NBT21 - FINALA 2021-11-30

Bazterretik erdigunera

Bazterretik erdigunera

Jon Abril Olaetxea

Zer den bazterrekoa, zer hegemonikoa. Nor dagoen ertzetan, nor erdigunean. Eskema horiek guztiak zalantzan paratu nahi izan zizkigun Saioa Alkaizak igandeko finalean. Txapela buruan, bazterrekoei eskaini zien. Ongi ezagutzen ditu bazter horietako anitz, eta asmatu zuen bazterra ikusgai egiten, erdigunean paratzen. Eskema zalantzan paratu baino, puskatu egin zuen, maisuki.

Ausart eta trebe aritu zen Alkaiza. Lotsagabe. Bereak izan ziren saioko dirdira nagusiak: “(e)ta euskaldunak egin daitezen/Cascantetik Lesakara” errepikatua; Chill Mafia, C-Tangana, Joseba Tapia, eta Errotxapea eta Txantrea josi zituen bertso-sorta bikaina zortziko ttikian; 30 urteko neskaren beldurretatik kantatu zezakenean, 60 urteko emakumearen soinetik kantatzea hautatu zuen gasolindegiko langilearen bertsoetan; edo haurdun gelditutako nerabearen gorputzetik kantatutakoak. Jakin zuen gai-jartzaileen lan onari zukua ateratzen.

Bertso onekin ondu zuen txapela. Eta gainerakoengandik begiratu desberdina eskaini zuen, zabalagoa, aberatsagoa, koloretsuagoa. Bertso onak kantatuagatik ere, zazpi gizonak kamuts aritu ziren begiradetan, hegemoniatik aldendu ezinik, bazterrera begiratu gabe. Gizarteak gizonei ustez esleitutako rol eta kantaeretan kateatuta, gehienetan. Deigarriena, seguru asko, Xabat Illarregik eta Xabier Silveirak indarkeria matxistari erreferentziarik egin ez izana propio horretarako paratutako gaian. Emakumearen eta gizonen arteko aldea nabarmena izan zen, nabarmenegia. Ahalduntze-eskolak badu lana. Desikasten badugu lana gizonok.

Erreferentzietan eta aniztasunean hain aberats ez ibiliagatik ere, sendo eta serio aritu ziren, batez ere, Soto eta Lazkoz. Ohi baino grisago Soto, erabat gozatu gabe, erabat lehertu gabe (bakarkako hagitz ona egin zuen Ezkabako kartzela zaharra eta Iruñeko kartzela berria lotuz). Bertze behin Poulidorren mailota jantzita joan zen Lazkoz, bigarren, txapelari berari kantari bukatzeraino, “eskerrak bertsoa hori/baino askoz gehiago den”. Lehertu gabe, baina ale onak utzi zituen. Sendo hasi zen zortziko nagusian, bidea zabaltzen. Zortziko ttikiko irristaldiak txapelik gabe utzi zuen, eta dena eman zuen buruz burukoan, kartzelakoan, bereziki. Ongi egindako lana errematatzea falta izan zitzaion.

Eskuzabal jokatu zuen saio osoan Joanes Illarregik, elkarrizketa jorian, ofizioa baduela, eta ongien ofizioetan moldatzen dela erakutsiz. Saiotik kanpo maiz, erreferentzietan eskas, Silveira. Bakarkakoan luzitu zen, batik bat. Ausart eta probokatzaile, gozatzen, Sanjurjo. Xabatekin zortziko ttikian, eta Silveirarekin hamarreko ttikian, argudiorik gabe uzteraino, hagitz txukun; lan borobila egin zuen bakarkakoan. Beheititik goiti Xabat, bertzeei baino gehiago kosta zitzaion tonua hartzea. Hamarreko ttikian, Lazkozekin batera eman zuen bere bertsiorik onena. Eta txukun, bere saioa egiten Fernandez. Alkaizarekin zortzi ttikikoan aritu zen erosoen.

Eta bukaerako argazkian, denen erdi-erdian, bazterrera begirik kendu gabe, Alkaiza.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra