Zutabea 2021-10-19
Aupa Ortzi, Paristik gure etxera gutun bat iristen den bakoitzean dardarka hasten naiz, ez diot usain onik hartzen, poz hartu dut zurea dela ikustean. Edukia eta forma uztartzeko bidean norantz ote noan? Ai-ui-oi, sagarroi, ileak xut-xut...
Bertsotan askotan egin ohi dugun bezala, nahita edo halabeharrez, ezer gutxi esanez poliki erantzun nezaizuke: noraezean ibiltzea dut gustukoen. Agian nora joan ez dakidalako izango da, edo agian nora iritsi jakin nahi ez dudalako.
Destinu zehatz baten bila abailan dabilenak bide ertz ederrak uzten ditu deskubritu gabe, eta noraezean doanak uste gabeko deskubrimendu asko egiten du, buruan zuen hasierako destinu hura baino askoz emankorragoak. Horra bertsotan askotan gertatzen dena, ezer gutxirekin edo ezerezarekin abiatu, eta betelanean-edo bidean zehar esanek uste gabe zentzua har dezakete, izan dezakete beren logika eta grazia, askotan ongi pentsatutako bukaera batek baino gehiago.
Noraezaren filosofia gustatu zait egia esan, ez nuen aurrez pentsatua baina.
Aurrez pentsatutako bideetatik erantzungo banizu, bai, iruditzen zait formari atentzio handia emanez ibili garela, eta segitzen dugula. Egia esan, errezagoa ere bada, bai lantzeko eta bai epaitzeko. Baina hotza ere bada hein batean, nahiz izugarrizko lilurak eragin izan dizkidan, eta ez dudan gutxietsi nahi. Gurea errima, metrika, eta ahotsa da, eta estetika hori bertsoaren parte handi bat da, baina etikaren zerbitzuko. Bertsoak zer esana behar du, izan, eta ahal bada, eragin. Baina noski, askoz sinpleagoa da teknika lantzea, errimak, hizkuntza... Bada orain, entzule gisan, errima nasaia darabilten bertsokerak ere apreziatzen hasi naiz, nasaitasun hori zerbait esan beharrak justifikatzen duenean.
Egia esan hemen ari naiz bla-blabla, baina ez dakit ororen buru edukia eta forma bereiztezinak diren ondoriora ez ote garen iritsiko, dena ez ote den bat funtsean, edo hori ere gehiegi esatea da? Epaileren bati galdetu beharko nioke agian... Amerika aldean habil ala, Eneko? Zer berri han gaindi?
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Asier Azpirozí jarritako gaia 2024-09-03