Txapelketa Nagusia hastera doa 2022-09-21

Elustondo, Laburu, Mendizabal, Abarrategi, Bartra eta Martinek jasoko dute oihala Getxon

Elustondo, Laburu, Mendizabal, Abarrategi, Bartra eta Martinek jasoko dute oihala Getxon
Azken orduko aldaketa bat medio, Alaia Martinek kantatuko du Eneko Lazkozen ordez.

Urrun zirudien ekaineko aurkezpenean baina iritsi da. Larunbat honetan jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenbiziko saioa Getxon, Musikebarrin, 17:00etan. Sei saioko fasearen lehena izanik, txapelketaren neurria markatzeko saioa: nolako gaiak, fasea pasatzeko puntuaketaren langa non, Ganbarako lanaren estreinaldia... Elemendu berri asko eta eskarmentu dezenteko bertsolariak oholtzan. Agin Laburu, Oihana Bartra, Alaia Martin (Eneko Lazkozen ordez), Nerea Elustondo, Unai Mendizabal eta Peru Abarrategi. Arabako txapelduna da taldeko gazteena, baita txapelketako gazteenetakoa ere. Imanol Artola Felixek aurkeztuko du saioa.

Elustondok eta Bartrak laugarren parte hartzea, Abarrategik eta  Mendizabalek lehenbizikoa
Sei bertsolarietatik Nerea Elustondo legazpiarra da Txapelketa Nagusian beteranoena, 2001an kantatu zuen lehen aldiz eta laugarren txapelketa du aurtengoa. Oihana Bartra bilbotarrak ere laugarren Euskal Herrikoa du aurtengoa. Agin Laburu Astigarragako bertsolariak hirugarrena eta, postuei dagokionez, bera da urrutien iritsi dena. Duela lau urte, finalerdietako lehen itzulian finaleko postuetan sailkatu zen, bigarren saioan postu hori eusterik izan ez bazuen ere. Hirugarren aldia izang du Alaia Martin oiartzuarrak ere eta badaki finalaurrekoetan kantatzea zer den. Unai Mendizabal zizurkildarrak eta Peru Abarrategi aramaioarrak larunbatean izango dute lehen hitzordua Txapelketa Nagusian.

36tik 15 berriak
Getxon ez ezik, lehen fase honetan Txapelketa Nagusi honek duen berritasun mailaren adierazle da lehenengo aldiz parte hartuko duten bertsolari kopurua: 36 bertsolaritatik ia erdiak berriak dira: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Imanol Uria Albizuri, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Akizu Bidegain, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Peru Abarrategi Sarrionaindia eta Unai Mendizabal Jauregi.

% 65 gizonezkoak, %35 emakumezkoak
Parekidetasun ikuspegitik, Txapelketa honetako bertsolarien % 65 gizonezkoak dira eta %35 emakumezkoak. Bada beste datu bat ere. Txartela herrialdeetako txapelketan irabazi dutenak kontuan hartuta, portzentaia %60 / %40 da. Lehenengoz parte hartuko duten bertsolarien artean berriz, proportzioak urrunduz doaz: % 72 gizonezkoak, %28 emakumezkoak.

36tik 19 finalaurrekoetara
Beste datu interesgarri bat da fase honetan aurrera egingo duten bertsolari kopurua. Erdiak aurrera egiteko aukera izango du, 16tik 19 bertsolarik hain justu. Finalaurrekoetan beste bost daude zain (Agirre, Gaztelumendi, Arzallus, Colina eta Mendiluze) eta horiekin osatuko dira lehen itzuliko 24ak.

Egin beharreko lanak, ohikoak
Lehen fase honetan bertsolariek txapelketako ohiko lanak egingo dituzte. Denera 15 bertso puntuagarri, ariketa hauetan banatuta:
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
    Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
    Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
    Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Zazpi epaile
Lehenengo fasean eta finalaurrekoetan zazpi epaile ariko dira bertsolarien lanak epaitzen. Finalean, bederatzi. Lehenengo fasean honako zazpiak ariko dira: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.

Sarrerak, eskuragai
Txapelketako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri. Agortuko ez balira, saioaren egunean bertan leihatila 15:00etan zabalduko da. Saioa hasi baino orduerdi lehenago zabalduko dira ateak, 16:30ean. Sarrerak zenbakitu gabeak dira, beraz, garaiz ibiltzea gomendatzen da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri