAS irratsaioa Euskadi irratian

Eneritz Gorrotxategik gidatutako saioa, larunbatero 14:00etan eta igandero 23:00etan entzungai da. Bertsolaritzaren gaineko irratsaioa da Hitza Jolas, bertso ikusgarriak entzuteko plaza. Bertsozaleen bertso bazkaria. Lehengo eta gaurko bertsoaldirik onenak, plazetakoak eta mahai ingurukoak, txapelketen jarraipen zorrotza, elkarrizketak eta informazio berritua eskaintzen ditu.

Hitza jolas saioa entzuteko lotura


ORRI ZURIXE irratsaioa Laixiar irratian.

Eneko Abasoko "Abarkas"-ek gidatutako eta Iurretan eginiko bertsolaritzari buruzko irratsaioa dugu hau. Momentuz, sarean baizik ez da entzungai.

Orri zurixe saioa entzuteko lotura


POTTO irratsaioa Bilbo hiria irratian


Erlantz Ibargurengoitia mikroaren aurrean eta Ibon Burgoa teknika-lanetan, asteazkenero 20.00-21:00 eta ostegunero 14:00-15:00 entzungai dago irratsaioa, Bilboaldean eta Uribe kostan, 96.00 FM frekuentzian.

Bertsoak, prosa eta musika ardatz dituen saioa dugu honakoa eta egileen esanetan nahiko libre ibiltzen dira, bertsoa bezala hots. Askotan, egunean bertan aukeratzen duten arren Pottoren menua, sarera egunean bertan igotzen saiatzen dira, saioan aurkituko den azalpen txikiak lagunduta.

Potto saioa entzuteko lotura


Irratsaio desberdinak entzun eta haiekin gozatzea besterik ez zaigu falta !
Ahots, doinu, herrialde eta euskalki desberdinak entzungai diren saioak eskuragarri ditugu klik bakarrean.


Bertsoak doaz orai
bertatik bertara
gure mundu osoan
lau uhinetara !

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri