Eli Pagola irabazle 'Hike Eizan' bertso paper sariketan 2022-07-01
Eli Pagola bertsolari hernaniarrak irabazi du Azkoitiko Udalak antolatutako I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketa. Sariketa honen berezitasuna da bertsopaperak hitanoan direla eta noka izatea baloratu egiten da. Guztira, 24 lan jaso dituzte maila ezberdinetan eta Pagola gertatu da irabazle helduenean Tximista eta trumoia izeneko lanarekin.
Tximista eta trumoia da bertsotan, noka idatzia. Eli Pagolak buruan zebilkien ipuin hori eta bertsotara ekartzea pentsatu zuen «jolas gisa». Hike Eizan sariketaren berri izan zuenean sorta aurkeztea erabaki zuen. «Sortak tximista eta trumoiaren arteko harremana kontatzen du elkarrekin sestran edo haserre ibili izan direlako, bat bestea baino beranduago heltzen delako beti. Joko horrekin egindako ipuina da».
Tximista eta trumoia
Doinua: Ostiraletan duzu
Neurria: zortziko txikia
1- Lehengoan leiho koxkan
txorrotxiogintzan
jarritako txepetxa
kontaria izan
kantatu nahi ninake
harek egin gisan
tximista ta trumoia
zer-nola dabiltzan.
2- Tximista dun beroa,
tximista hauskorra
energia askodun
ekile bizkorra
behin helburu bat jartzen
badin egoskorra
handik edo hemendik
helduko dun horra.
3- Trumoiarena ez dun
antzeko kasua
berea aldiro dun
bigarren pausua
patxarosa, pikati,
erdi setatsua
nahi ez duela ere
zalapartatsua.
4- Presio desberdinak
parekatu xede
zeru-lurrak astindu
asmoz goi ta behe
nahiz ta elkarrengana
moldatu hain trebe
izan dizkiten euren
istiluak ere.
5- Orain milaka urte
nolako estanpa
basoa guztin bete
zunan tantaz tanta
Tximistak hartu zinan
haserre galanta
Trumoi beti berandu
iristen zunan ta.
6- Ibili ordez lehen
urratsa nork eman
batera hobe zela
zitenan antzeman
baina predikziorik
gabeko sisteman
bihotzeko ugari
eman zizkitenan.
7- Ez zitenanez maite
bihotzik haustea
erabaki zitenan
ordenari eustea
aleatorioki
zerutik jaistea
batzutan lehenengo bat
bestetan bestea.
8- Jolasaren graziaz
edo ohartuta
lagunaren lekua
hartzen ausartuta
elkarlanean ditun
erabat sartuta
konfiantza eskainiz
ardurak hartuta.
9- Beraz gaurtik aurrera
ekaitza lehertzean
jarri hire etxeko
atari ertzean
ea igartzen dunan
segidan heltzean
noiz datozen haserre
ta noiz jolasean.
Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-09-19
Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 2024-09-06
Asier Azpirozí jarritako gaia 2024-09-03