Txapelketa Nagusia - Finalaurrekoak 2022-10-20
Jexux Mari irazu
Datozen zazpi asteetan Txapelketa Nagusiko zazpi finalaurreko jokatuko dira. Hitzorduak, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan eta Bilbon. 24 bertsolarik kantatuko duten lehenbiziko itzulian eta 18 sailkatuko dira bigarrenera: lehen itzuliko lau irabazleak zuzenean eta beste 14 puntuz. Bi itzulitako puntuen baturak erabakiko ditu finalerako zazpi txartelak, Lujanbiorekin batean Nafarroa Arenako zortzikotea osatzeko.
Fase honek beraz, bi langa izango ditu, bigarren itzulira sailkatzekoa lehenik, finalean sartzekoa gero. Non egon ote litezke langa horiek edo non egon izan dira, zehatzago esanda?
Bertso eta epaile kopuru bera azken ediziotan
Bertsolariek finalaurrekoan bota beharreko bertso kopurua eta epaile kopurua bera da azken Txapelketetan, beraz, 2017ko eta 2013ko datuek, agian, argitasunen bat eman lezakete langa horietaz.
2017ko lehen itzulian zentratuko gara lehenik. 750-694 puntu bitartean lortu zituzten lehen itzuliko saio irabazleek. Sustrai Colina nagusitu zen Bastidan, Maialen Lujanbio Irunen, Beñat Gaztelumendi Maule-Lextarren eta Aitor Mendiluze Durangon. Bigarren itzulirako beheko langa 648 puntutan egon zen duela 5 urte.
Finalerako langari dagokionez, 2017an, Maialen Lujanbiok atera zituen puntu gehien, 1.457, eta Unai Agirrek eskuratu zuen BEC-erako zazpigarren txartela 1363,5 punturekin. Jon Maia gelditu zen atean.
2017an, Unai Agirre izan zen lehen itzuliko postua bigarrenean gehien irauli zuena, 14. postutik zazpigarrenerako jauzia emanda.
2013an, antzeratsu
Puntu tarte beretsuan egon ziren ziren langak 2013ako txapelketan ere. Bigarren itzulirako beheko langa 638,5 puntutan egon zen. Bi itzulitako lanak batuta, Igor Elortzak jo zuen goia 1.425 punturekin. BEC-erako zazpigarren txartela, berriz, 1.362 puntutan banatu zen. Aitor Sarriegik eta Unai Agirrek lortu zuten puntuazio hori eta Aitor Sarriegi sailkatu zen, desenpate irizpideek hala erabakita.
2013an, Unai Iturriaga izan zen lehen itzuliko puntuazioari bueltarik handiena eman ziona bigarren itzulian 14. postutik seigarrenerako jauzia emanda.
650 fasez pasatzeko eta 680-690 puntutik gorako bi saio finalerako?
Azken bi Txapelketa Nagusiko joerak mantentzen badira, bigarren itzulirako langa 640-650 puntu inguruan egon liteke. Finalera sartzeko berriz, zazpigarren txartela lortzeko gutxienez 680-690 puntu bitarteko bi saio beharko direla dirudi. Beti ere, noski, puntuaketa eta bertso maila aldetik aurreko edizioetako estandarrak hor nonbait balebiltz.
Langak laga, estatistikak estatistika baino ez dira, lagungarri izan daitezkeen neurrian bakarrik kontuan izatekoak. Larunbatean Elizondon hasiko dira gauzak argitzen.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24