Ganbaran bai - Aitor Sarriegi 2022-10-11
Amaitu da Txapelketako lehen fasea eta, espero izatekoa zenez, ale ederrak adina ilusio zapuztu utzi ditu bidean. Victoria Eugeniako eta Los Llanoseko saioek blindatu dute hemeretzikotea (lagun gipuzkoarrari arrotza egin zaio bigarren izena, eta lehena zergatik ez pentsau behar lukeela iruditu zait). Astebeteko atsedena datorren honetan bertsoaren estetikari ematen zaion balioaz aritu nahi nuke. Bertsoaren estetikan sartzen dira: 10/8ko neurrietan etenik ez haustea; betelan soilak diren hitz monosilabikoak saihestea; errima bertsoaren esaldian hitz bat gehiago izatea bertsoa bertatik eraiki ordez; errimaren beraren estutasuna; bertsoaren egokiera eta belarrian esfortzurik egin gabe sartzen diren joskerak...
Azken urteotan mezua hobeste aldera sakrifikatu diren gauzak omen dira. Ez dut ukatuko bertsolari askoren bidea hori izan denik, baina galdera argia da: eta zergatik ez biak? Nik behintzat asko gozatzen dut bertsolaria biziraupen, irauten, aurten, nauten, Arkauten bertsoan behartu gabe sartzen entzunda (X. Galletebeitia). Edo “(...) Nahiz eta haserretu den / nire esaldia medio /bere oraingo haserreak / ez dit gehiegi balio / gaur mina egin dionak / bihar laguntzen badio” (J. Uria), “Dena dut ezinegona / ez naiz gustura ezertan / hiru pilula gauetan / ta beste hiru goizetan/ bart gauez irentsi nuen /horrenbeste Lorazepam / zalantza egin bainuen / bizitzak zentzurik zeukan... (...)” (A. Bizkarra). Bide batez, lau errima estu gehi lau errima estu, aukera inteligentea estuzalearentzat zortzi puntuan. Eta ez dut honekin bertsoa estetika hutsetik edo errima estu soiletik epaitu behar denik esan nahi. Azken bi hamarkadotan, diskurtsoak eta mezuak hainbesteko indarra hartu duten honetan, bertso eta bertsoaldi gogoangarriak entzun ditugu estetikari bizkar eman ez baina bai izkin eginez. Oso onak. Baina ez ote lirateke hobeak diskurtsiboki eta kokapenez bikainak bezain estetikoki landuak balira? Etena hautsi duen bertso ona ez ote da hobea etenik hautsi gabe? Errima zabaleko bertso ona errima estututa? Eta, behin galdetzen hasita: estetika zaintzen saiatzen den bertsolariaren ahaleginari ematen al zaio behar besteko baliorik?
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24