Xilaba txapelketa 2021 2021-11-13

Amets Arzallus txapeldun

Amets Arzallus txapeldun
Amets Arzallusek irabazi du 2021eko Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketa Miren Artetxerekin buruz-burukoa jokatuta. Andoni Iturriozek jantzi dio txapela. 1200 bertsozalek bete dute Donibane Lohizuneko Jai Alai aretoa eta giro ederrean iragan da finaleko festa handia. Aurki, finaleko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira sareko plazan.

Amets Arzallus Antiak jantzi du 2021eko Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketako txapela, Miren Artetxe Sarasolarekin buruz burukoa jokatuta.

Ondoren sailkatu dira, hurrenez hurren: Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Patxi Iriart Hiribarren eta Maddi Ane Txoperena Iribarren. 1.200 bertsozaleen aurrean kantuan aritu dira finaleko sei protagonistak.

Giro beroa sumatu da Donibane Lohizuneko finala osoan. Aritz Bidegain gai emaile lanetan aritu da eta agurren ondotik, zortziko nagusiko eta zortziko txikiko ofizioetako laneri eutsi diote bertsolariek. Hiru puntuei erantzun izan dute ondotik bakarka eta 10eko txikiko ofizioko lana izan dute segituan. Azkenik, bakarka hiruna bertso kantatu dituzte bakoitzak nahi doinu eta neurrian; kartzelako gaia hau izan da: "Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu".

Finaleko lehen fasean Amets Arzallus eta Miren Artetxe nagusitu dira eta beraz horien artean jokatu da buruz-burukoa. 6ko motzean eta 8ko txikian aritu dira bi bertsolariak eta berriro kartzelako lanari ekin diote, "Beste batzuen haurra zure sabelean eraman duzu. Oraintxe haien eskuetan utziko duzu" gaiari hiruna bertso kantatuz. Saio bizia izan da buruz-burukakoa, umorez betea seiko motzean eta zortziko txikian egin dituzten lanetan eta kartzelakoan bertso sakonak bota dituzte bi bertsolariek.

Azkenean, Amets Arzallus nagusitu da eta Andoni Iturriozek jantzi dio txapela eta garailearen makila ere eskura eman dio. Momentu azkarra izan da txapelaren emate hori, izan ere Andoni Iturriozek sekulako lana egin eta egiten du bertsolaritzaren eta orohar euskal kulturaren alde, elkarte ezberdinei isileko laguntza emanez, txapela jantzi aurretik oholtzan azpimarratua izan den bezala.

Honakoa izan da finaleko sailkapena :

1- Amets Arzallus Antia 1012 puntu
2- Miren Artetxe Sarazola 975 puntu
3- Odei Barroso Gomila 605 puntu
4- Maddalen Arzallus Antia 586,5 puntu
5- Patxi Iriart Hiribarren 562,5 puntu
6- Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5 puntu

Bertsoaldi onenak sareko plazan

Astelehenean, Donibane Lohizunen kantatu diren bertsoaldi onenak ikusgai izango dira Bertsoa.eus sareko plazan.

Txapeldunaren hitzak sareko plazan

Amets Arzallus txapeldunari Amaia Goikoetxea kazetariak egindako elkarrizketa sakona batuko duen bideoa argitaratuko dugu asteartean. Bertan txapeldunak orain arte txapelketan bizitakoak, txapela irabaztean sentitutakoak eta askoz gehiago entzuteko aukera izango da

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin