92 urterako bidean 2022-05-19

Patxi Etxeberriaren bertsoak Oriori, esker onez

Patxi Etxeberria bertsolariak (Orio, 1930) esker oneko bertso sorta eder bat utzi berri du. Eta ez nola nahi, gitarraz lagunduta, Orioko balearen doinuan. Maiatzaren 7an omenaldi bat egin zen Orion eta Etxeberria bera ere hantxe zen gonbidatuen artean. Han ez zuen kantatu, baina etxera itzulean bai errota laister lanean jarri ere. Urrian laurogei ta hamabi urte beteko ditu Patxi Etxeberriak.

2001ean Estropadak bertsotan ekimena egin zuten herrian, Orioko traineruak irabazi eta galdutako banderen bertso kontakizuna, bertso zaharretan oinarrituta. Herriko bertsolariek zein koruko kideek kantatu zituzten. Manuel Lasarte, Jon Sarasua (familia Orikoa du), Xabier Sukia, Ibai Esoain eta beste hainbat aritu ziren kantuan. Omenaldi horretan parte hartu zuten zenbait kide zendu egin dira urteotan eta haiei eskainitako omenaldia izan zen maiatzaren 7an. Patxi Etxeberria ere gonbidatu zuten eta hantxe izan zen. Ekitaldian ez zuen kantatu Lasarte-Orian bizi den bertsolari oriotarrak, baina, etxera itzuli eta bertso eder hauek jarri zituen. Gitarrarekin batera kantatu eta zabaltzeko lanak hartu ere bai. (Bideo grabazioan azken puntua falta da baina ez da zaila antzematea zein den).


Bi mila ta hoteita
bigarren urtean
maiatzaren zazpia
zan larunbatean
ni ere hantxe nitzan
askoren artean
Orioko herriko
Arraun Elkartean

Oriotikan egin
zidaten gonbita
Patxi zu etortzea
nahi deguna baita
ezetza esaterik
ez genduan nahi-ta
oso pozik joan ginan
semea ta aita

Lasai egin genduan
herrian sarrera
jakinik guazela
leku ederrera
ezeren faltik etzan
handikan aurrera
gutxik egin didate
halako harrera

Aspaldin Oriotik
bizi naiz aparte
nahiz ta oso urruti
ez dagon Lasarte
gora oriotarrak
portatu zerate
ez naiz ahaztuko buruz
ondo naizen arte

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri