'Zopa hozten ari zaizu' bertso sorta 2022-07-08

Botere harremanetik sortutako bikote baten amaiera Sabinan doinuan eta errima bikoitzean

Aner Peritz Manterola Euzkitzek 12 bertsoko Zopa hozten ari zaizu sortarekin irabazi du 38. Basarri Saria. Zortziko handiko egitura dute bertsoek baina 8/8 silabakoa, Joaquin Sabinaren Calle melancolía/Gure herrian ligatzea doinuan. Hemen sorta osorik:

1. Zuk ez galdetu zergatik,
badugu aski ibilgu,
ikusten dizut bertatik
nahiz ta bi ezpainak bildu.
Ez dakizunik ez dakit.
Hau zer-nola darabilgu?
Hitz egin zazu zugatik
ta ez nigatik isildu.

2. Bakoitzak besteen Nirvana
sentitzen du zingiratsu
ta hala ere nigana
hurbiltzearren biba zu!
Bi begiri begi bana,
isiluneak dira su,
zer da esan zenidana
ta zer esan nahi didazu?

3. Hitzetik batuok noizbait
hitza badugu lanabes,
gogora ditzaket zenbait
hizketaldi boz herabez:
noiz egiten duzun gogait,
zeri degiozun amets…
zenioena ahaztu zait;
isildu zenuena ez.

4. Izango ez da ba haizu
urteen iragaitea!
Haserako su dirdaitsu
hura bihurtu zait kea.
Bai, zuri ari natzaizu.
Lasaitzen saia zaitea,
zopa hozten ari zaizu,
ez negar egin, maitea.

5. Nork esaten du murrua
ez daitekeenik erori?
Estutzen zaizun larrua
bada nahikoa galzori.
Aska ezazu barrua,
ondo dakit zer den hori…
ez dela nire errua
baina ez zaudela ongi.

6. Ez da samurra egien
aho-zapore totela,
sentitu arren alien
zeure etxean zaudela
ziurrenik “carpe diem”.
Korritu zaizu rimmela…
akaso bazenekien
nik ere banekiela.

7. Baina nahi bainuen bizi
aske bezain efimero
ez biktimismo, ez luizi,
hautua hautuan bego.
Zure agurra iritsi
baldin bada honezkero
onartuko dut lehenbizi
ta ulertuko dut gero.

8. Oro ez da laztan, musu…
hau ez da hausnartua bart,
beti dira arriskutsu
izan beharraren trabak.
Zoaz urrun, aldendu zu,
joan, askatu erabat.
Zuk eskubide bat duzu
ta, beraz, nik ardura bat.

9. Zu isilik. Antza, hautsak
neuk mugitzea aski zen,
komunikazio-pausak
maiz ez ditut digeritzen.
Bota gabeko perpausak
osatzera ohitu nintzen
zergatik ez zara gauzak
esatera atrebitzen?

10. Oroitzapenak multzoka
gorde ditut zuregandik,
orduan moztu zen soka;
kolpea orain eman dit.
Nola bi aste masoka
igaro ditudan handik
amaitu ez zenuen zopa
mahaian dago oraindik.

11. Gogamena ordudanik
dut pixkanakako mudan
zure hitzak nik esanik
zeu burumakur, menturan.
Nahiz berandu den jadanik
orain ipini dut dudan
zu isiltzen zinen ala nik
isilarazten zintudan.

12. Zurekin daramazunak
mindua horren da ubela…
Gaur ere horditasunak
pasarazi dit gaubela.
Zinenaren oihartzunak
utziz geroztik hau gela
uste dut isiltasunak
ni seinalatzen nauela.


Albiste gehiago