Zutabea 2022-05-27

"Bertsolarien sorkuntza lana errazteko, norbere sormenetik lantzea eta garatzea ezinbestekoa da"

"Bertsolarien sorkuntza lana errazteko, norbere sormenetik lantzea eta garatzea ezinbestekoa da"

Beñat Vidal Gurrutxaga

Galdera bera irakurtzeak ia kezkatu nau, Idoia! Nola ez gara ba elkartuko? Bestela ere sarri elkartzen gara, honetarako ere elkartuko gara, noski!

Zure antzera, ni ere bertsotan ibiltzen nintzen, gai-jartzaile baino lehen. Pauso bat atzera eman zenuela aipatzen zenuen, Idoia. Txapelketan izena ez emateko erabakiaz ari zinen. Baina gai-jartzaile taldean eman zenuen izena, hiru txapelketatan lan ikaragarria egin duzu, eta txapelketatik harago ere plazan ari zara, gogotsu eta arduraz. Ederra "atzerapausoa"...

Esan bezala, txikitatik ibili izan naiz bertsotan. Neure mailan, baina plazaz plaza ibili izan nintzen, sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago. Eta, noski, txapelketan ere bai. Niretzako pauso natural bat izan zen txapelketan parte hartzea; bertso-eskolan hasitako ibilbidean beste mugarri bat. Gaurko ikuspegitik, inertziazko pauso bat, agian.

Garai hartan, nire jardunagatiko ardurarik handiena (bakarra ez esatearren) txapelketari begirakoa zen. Txapelketan ahalik eta ondoen kantatzeko prestatzen nuen nire burua. Edo saiatzen nintzen behintzat. Bertso-eskolan ere, txapelketa hurbildu ahala elkartzen ginen sarriago. Gainontzeko plazetan ondo egin edo ez, horren ondorio moduan bizi nuen.

Bertsotan nenbilela, gai-jartzaile ere hasi nintzen, inguruko plazetan, batez ere. Hau ere inertziazko joera horren baitan kokatzen nuen. Batzuetan tokatzen zen, eta egin egiten nuen. Konturatu nintzen arte erosoago ibiltzen nintzela kantuan baino. Eta, noski, gai-jartzaile aritzeko hautua eginda, txapelketako gai-jartzaile taldean hasi nintzen.

Nik ere mundu bat deskubritu dut hemen, eta asko ikasi. Hala ere, lehengo sentsazio berarekin nago oraintxe: txapelketara begirako prestakuntza itzela da. Gai bakoitza, saio bakoitza eta, finean, txapelketa osoa prestatzeko prozesua benetan aberasgarria da. Plazako saioetarako, ostera, bakarlanean aritzen gara. Honi ere oso positibo deritzot; bertsolarien sorkuntza lana errazteko, norbere sormenetik lantzea eta garatzea ezinbestekoa da. Baina, nik neuk, eskertuko nuke plazan gaiak jartzeko lanari buruz ere hitz egitea. Ideiak elkarbanatu, eztabaidatu, adostu…

Txapelketatik harago ere badago eta bizia… Ezta, Etxahun?

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu