Zutabea 2021-11-09

"Helmuga da azken puntua, bidea bertsoa"

"Helmuga da azken puntua, bidea bertsoa"

Eneko Bidegain Aire

Noraeza, norabidea, nora eta bidea aipatu dituzu, Amets. Eta nik ere maiz pentsatu dut helmuga garbi dugunean zuzenean eta tarrapatan goazela hara, bideaz gozatu gabe. Hemen, Nevadako, Idahoko eta Kaliforniako bideetan, norabideak hartzen duen zentzuak ez du zerikusirik Euskal Herrian edo Europan duenarekin. Hemen, leku batetik bestera joan behar bada, norabidea eta nora gauza bera dira. Beraz, bideak garrantzi handiagoa hartzen du. Ezin da bide erdian norabidez aldatu, abiapuntura itzultzeko ez bada. Helmugara heltzeko, gutxienez lau orduz gidatu behar da, bide gehienean herri bakar bat edo bidegurutze bat ere gurutzatu gabe. Eta horrelakoetan bidea bera esperientzia bat da. Gozamen iturri da: larre zabalak, mendi miresgarriak, aintzira ederrak, erreka galduak, lasaitasuna… Hegazkinetik edo lasterbideetatik ezagutuko ez genituzkeenak.

Bidean gerta liteke harri bat, bertsoan potoa bezala. Baina harriak ez beza bidearen ederra ahantzaraz, ez potoak bertsoarena. Helmuga da azken puntua, bidea bertsoa.

Funtsa eta forma bereizezinak ote diren diozu, Amets. Bertsoa komunikazio ekintza bat da, eta teknika ere kontuan hartzen bada ere, komunikazioaren aldeari ematen diogu garrantzia, epaitzerakoan. Funtsik gabeko forma ederrak ba ote du interesik, funtsean? Nahiz eta estetika goraipatzen den garaian bizi garen, edertasun soilak edertasunaz aparteko beste helbururik ez badu, edertasuna bera galtzen du, ororen buru. Su artifizialak bezala itzaltzen da. Baina, gisa berean, forma ederrik gabeko eduki mamitsua ez ote da hotza?

Gure bideak gurutzatu zirenetik bide emankorra egin duzula eta egiten ari zarela ikusten dut Ane Zuazubiskar, bai bertsotan, bai komunikabideetan. Zer diozu edertasuna eta edukia batzeaz, zure artelanean bezala zure lanbidean?

Albiste gehiago

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak