Hitanoa bultzatzeko helburuz 2022-07-05

I. Hike Eizan bertsopaper sariketako sorta irabazleak

I. Hike Eizan bertsopaper sariketako sorta irabazleak

I. Hike Eizan! bertsopaper lehieketako sari banaketa egin berri dute eta sareko plazara ekarri ditugu sorta irabazleak. Eli Pagolak irabazi du helduen mailan eta Naia Arrizabalagak gaztetan. Hike Eizan! lehiaketa Azkoitiko Udalak antolatu du hitanoaren erabilera bultzatzeko ekimenen baitan.

Hemen sorta irabazleak:

Helduen mailako sorta irabazlea

Izenburua: Tximista eta trumoia (Entzun hemen egileak kantatuta)
Doinua: Ostiraletan duzu
Egilea: Eli Pagola Apezetxea

1- Lehengoan leiho koxkan
txorrotxiogintzan
jarritako txepetxa
kontaria izan
kantatu nahi ninake
harek egin gisan
tximista ta trumoia
zer-nola dabiltzan.

2- Tximista dun beroa,
tximista hauskorra
energia askodun
ekile bizkorra
behin helburu bat jartzen
badin egoskorra
handik edo hemendik
helduko dun horra.

3- Trumoiarena ez dun
antzeko kasua
berea aldiro dun
bigarren pausua
patxarosa, pikati,
erdi setatsua
nahi ez duela ere
zalapartatsua.

4- Presio desberdinak
parekatu xede
zeru-lurrak astindu
asmoz goi ta behe
nahiz ta elkarrengana
moldatu hain trebe
izan dizkiten euren
istiluak ere.

5- Orain milaka urte
nolako estanpa
basoa guztin bete
zunan tantaz tanta
Tximistak hartu zinan
haserre galanta
Trumoi beti berandu
iristen zunan ta.

6- Ibili ordez lehen
urratsa nork eman
batera hobe zela
zitenan antzeman
baina predikziorik
gabeko sisteman
bihotzeko ugari
eman zizkitenan.

7- Ez zitenanez maite
bihotzik haustea
erabaki zitenan
ordenari eustea
aleatorioki
zerutik jaistea
batzutan lehenengo bat
bestetan bestea.

8- Jolasaren graziaz
edo ohartuta
lagunaren lekua
hartzen ausartuta
elkarlanean ditun
erabat sartuta
konfiantza eskainiz
ardurak hartuta.

9- Beraz gaurtik aurrera
ekaitza lehertzean
jarri hire etxeko
atari ertzean
ea igartzen dunan
segidan heltzean
noiz datozen haserre
ta noiz jolasean. 


Helduen mailako bigarren saria

Izenburua: Amonak bilobari
Donua: Haurtxo txikia negarrez dago
Egilea: Aimar Goenaga Agirrezabal

Haizan ttiki, aizan, Miren hator
amonaren magalera.
Kontatu nahi dinat umetako
gure hainbat gorabehera.
Jolasa zunan gure gogoa,
jolasa zunan plazera.
Irudimena baliatuta
ondo pasatzeko era.

2- Edozer zunan jolasgairako, edozer
zunan balios.
Izan kanikak, izan pilotak
edota zenbait tortolos.
Jostailuak geureganatzeko
ez zitunan aski bi sos.
Baina jolaste hutsa hain zuzen zunan
eguneroko poz.

3- Klarionaz marrazten geninan
herriko plazako lurra.
Bederatzi laukitan saltoka
eta txingoka egurra!
Harritxo bat geninan bidaide,
aisialdiko aitzurra.
Jakina, josteta haiek ere
zitenan bere glamourra.

4- Hustutako atun latek ere
zer joko_ematen zitenan!
Ostikoka aritzen gintunan
elkarren arteko deman.
Hala futbolarien itxura
hartu genezakeenan.
Gaur egun baloi gabe futbolik
ezin ziteken hauteman.

5- Eta poto horiekin ere
nahiko modu arlotean.
Aritzen gintunan jolas baten
izenez “Bote-botean”.
Ezkutaketaren antza zinan,
hots, oinarria kolpean.
Ezkutukoak jartzen zitinan
agerian bat-batean.

6- Baina dena ez dun antzinako,
dena ez dun aspaldiko.
Hain zuzen ere geratu ditun
jolas batzuk historiko.
Harrapaketan aritu gaitun
gertuko ta urrutiko.
Ziur asko horrek iraungo din
sekulako ta betiko.

7- Kromoak ere esku artean
ehundaka izan nitinan.
Lagun artean elkartrukeak
antolatzen genitinan.
Edo jolasten gintunan ere
plaza ertzeko izkinan.
Sorta erosi ahal izateko
ez baikeundenan nominan.

