Zutabea 2022-05-04

...baina zer ederra den ostadarra ere!

...baina zer ederra den ostadarra ere!

Idoia Anzorandia Kareaga

A zer galderak, Ainhoa! Nik nire esperientzia laburretik saia naiteke erantzuten, baina gustatuko litzaidake beste gai-jartzaile askoren erantzuna entzutea ere.

Gai-jartzaile lanetan hasi aurretik bertsotan ibiltzen nintzen. Gustura aritzen nintzen kantuan, baina nire ingurukoekin bakarrik. Ausardia falta edo ahalduntze falta, akaso… Heldu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta ingurukoek izena ematen zuten bitartean, nik pauso bat eman nuen atzera. Ez nintzen abestera ausartzen, baina saltsa horren inguruan egon nahi nuen! Gai-jartzaile taldean parte hartzeko gonbidapena egin zidaten, eta beldurrez beteta, baina baiezkoa eman nuen. Mundu eder bat zabaldu zitzaidan orduan! Jende zoragarria ezagutzeaz gain, ertz asko dituen lana ezagutu nuen. Gaia atera, zergatik, norentzat, non… Pentsatu, formulatu, berriz formulatu… Probatu… Berriz formulatu… Oreka, oreka zaintzeko taulak… Nork esango zidan niri ikusle edo bertsotan ibiltzen nintzenean horrenbesteko lana eta eztabaida zegoenik gai bakoitzaren atzean? Uste dut probatzen ez den artean, ez dela ezagutzen gai-jartzaileok egiten dugun lana, eta beraz, zaila dela gure lanaren aitortza egitea (hala ere, zenbat entzulek eta bertsolarik egin digun, e? Eta zelako indarra ematen duen!). Baina zer eskatuko diegu guk ere ez badugu gure artean honi buruz hitz egin? Ez badugu konpartitu bakoitzak zelan bizi duen?

Erronka asko ditugu mahai gainean gai-jartzaileok ere, eta bada garaia elkartu eta ekiteko, ezta? Bakoitzaren bizipenak eta iritziak trukatu eta elkarrekin ikasi. Elkar elikatu eta elkar zaindu, entzun eta ulertu. Espazioak hartzen eta espazioak uzten, denok izan dezagun bertso-munduari gure ekarpena egiteko aukera. Begirada anitzeko taldea gara; kolore askotakoa, baina zer ederra den ostadarra ere!

Zuetako bakoitzarekin konpartitutako momentu bakoitza ikaspen prozesua izan da niretzat. Bide batez, eskerrik asko zuei guztiei! Gustura helduko nioke, beraz, Ainhoak botatako galdera sortari eta baita beste mila gairi ere! Baina zuekin, elkarrekin.

Beñat, zer diozu? Elkartuko gara? Jarriko dugu bilera-bazkaria egiteko eguna?

Albiste gehiago

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak