Etxahun Lekue - Bizkaiko Taldekakoaren antolakuntza kidea 2022-06-02

«Taldekakoak oso poso positiboa utzi du eta aurrera begirako oinarri on bat jarri du»

Oso plaza eta espektro desderdinetako bertsolariak eta zaleak elkartu izana eta bertso-eskolen arteko harremana estutu izana azpimarratu ditu Lekuek, besteak beste.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du Taldekako Txapelketa eta Etxahun Lekue izan da antolakuntzan ibili denetako bat. Larrabetzuarrak oso balorazio positiboa egin du Taldekakoaz eta aurrera begirako oinarri on bat utziko duela iragarri du. Bertsoa.eus-i eskainitako elkarrizketan, Taldekakoak lortu dituen zenbait helburu azpimarratu ditu Lekuek: Lortu du oso espektro desberdinetako bertsolari eta zaleak elkartzea, lortu du utzita egon diren bertsolariak berriro martxan jartzea, bertso eskolako kideen artean harremana estutzea...

Eta bereziki nabarmentzekoa iruditu zaio bertsolarien parte hartze zabala: eskolartekoan kantatu berri zuen bertsolaritik hasi eta Bizkaiko txapeldunera bitarteko bertsolari espektro zabala elkartu du oholtzan. Bi urte barru berriz ere berdin edo hobeto antolatzeko konbentzimendua agertu du Bertsozale Elkarteko kideak. Entzun Bertsoa.eus-en egindako elkarrizketa.


Josune Aramendi - 'Akerbeltzen Antxumak' taldeko bertsolaria: «Taldekakoan bertsotarako libreagoa sentitzen zara»

Josune Aramendi da Bizkaiko Taldekakoa irabazi duen Akerbeltzen antxumak taldeko bertsolarietako bat, Nahia Ibarzabal, Sara Asenjo, Aissa Intxausti eta Nerea Ibarzabalekin batean. Saio guzietan kantatu du eta berak bota zuen taldearen izenean bukaerako agurra.

Bere hitzetan, finaleko egunean lasai joan ziren, ia «arratsalde pasara», finalaurrekoan kantatu eta finalean entzule gisa gozatzera. Baina ez zen halakorik gertatu. Akarbeltzen antxumak Bizkaiko Taldekakoari neurria hartu diotela dirudi, hiru edizio jokatu eta bi irabazi dituzte. Aramendik azpimarratu du Taldekakoa bertsotarako eremu, nolabait, «baimenduagoa» dela eta horrek aukera asko zabaltzen dituela, bai bertsotarako baina baita parte hartzeko orduan ere. Taldekakoaren aniztasuna nabarmendu nahi izan du eta baita bertso-eskolako dinamikan ere egin duen ekarpena.

Entzun Bertsoa.eus-ek egin dion elkarrizketa.

Jone Ansotegi - 'Akerbeltzen antxumak' taldeko kidea: «Talde bakoitzak bere herriko bertso eskola asko indartu du»
Taldekako txapelketetan talde bakoitzak saioak antolatzeko ardura guztiak hartzen ditu bere gain, hori du oinarrietako bat. Jone Ansotegi Akerbeltzen antxumak taldeko antolatzaile eta epaile lanetan ibili da aurtengoan ere. Txapelketan zehar eta finalean egon den giro onarekin lan egitea samurra dela aitortu du. Aulestiarrak oso balorazio positiboa egin du Taldekakoak ekartzen duenaz. Bertso eskoletako dinamika indartzen asko laguntzen duelakoan dago Ansotegi. Plazarekiko harreman desberdina duten bertsolariak elkartzeari ere balio handia ematen dio.

Azkenik, Taldekakoak betetzen duen oinarri lana ere ez du ahaztu nahi izan, ekimen honetan trebatutako hainbat gai-jartzaile, epaile, antolatzaile edo aurkezle gero beste era bateko plaza edo txapelketetan aritzen direla nabarmenduz.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri