Bertsoak Gipuzkoako Zaharren egoitzetan 2022-05-12

Bertsoak adinekoen bizigarri, Gipuzkoako 18 zahar etxetan

Bertsoak adinekoen bizigarri, Gipuzkoako 18 zahar etxetan
Bertsoak zaharren egoitzetara eramateko Adin-Adin programaren 7. edizioa jarriko da martxan ostiralean. Bertsoa buru osasuna eta alderdi emozionala indartzeko baliatzea da helburua. Gipuzkoako 18 egoitzetan egingo dira saioak, Foru Aldundiaren eta Lankuren aarteko lankidetzan.

Ostiral honetan Azpeitiko San Martin egoitzan hasita, maiatzaren 30 arte Gipuzkoako 18 zaharren egoitzetan bertso saioak egingo dira, Adin-Adin programaren baitan. 2014an jarri zen abian, Lanku eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzaz eta hasieratik oso harrera ona izan du. Egoitzetara, herriko edo eskualdeko bi bertsolari joaten dira, bata adin batetik gorakoa, bestea gaztea. Emakumezkoa eta gizonezkoa. Lehenbiziko saioan, Azpeitian, Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe” eta Julene Iturbe ariko dira bertsotan. 20 bertsolarik kantatuko dute ekimenean zehar.

Aldez aurreko lanketa adinekoekin
Arrakastaren sekretuetako bat saioaren prestakuntzan adinekoekin egiten den lanketan dago. Adinekoekin beren bertso zaletasunak, ohiturak, bertso edo kantu zaharrak, gertaerak eta abar lantzen dituzte. Eta lanketa hori eginda, saioan bertan parte hartzeko aukera ere izaten dute, bertso zaharrak kantatuz, istorioak kontatuz... momentua intentsitate handiarekin bizi dute askok eta bizigarri handia izaten da buruarentzat zein emozinalki. Orokorrean, parte hartzeko joera handia dute gainera egoiliarrek.

Foru Aldunditik ere halaxe azpimarratu dute. Bertso saio hauek duten "garrantzia" eta "onura" azpimarratu ditu Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, "emozioetara iristen den tresna baita bertsoa. Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko. Urtez urte proiektua haziz doa, eta azken urteetako balorazio positiboak oinarri harturik, horrelako ekimenak zabaltzen jarraituko dugu”.

Proiektu honen bidez bertsolaritza adinekoen egoitzetara iristen da, "ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, terapeutikoki zein ludikoki. Gakoa adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak, “beste behin ere” Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoa berretsiz. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak.


Beste harrialdeetara zabaltzeko ahaleginak
Bertsoa zaharren egoitzetara eramateko ekimena oraingoz Gipuzkoan sendotu da. Nafarroan eta Araban ere egin izan dira ekitaldi puntualak baina ez modu jarraituan. Bizkaiko Foru Aldundian ere ahaleginak egin dira ekimena herrialde horretan ere zabaltzeko baina ez da posible izan, ardura duten erakundeek ez baitute aurrerabiderik eman. Iparraldean ere ez da saiorik egin.

ADIN ADIN EGITASMOA. SAIOAK
1.- Azpeitia. Maiatzak 13. San Martin egoitza. 16:30. Juan Joxe Eizmendi “Loidisaletxe” eta Julene Iturbe
2.- Tolosa. Maiatzak 18. Uzturre egoitza. 17:00. Oihana Iguaran eta Sebastian Lizaso.
3.- Segura. Maiatzak 18. San Juan egoitza. 17:00. Maialen Akizu eta Andoni Egaña.
4.- Zumaia. Maiatzak 18. Otezuri egoitza. 17:00. Uxue Alkorta eta Anjel Mari Peñagarikano
5.-. Azkoitia. Maiatzak 19. San Jose egoitza. 17:00. Naia Arrizabalalaga eta Sebastian Lizaso
6.- Bergara. Maiatzak 19. Mizpirualde egoitza. 17:00. Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña
7.- Legazpi. Maiatzak 19. Santikutz egoitza. 17:00. Ane Beloki eta Anjel Mari Peñagarikano
8.- Aretxabaleta. Maiatzak 20. GSR Debagoiena. 11:00. Sebastian Lizaso eta Haizea Arana
9.-. Usurbil. Maiatzak 23. Puntapax eguneko zentroa. 11:00. Ane Labaka eta Sebastian Lizaso
10.- Zumaia. Maiatzak 24. Kabia/San Juan egoitza. 11:00. Uxue Alkorta eta Jon Maia
11.- Donostia. Maiatzak 25. Elizaran egoitza. 15:30. Anjel Mari Peñagarikano eta Ane Labaka
12.- Errenteria. Maiatzak 25. Jesusen Bihotza egoitza. 17:00. Alaia Martin eta Andoni Egaña
13.- Donostia. Maiatzak 26. Zorroaga egoitza. 17:00. Amaia Iturriotz eta Andoni Egaña
14.- Lazkao. Maiatzak 27. Txindoki egoitza. 11:00. Ane Beloki eta Sebastian Lizaso.
15.- Oiartzun. Maiatzak 27. Petra Lekuona egoitza. 11:00. Alaia Martin eta Jon Martin
16.- Arrasate. Maiatzak 27. Iturbide egoitza. 11:00 Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano
17.- Tolosa. Maiatzak 30.Yurreamendi egoitza. 11:00. Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano
18.- Beasain. Maiatzak 30. Arangoiti egoitza. 17:00. Oihana Iguaran eta Andoni Egaña

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri