Korrika eta bertsoa 2022-04-11
"Hitzekin, hitzekin, hitzekin..." hasten da Sustrai Colinak Korrikarako idatzitako kantua eta aurtengo Korrikak hitzekin gozatu asko eman du, bereziki, bertsotan. Denera 54 ekitaldi egin dira Korrikaren inguruan, bi hilabete pasatxoan. Bada zerbait. Formatu eta plaza mota aldetik ere aniztasun handia egonda, joera batzuk ohikoak izan arren. Bertso bazkari, afaria eta poteoak izan dira gehienak, 28; plaza libreko saioak 12, ohiko jaialdiak 5, jaialdi musikatuak 3 eta emanaldi bereziak 4, bertso kata, adibidez. Plaza mota guztiei eman die astindua beraz Korrikak eta atzo Korrikako azken jaian ere bertso jaialdia izan zen arratsaldeko hitzordu nagusietako bat Donostian.
Plaza kopurua ez ezik, saioen lurraldekako banaketa ere kontuan hartzekoa da: zazpitik bostetan egin dira saioak. 18 Gipuzkoan, 11 Araban eta Nafarroan, 10 Bizkaian eta 4 Lapurdin. Parekidetasun ikuspuntutik, Korrikaren kontestuan, saioetako parte hartzea erdi eta erdi izan da, emakumezko eta gizonezko bertsolarien artean. Hau ere datu bat da, gehienak lagunarteko saioak izanik. Ohiko plazan, saio mota honetan, proportzioa gizonezko bertsolarien aldekoa izan ohi da nabarmen.
Harreman estua aspalditik
Aspaldiko ediziotan Korrikak eta bertsoak oso harreman estu eta emankorra izan dute, berekiki Korrika kulturalari esker eta baita han-hemengo ekimenei esker ere. Bertsoaren inguruko hainbat lan eta emanaldi berezik kontuan hartu izan dute Korrika Kulturalaren hauspoa abian jartzeko. Bertso Korrika izeneko ekimena ere antolatu izan da zenbait urtez, AEK eta Bertsozale Elkartearen arteko lankidetzari esker, bertso eskolei saioak antolatzeko erraztasunak emanez eta euskaltegietan lanketa berezia eginez.
Korrikaren ibilbidean ere ez da bertsorik falta izan. Ikusi eta entzun ditugu bertsolariak furgonetatik bertsotan, eta baita korrika edo lekukoa eramaten ere bertso munduko eragileak, Bertsozale Elkartea besteak beste, Euskal Herri zein herrialde mailan.
Orain atseden hartu eta bi urte barru berriz.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24