1960ko hamarkadan sortu zen 'kartzelako lana' 2022-09-12

'Kartzelako lana' 'Ganbarako lana' izango da aurrerantzean

'Kartzelako lana' 'Ganbarako lana' izango da aurrerantzean

Fernando Artola Bordarik asmatu zuen txapelketako Kartzelako lana 1960ko hamarkadako txapelketan, 1935 eta 1936koetan bakarka gai bera emanda bertsolarien denbora aukerak berdintze aldera. Eta 60 urtez kartzela deitu izan zaio txapelketan bertsolariak bakarka gai beraren aurrean probatzeko lanari. Ariketak bere horretan jarraituko du baina Bertsozale Elkarteak izen berria jarri dio: Ganbara. Kartzelako lana Ganbarako lana izango da aurrerantzean, ariketaren izena eta izana elkarrengandik gertuago egote aldera. Halaxe ageri da jada Txapelketa Nagusiari buruzko webgunean ere.

«Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana, … iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte. Garuna edo logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lan-leku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean» azaldu dute Bertsozale Elkartetik.



Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilearengana jo dugu argibide gehiagoren eske.

Aurten txapelketan zentrala den ariketa batek, Kartzelak, Ganbara izena hartu du. ‘Ganbarako lana’ izango da aurrerantzean. Nondik nora dator aldaketa?
Kartzela terminoa (hitza) txapelketaren testuinguruan oso errotuta dago. Betidanik horrela deitu izan zaio ariketa mota honi eta askotan inertziei jarraika aritzen gara gauzen zergatia pentsatu gabe. Antolatzaile Taldeko bilera batean mahai gainera atera zen gaia eta nondik ote zetorren galdetzen hasi ginenean, konturatu ginen inork ez genekiela kartzelako ariketa nondik zetorren, noiz asmatu zen eta izena nork jarri zion.
Pentsatu genuen izen egokiago bat bilatu geniezaiokeela ariketari, eta hala hasi ginen izen berriaren bila.

Zergatik Ganbara? Zer zentzu eman nahi izan zaio berrizendapen horrekin?
Proposamen berrien bila aritu ginen, eta jende ezberdinari luzatu genion galdera. Behin proposamenak bilduta, ganbara izen egokia dela adostu genuen Bertsogintza Taldean. Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana, … iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte. Garuna edo logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lan-leku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean.

Noiz eta nola sortu zen Kartzelako lana txapelketan?
Ez dago informazio asko. Irakurri edo esan digutenagatik 1960ko txapelketan egin zen lehen aldiz kartzelako lana. Ordura arte (1936tik, baina gerra garaien ez zen Txapelketarik egin)) gaia jarri eta bertsolari guztiek txandaka kantatzen zioten gai berdinari. Honek desoreka handia sortzen zuen noski, azkenak kantatzerako denbora tarte handia bai zegoen. 1960ko txapelketan Bordari gai-jartzaile lanetan aritzen zen. Berak proposatu zuen epaile taldean ariketa hau eta begi onez ikusi zuten orduko antolatzaileek.

Ariketak berak bere horretan jarraituko du…
Bai, ariketaren ezaugarririk ez da aldatuko, izena bakarrik.

Pentsatzekoa da, aurrerantzean herrialdeetako txapelketetan ere Ganbara izango dela…

Hori herrialde bakoitzaren esku dago, baina hala izatea nahi genuke. Proposamena talde zabal batek landu du eta den denak ados egotea ezinezkoa bada ere, harrera ona izan du proposamenak.

Oraindik berria bada ere, hasi zarete kontzeptu berria sozializatzen. Zer harrera izaten ari da?
Pixkanaka ari gara bai. Ez da erraza leku guztietara iristea, eta txapelketa hastean ere sorpresan harrapatuko duenik izango da. Ohiturak aldatzea ez da erraza eta denbora utzi beharko zaio.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri