Julene Iturbe, Abra Sariketako txapelduna 2022-02-15
Julene Iturbe Epelde Azkoitiko bertsolari gazteak (2001) irabazi du XXI. Abra Sariketa Algortan. Irabazteak ematen duen pozaz gain, gustura gelditu zen Iturbe egindako lanarekin ere: "Sailkapena aparte, perspektiban begiratuta, uste dut bertsotan niretik aritu nitzela eta lan ona egin nuen sentsazioa daukat", adierazi dio Bertsoa.eus sareko plazari.
Azkoitiko bertsolariaren ustez, bertso giro onean joan Abra Sariketa (berez otordu bueltan egiten dena baina aurten, pandemia egoerak hala behartuta, jaialdi formatuan egin dena): "Nik esango nuke orokorrean saio ona joan zela eta parte hartu genuen sei bertsolariok lortu genuela geurea ematea finalaren momenturen batean".
Lehenengo txapela eta konfiantza
2001ean jaiotako bertsolari azkoitiarrak badu esperientzia sariketetan, baina, Abra Sariketakoa lehendabiziko txapela du. Lorpen honek bere bidean zer ekarriko ote dion galdetuta, Iturbek adierazi du bere buruarengan konfiantza puntu bat eman diezaiokela egindako lanak: "Uste dut konfiantza gehiago izaten lagunduko didala", izan ere urteotan bertsoa erabat uzteko pentsamenduak ere izan baititu Julenek. Hain zuzen, egoera horietan animatu eta lagundu zutenak izan zituen gogoan txapela irabazi zuenean: "Azken urteetan burutik pasa zait dena uztea ere, eta momentu horietan inguruan izan nuen jendea animatu, babestu eta lagundu ninduena. Txapela janztean, batez ere pertsona horiek izan nituen gogoan"
Erniarraitz, Santutxu eta Deustuan
Unibertsitate garaian dauden bertsolari gazte askok bezala herriko bertso-eskola eta ikasketa gunekoa uztartzen ditu Julene Iturbek ere. Azkoitian hasi zen bertsolaritza lantzen Eneritz Artetxe irakasle zuela eta ondoren eskualdeko Erniarraitz bertso-eskolara eman zuen pausoa. Gaur egunean, Bilbon ikasten duenez, Santutxuko bertso-eskolan biltzen daramatza hiru urte eta ikasturte honetan Deustuko bertso-eskolarekin ere badu harremana.
Bertsoak bere bizitzan zein zentraltasun duen galdetuta, "Garbi daukat orain eskaintzen diodana baino gehiago eskaini nahiko niokeela" dio Abrako txapeldunak. Sariketaz kanpo, plazan eduki ahal izan duen esperientzian laburrean gustura sentitu izan da bertsotan eta bide horretan jarraitu nahiko luke.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-23
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06