Felix Irazustabarrena 2022-09-13

TXIRRITAREN TXAPELA (1936)

TXIRRITAREN TXAPELA (1936)
Badago bertsolari txapelketaren historian, airean dabilen EGIA bat. 1936ko txapelari dagokiona da. Txapela hura ez zuela Txirritak irabazi dio zurrumurruak, eman egin ziotela. Eta egia horrek ilunpetan uzten ditu bertako epaileak, antolatzaileak eta Txirrita bera.

Felix Irazustabarrena

1936ko San Sebastian  bezperan, II. Bertsolari Gudua jokatu zen Donostiako Victoria Eugenian. Kantuan 9 bertsolari. Txirritak irabazi zuen txapela. Eta 80 urte pasata ere, zabaltzen den notizia da Uztapidek irabazi zuela, baina Txirritari eman ziotela txapela orduan 75 urte zituen bertsolariaz errukituta.

Horren sorburua Uztapide berak bere liburuan idatzita utzi zuena egongo da. Gero hori behin eta berriz errepikatzen joango da, edo kontakizunak bestelako nobelatzeak hartzen joango da, eta egiak forma osoagoa hartuko du. Esaterako Pako Aristik Nire Uztapide liburuan, orain berrargitaratu dutenean, berriro haizatzen den kontua da. (1)

Zer kontatzen zuen bada Manuel Olaizola Uztapidek Lengo egunak gogoan bere liburuan? (2)
Honela azaltzen da hitzez hitz pasadizoaren bere bertsioa.

«Han bertsotan ari giñala, beste aldean epai-maikoak klasifikazioa egiten ariki, ta Txortxiko Santik esan zidan nik bigarren premioa nuala. (...) Lenbizi ez nuan sinistu ere egin, baña gero zorionak ematen-da asi ziran da ia etzegoan dudarik. Nik nere denboran izan dedan pozik aundiena bertsoakin, orduantxe izan nuan.
Gero juraduko batek esan zidan ia kontentu gelditu al nintzan premioarekin. Baietz esan nion. Kontentu geldituko ez nintzan, ba, bigarren premioarekin? -Ba, lenbizikoa irabazi dezu-esan zidan-. Baña Txirrita gizarajoa zarra dago, ta urrengo urtean etortzeko ere zuk itxura geiago daukazu. Ori urte askoan ezin liteke etorri, ta aurten orri ematea pentsatu degu. -Ni ondo naiz! Ez nuan pentsatzen premioan sartzerik ere! Bost premio zeuden da ni gabe partituko zirala uste nuan. Bigarrena eman zidaten da zoratuta gelditu nintzan».


1936ko Txapelketako puntuaketa eta postuak.

Hortik aurrera askoren ahotan ibili izan da txapela hura ez zuela Txirritak irabazi. Hala moduz azaltzen da Wikipedian ere Txirritaren biografian.

«[Txirrita] 1935ean lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa».
Oharra: aurreko urtean ez zuen Txirritak bigarren egin. Matxin izan zen bigarrena eta Zepai hirugarren.

Usteak zabaltzen joaten dira gerora. Esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Basarriri eta Uztapideri egindako omenaldien barruan Bertsolari Guduak (1935-1936) liburuaren berrargitalpena egin zenean, 1985ean, Imanol Muruak, garai hartako Diputatu Nagusiak hala zioen:

«Jakina den bezela, Txirritarentzat izan zen txapela, nahiz eta bertsozaleen artean zabalduta dagoen ustearen arabera, egun horretan benetako txapelduna Uztapide gaztea izan. Alegia, zaharrari zor zaion errespetuagatik edo, eman  omen zioten egun hartako txapela Txirritari eta ez Uztapideri. Agian egunen batean argituko den auzia izan daiteke hau».

Auzia argitzen joan beharrean korapilatzen joan daiteke. Istorioa eta historia nahasten joaten da aipatutako Pako Aristiren eskuetan.

«1936ko txapelketa berak irabazi zuen (Uztapidek). Berak kontatzen du bere liburuan eta antolatzaileek galdetu zioten ea zer iruditzen ote zitzaion Txirritari ematen bazioten, bera gaztea zela eta gero ere etorriko zara txapelketara eta Txirrita zaharra da eta zer iruditzen zaizu berari ematen badiogu?. Eta Manuel “oso ondo, pozik». Eman egin zion Txirritari txapela». ETBko Biba Zuek programa, 2022-06-15.