8- Bazirudin garaiak aldatu
zaizkigula aspaldion,
ezen ezin dela geroari
igarri zer datorkion.
Baina, hik ttiki, hire erara
buruari eragion.
Jolas hauen bizi irautea
gure eskuetan zagon.

Helduen mailako Azkotia Saria

Izenburua: Amonak bere bizitzaren errepasoa egiten dio bilobari 
Doinua: Esateko ez naiz lotsa
Egilea: Lide Rekondo Jauregi

A zer garai desberdinak
baina antzekoak minak
gutun honetan bilobarentzat
kontu ez jakinak
xamurrak eta gordinak
historiaren izkinak
amama gehio ezagutzeko
esango dizkinat

2- Hamahiru urte beteta
bi trapurekin maleta
hiriburura ume zaintzera
besterik ez eta,
aberatsekin tarteka
pastel, bisigu, txuleta
sekula ikusi gabe nizkinan
janen dastaketa

3- Lanean hamasei ordu
bizitza nienan saldu,
igande goiza ta estropadak
nik ezin azaldu,
zortzi hilabete galdu
aurreztu gutxi, koitadu
etxean ogi gogorra janez
gutxienez salbu

4- Gerrak tristura ugari,
gure aita txistulari
zelako preso sartu zitenan
kartzelan aste bi
zigorra familiari
ez jostailu, ez afari
geuk gutxiago jaten geninan
emateko hari

5- Zer ikusiko akaso
ama denak zerura so
euren semeek hegazkinetik
eskuekin kaso
mutil gazteen arazo
borroka eta eraso
ezetzik ezin zinaten esan
aginduak jaso

6- Hegazkin bat erorita
Urrestilla antxintxika
andaluziar beltzarana han
negar garrasika
anbulantzian jarrita
kezka hura ikusita
auskalo nola zeudenan bere
ama eta aita

7- Neskok abarketak josten
ahizpa mundua ikusten
etxe batera Pariseraino
bidali zinaten
bi gauz frantsesez esaten
nahiko lan zinan izaten
ikasitako hitz apur haiek
guri erakusten

8- Madmoiselle, bon jour, merci
s’il vous plait, nahiko trebezi
bi urte frantses famili hartan
egonak merezi
gurasoei atrebentzi
galdetuko orduko etsi
neuk e nahi ninan haize freskoa
herritik ihesi

9- Nere lehengusin Maria
ta biok talde handia
ultramarinos bat irekita
hantxe lanaldia
ai zapatu eguerdia
denda lagata garbia
antxoilak ta vermouth prexkoa
geninan saria

10- Zinemara igandero
eta astelehen goizero
lagun guztiak ni iritsi zain
kontatzeko gero
Hollywoodeko endredo
printze urdin, kaballero
nahio zitenan nik detaileak
erantsi ezkero

11- Gazte mordoa lanera
hemengo tailer batera
Larrabetzutik mutil eder bat
begien parera
etorkizuna, aukera
bizitzari goitik behera
beste zentzu bat hartu nionan
ordutik aurrera

12- Pozez beteta herriak
aupa ezkonberriak
gure osabaren pasadizoak
hain barregarriak
hankazpi gorri-gorriak
pasatuz ordu larriak
kartoi ta guzti jantzi zizkinan
zapata berriak

Gazteen mailako sorta irabazlea
Izenburua: Eten punturik ez
Doinua: Amaren bularra
Egilea: Naia Arrizabalaga Arrieta

1- Azkar bihurtu zaigun
lehengo sua ke
gerra bihurtu zaigun
lehen zena bake
amorrurik ez dinat
hirekiko bate
harremana ganoraz
buka(tu) nahi ninake.

2- Gogoratzen dizkinat
hire ertz,iskinak
nire bular gainean
hire esku finak
goizetan utziriko
mahai gain zikinak
lehen pozak hitunan
orain aldiz minak.

3- Hire ile guztiak
buruz ikasita
hire kilimak faltan
botatzen hasita
ederki egonak gaitun
elkarri josita
baina nola askatu
nagon nahasita.

4- Duela hamar bat urte
gintunan elkartu
udaberri,udazken
ta negu pasatu
baina maitemin hitza
azkar dun banatu
maitea beharrean
mina dun hautatu.

5- Kaixo esatea nahiz
dunan hain erraza
denbora ez dun berez
alferrikan pasa
barruko sentimendu
denen anabasa
hitzez azaltzekore
ni ez naun kapaza.

6- Ni ez naun inor hiri
hegoak kentzeko
puntu bat hiru eten
puntu bihurtzeko
has(i)era denek diten
data amaitzeko
denbora badinagu
berriz elkartzeko!

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri