Koldo Gezuraga - Lilibertsoko kidea 2022-06-30
Jon Lopategiren omenezko Argi Baltza sariketak jarraipena izango du datorren urtean ere Busturialdean (Gernika inguruan). Hala adierazi dio Koldo Gezuraga Lilibertso bertso eskolako kideak Bertsoa.eus-i. 18-30 urte bitarteko bertsolariei zuzendutako sariketa da, 18 bertsolarik hartzen dute parte eta hiru kanporaketa eta finala ditu. Iaz bizkaitarrak izan ziren parte hartzaile guztiak. Aurten zabaltzea erabaki eta Euskal Herri osoko 18 bertsolari aritu dira, lurraldetasun irizpideak kontuan izanda. Ane Zuazubiskar arrasatearrak irabazi du eta Aner Euzkitze gelditu da bigarren.
Balorazio oso positiboa
Aurtengo edizioa oso ondo joan dela adierazi du Gezuragak. Bai maila aldetik, bai jende aldetik. Ajagizen, Gautegiz-Arteagan eta Mendatan jokatu dira kanporaketak eta Muxikan finala. Hiruretan erantzun dute ondo Busturialdeko bertsozaleek. Bertsolarien partetik ere, zaintza aldetik esker ona jaso dutela nabarmendu du Lilibertsoko kideak eta horrek poz handia ematen diela antolatzaile gisara.
Horrekin batera, Lilibertso bertso eskolaren ikuspegitik, Gezuragak nabarmendu du pozik egoteko modukoa dela eskualdeko bertsolariek egin duten lana eta hiru finalean sartu izana (Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Amillategi eta Mikel Retolaza).
Hiru kanporaketa eta finala antolatzeak bere lan karga duela aitortu arren «baditugu medioak eta indarra» eta Argi Baltza sariketa urteroko maiztasunez egiten jarraitzeko asmoa agertu du, aurten bezala ekain bueltan.
Inguruko udalei esker ona
Lilibertso bertso eskolak udalen jarrera ere eskertu nahi izan du: «guk eskualdeko udalekin egiten dugu lan eta oso eskertuta gaude jaso dugun laguntzagatik».
Lilibertsok ekimen zabala urtean zehar
Aspaldiko urteetan Lilibertso izenak geroz eta presentzia handiagoa bertsolaritzaren plazan. Gernika eta inguruko herrietako bertsolaritza mugimendua biltzen du bertso eskola honek eta urtean zehar zenbait ekitaldi antolatzen ditu. Baita eragile izan ere. Lilibertsok paper aktibo hori jokatzen du eskualdean. Urtean 4-5 ekitaldi nagusi antolatzen ditu:
Urtarrilaren 5ean Errege bezperako bertso afaria Gernikan. Hori da urteko lehen hitzordua. Astran izaten da eta bi bertsolari izaten dira kantuan.
Aitor Etxebarriazarraga, Busturialdeko txapeldun aurten.
Eskualdeko txapelketa bi urterik behin. Eskualdeko bertsolari Txapelketa arrakasta handiko ekitaldia da eskualdean. Bi urterik behin izaten da (Bizkaiko Txapelketa tokatzen ez den urtean). Kanporaketak eta finala izaten dira eta aurten 200 lagunetik gora bildu ziren finalean, giro itzelean. Aitor Etxebarriazarragak irabazi zuen.
Astelehen bezperako bertso jaialdia, urrian. Urteko jaialdi nagusia da Gernikako Lizeo Antzokian egiten dena. Sei bertsolariko jaialdia da: «Eliteko bertsolariak ekartzen ditugu; jende asko sartzen den tokia da Lizeo Antzokia eta oso ondo funtzionatzen du» azaldu du Gezuragak. Urriko azken astelehenean ere bertsolariak izaten dira Gernikan azakoaren bueltan.
Amets Arzallus eta Onintza Enbeita Gernikan, urriko jaialdian.
Astra iluntzeak, udan. Astrako kultur taldeen arteko ekimena da udara begira, Astra kanpoan egiten dena. Bertso eskolak bertso jaialdia antolatzen du eta aurten Igor Elortza, Jone Uria, Ibai Amillategi eta Beñat Bilbao izango dira, uztailaren 27an, 20:00etan.
Saioak berreskuratu eta daudenei eusten lagundu
Urteko egitasmo nagusia ekitaldi horiek osatzen badute ere, Busturialdeko beste herrietan ere egiten du lan Lilibertsok, bai galduta zeuden saioak pixkanaka berreskuratzen, baita daudenei eusten laguntzen ere: «zentzu horretan ere pozik gaude» borobildu du Koldo Gezuraga Lilibertsoko kideak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24