«(Uztapidek) 27 urte zituela txapela irabazi zuen Victoria Eugenian. Hala ere, ez zuen berak jantzi. Uztapidek berak urte asko ondoren aitortu zuenez, antolatzaile bat hurbildu zitzaion eta hala esan zion: «Manuel, zuk irabazi duzu txapelketa, baina Txirrita zaharra da, eta zu berriz ere etorriko zara. Txirritari ematea erabaki dugu txapela». Hala erantzun zuen: «Jakina, premioetan sartzerik ere ez nuen espero». Handik sei hilabetera hil zen Txirrita». Naiz, 2022-05-11.

«Donostiara, txapelketara, agertu eta txapela irabazi zuen, baina azkenean ez zioten jantzi. Aristik esplikatu du nola Uztapidek berak kontatzen zuen antolatzaile bat joan zitzaiola, eta esan ziola txapela berak irabazi zuela, baina izango zuela horretarako aukera aurrerago ere, eta Txirrita, berriz, zaharra zegoela, eta, ados bazegoen, hari ematea pentsatu zutela. Baietz erantzun zuen Uztapidek, eta Txirritari jantzi zioten txapela». Berria, 2022-05-11.

Orduko bertsoak bilduta utzi zituen Joseba Zubimendik bere Bertso Guduak 1935-1936 liburuan. (3)
Eta badira bertso haiek aztertu, eta bere juzkua, epaia, emandakoak:

Jesus Mari Etxezarreta Izazpik hala dio Bertsolarien desafiuak, guduak eta txapelketak liburuan: (4)




«Uztapidek, bere liburuan dio, bera zala leenengo (juraduko batek ala esan ziola) baiña nik bertso danak irakurri ondoren, bat baiño geiago aldiz, Txirrita ikusten dut txapeldun ezpairik gabe. Orduan ere juraduan buru berotzailleren batzuk egongo ziran, Uztapidek diona egia bada. Emen jartzen dizuet Uztapidek bere liburu Lengo egunak gogoan-en nola esaten duan: (...) Oiek dira Uztapideren itzak. Bertsoak irakurri eta bakoitzak juzga dezala!»

Edo Xabier Amurizak Enaz banaz liburuan. (5)

«Balorapenek, zuzenek nahiz okerrek, zabaltzen diren moduan korritzen dabe eta Txirritaren 1936ko txapelari buruz be sinestu izan da zaharraren edo errespetuaren emon eutsoela lehenengo saria. Ni behintzat halan entzuten ohitua nengoen, nondik edo zein arrazoiz inork sekula argitu barik, belarriz belarri etorri ohi diren bueltako kanpaien antzera. Uztapidek bere Lengo egunak gogoan liburuan kontatzen dau epaimahaiko batek zelan esan eutson berak irabazi ebala eta abar. «Txirrita gizarajoa zaharra dago eta hurrengo urtean etortzeko ere zuk itxura hobea daukazu. Hori urte askotan ezin liteke etorri eta aurten horri ematea. pentsatu degu» esan ei eutson epaile batek eta badirudi bertsolariak sinestu egin ebala, norbere aldeko egiak errez itsasten  baitira. Bertsolari guduak 1935-1936 izeneko liburuan be, Basarri eta Uztapideren omenez Gipuzkoako Foru Aldundiak 1985.eko abenduan egin eban bigarren argitalpenean, kontrazalak hauxe dino Uztapidez:

«1936an Donostian Bigarren Bertsolari eguna antolatu zelarik bertsolari gazte bat aurkeztu zen, oraindik lotsati, garaiko bertsolari onenekin batera. Han zen Txirrita haundia ere, bi bastoirekin txit larri, pausorik eman ezinez. Jokatu zen gudua eta haren erabakia ematerakoan Txirritaren aukera egin zuten epaimahaikoek. Besterik gabe onartu ote zen erabaki hori? Onartu bai, baina askotxoren ustea da egun hartako txapela Uztapide gazteak jaso behar zuela. Izan ere, bere bertsolari bizitzaren azkenetan zen Txirrita eta badirudi nonbait, ondo merezitako famari aitormen eginez batetik, eta zaharrari zor zaion errespetuagatik bestetik, egokiago jo zutela epaileek egun hartako txapela Txirritari ematea».

Honelakoak zabaltzeko eta idazteko kuxidadea izan dabenek hoba zeukien bertsoei arretaz begiratu baleutse. Inoz ez jatan bururatuko bertsino hori dudan jarterik, txapelketa haretako bertsoak aztertu ez baneuz, Elhuyarren CD ROM baterako. Orain lasai esan daiket Txirritak merezimentu osoz jantzi ebala txapela eta beste suposamen guztiak maneiu arloteak direla. Bost puntuei oso ondo erantzunaz ganera, saio haretan bertso antologikoak kantatu ebazen gerraren gaian».

