Osinalde Sariketak 50 urte 2022-09-19
Osinalde Sariketaren 50. urteurrenak une eta argazki eder asko utzi zituen larunbatean Gabirian, mende erdiko bidearen ospakizunean. Sariketa irabazi zuten 42 bertsolari elkartu zituen larunbat goizean. Xabier Zeberio, Mikel Mendizabal eta Maialen Lujanbiok botatako agurren ondorean, Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruak Osinalderen mende erdiko ibilia errepasatu zuten.
Eusebio Igartzabal eta Iñaki Murua,
Osinaldeko historia kontatzen.
Zumarragako Galeperra elkarteko lehiaketa izan zuten hasieran ispilu. Antolatzen Igartzabal bera, Joxemari Landa eta Migel Agirre hasi ziren, Lucio Gabiria laguntzaile zutela, eta kultur giroa suspertzeko antolaturiko ekimena izan zela adierazi zuen Igartzabalek. Lehenengo urtean, 1971n, kantatu zuten sei bertsolariak ere laguntzailetzat jo ditu. Ondoren, urtero sei bertsolari bilatzen lanak izaten zituztela gogoratu du, harik eta bertso eskoletako emaitzak hasi artean.
Historia iruditan eta argazkitan bilduta, ekitaldiari azken agurra Ane Zuazubiskarrek eman zion, egungo irabazleak.
Ondoren, plazan talde argazkia atera eta Osinalde elkartean izan zen bigarren ekitaldia. Sei bertsolari, Jokin Muruaren esanetara: Millan Telleria, Xabier Euzkitze, Ainhoa Agirreazaldegi, Bixente Gorostidi, Uxue Alberdi eta Nerea Ibartzabal.
Jarraian, ostatu atarian, beste saioa: Loidisaletxe II, Amaia Iturriotz, Nerea Elustondo, Mikel Artola, Nahikari Gabilondo eta Joanes Illarregi aritu ziren bertsotan, Eñaut Asurabarrenak aurkeztuta. Azken saioa bazkal aurretik, Erbe elkartean egin zuten –han jokatu zen lehenengo saioa; gainerakoak Osinalden, 2021ekoa izan ezik, elizan egin baitzen, pandemiaren neurriak zirela eta–: Xabier Narbarte, Iñaki Apalategi, Oihana Bartra, Ane Labaka, Eñaut Martikorena eta Aritz Aranburu izan ziren han kantari.
Tellerria, Agirreazaldegi eta Ibarzabal bertsotan, Osinalde elkartean.
Arratsaldean, bazkalondoan egin zuten ekitaldia, bat-bateko saioak eta bertso jarriak tartekatuz, 170 lagun ingururen aurrean. Ane Etxezarretak gidatuta, Xabier Arrizabalaga Ziarda, Joxe Ramon Elortza, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga egin zuten saioko agurra. Aitor Irastortzak bertso jarriak kantatu zituen jarraian, Zaharrak berri sorta. Uxue Alberdi, Igor Elortza, Txaber Altube eta Ane Zuazubiskarren txanda izan zen ondoren bat-batean, eta bertso jarriak berriro: Unai Mendizabal eta Haritz Mujikak Lehorteari jarriak.
Altube, Zuazubiskar, Elortza eta Alberdi, Ane Etxezarretak gaia jarrita.
Goierritarrek ere izan zuten momentu propioa: Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi, Joxe Munduate, Nerea Elustondo, Mikel Mendizabal eta Xabier Zeberio aritu ziren bertsotan. Eta Iker Zubeldiak eta Iban Urdangarinek, Osinalden kantatzen zuteneko garaiak ekarri zituzten gogorra bertso jarrietan.
Goierriko taldea Osinaleko ospakizunean.
Saioa amaitzeko bidean, Oihana Bartra, Xabat Illarregi, Enaut Martikorena eta Gorka Pagonabarragak jarri zuten umore puntua. Eta Osinaldeko talde antolatzaileko kideak igo ziren oholtzara kopla kantari.
Antolatzaileak kopla kantari bazkaloestean.
Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruari omenaldia
50. urteurrenak sorpresarako ere tartea izan zuen eta bukaeran Osinalde Sariketaren bidean zutabe izan diren Eusebio Igartzabal eta Iñaki Muruari omenaldia egin zioten antolakuntza taldekoek. Gorka Maiz, Ane Etxezarreta, Jokin Murua, Endika Igartzabal, Mikel Etxezarreta, Aratz Igartzabal eta Patxi Ormazabal. Plaka bana eman zioten bertso batekin. Entzuleak zutik jarrita agurtu zituen bi bertsolariak.
Igartzabal eta Murua antolatzaileen omenaldia jasotzen.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24