Iritzi kualifikaturik behar bada, hemen Txapelketa Nagusietan epaile ibilitako bi adituena. Esanguratsua eta kontutan hartzekoa.
Baina, iritzia, balorazioa hori ere, esango du norbaitek. Eta hemen dudan dagoena orduko epaileek ziotena da, haien balorazioa. Edo hobeto esanda, ea orduko epaileek eta antolatzaileek zerbait baloratu eta ondoren beste zerbait erabaki ote zuten.

Idatzita, eta jasota, geratu da orduko epaileek ziotena. Hori begiratzea bidezkoena eta juxtuena. Beraz matematikara joko dugu.

Prentsa dosier batean azaltzen dira Bertso Gudu hartako puntuazioak, diru kontuak, klasifikazioak, bertsoen  transkribaketak, lanak, egunkarietako kronikak... II. Bertsolari Eguna – 1936. urtea darama izentzat. Originala KUTXAko Doctor Camino liburutegian dago, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan horren kopia bat.

Puntuazioei dagokionean, orduko epaile bakoitzak, (eman ditzagun dagoeneko izenak: Toribio  Alzaga, Jose Ariztimuño Aitzol, Jesus Maria Leizaola, Manuel Lekuona eta  Jose Olaizola) bere orria zuen non bertsolari bakoitzeko eta bertso bakoitzeko puntuazioa ematen zuen. Orri horretan azaltzen da puntuazio sistema ere (0-20 puntu bitartean) Eta bada beste orri bat epaile bakoitzaren batuketa ikus daitekeena.
Gero xehetuko bada ere, esan dezagun  emaitza: Txirritak 1249 puntu, Uztapidek 1194 puntu.

Guztira 16 bertso kantatu zituen bertsolari bakoitzak lau zatitan banatuta.
1.    Agurrak / euskera (2 bertso)
2.    Gerra zitala (3 bertso)
3.    Puntuak emanda (5 bertso)
4.    Ofizioa jarrita (6 bertso)

Bertso guztiak, banan bana dauzka epaituta epaimahaikide bakoitzak. Bertsolari gudaketa – Epaikari iritzia, 1936 ageri da orrialde bakoitzeko izenburuan eta eskuz idatzita epailearen izena, bertso bakoitzaren puntuazioa eta zein saioari (zatiari) dagokion. Zati bakoitzari orri bat epaileko.

Epaile bakoitzaren beste orri bat dago non zati bakoitzeko batuketa eta batuketa orokorra azaltzen den. Epaimahaiko guztien batuketa Guzira izeneko azken orri batean dago. Bertan, bertsolarien postuak azaltzen dira. Banan banako orrietan Lekuona azaltzen da epaile moduan eskuz idatzita eta batuketa garaian Basarri / Lekuona jartzen du aurreneko orrietako puntuekin.

Txirritaren eta Uztapideren arteko konparazioa eginda, zati bakoitzaren batuketak erakusten du lehen zatian nagusitzen dela Uztapide eta beste hiruretan Txirrita.

Bataz bestekoa (0-20rako puntuaketa 0-10erako mailara ekarrita) 7,8koa da Txirritaren kasuan eta
7,46koa Uztapiderenean.

Lehendik jantzita zuen txapela Txirritak eta itxura denez 1936ko urtarrilaren 19ko horretan ez zioten besterik jantzi. Eman bai ordea, eta bakoitzari berea.

Horrela zegoen erabakita, txapeldunei omenaldia egingo zitzaiela urte berean (aurreko urteko txapeldunari, Basarriri, 1935-01-27an egin zitzaion Zarautzen) eta Txirritari ere hala egin zitzaion Errenterian martxoaren 22an. Hilabete batzuk geroago (1936-06-03) hilko zen, Gerra zitalaren bezperatan.

Oharrak:

1- Nire Uztapide, Edit. Erein, Donostia, 2022.
2- Lengo egunak gogoan. Edit. Auspoa liburutegia, Tolosa, 1974.
3- Bertsolari Guduak (1935-1936). Edit. Sendoa, 1984.
4- Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak. Edit. Sendoa, 1984.
5- Enaz banaz. Edit. Bertsolari liburuak 1999.



Felix Irazustaberrena

 

 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri