Txapelketa Nagusia - Finalaurrekoak 2022-11-17

Bigarren itzulian bertso bat gutxiago eta bost ganbaran

Bigarren itzulian bertso bat gutxiago eta bost ganbaran
14 bertsotik 5 ganbarako lanean botako dituzte bertsolariek. Bina punturi erantzun beharko diete lehenbizi eta gai bati hiru bertso kantatu jarraian. Orain arte 700 puntuko langa zena, bigarren itzuli honetan 653 puntukoa izango da.

Jexux Mari irazu

Finalaurreko bigarren itzuliak aldaketak datartza bai bertsolariek egin beharreko lanetan eta baita bertso kopuruan ere. Amurrion, Baionan eta Bilbon bertsolariek 14na bertso puntuagarri kantatuko dituzte, kanporaketetan eta finalaurreko lehen itzulian baino bat gutxiago. Horrek gure puntuaketa eskala mentala ere aldatu beharra ekarriko du. Orain arte 700 puntuko langa zena, bigarren itzuli honetan 653 puntukoa izango da. Eskala horretan, Alaia Martinen 729,5 puntuak 680,5 lirateke. Finaleko zazpigarren txartela, berriz, (Amets Arzallus 688) 642 puntutan geldituko litzateke, lehen itzulian.

Bost bertso ganbarako lanean
Bada beste aldaketa nabarmen bat ere aurreko faseetatik: 14 bertsotik 5 ganbarako lanean botako dituzte bertsolariek. Bina punturi erantzun beharko diete lehenbizi eta gai bati hiru bertso kantatu jarraian. Horiez gain, hiru ofizio egin beharko dituzte. Hamarreko txikian hasi, zortziko handian gero eta zortziko txikian amaitu. Hortik, ganbarako lanera.

1.330 puntutik gora finalean sartzeko
Lehen itzuliak 41,5 puntuko tartea utzi du finaleko postuetan sailkatu diren zazpi bertsolarien artean. Alaia Martinek jarri du goiko langa 729,5 punturekin eta Amets Arzallus dago zazpigarren postuan, 688 punturekin. Mugan, gauzak estuago daude. Bost bertsolari daude 16,5 punturen barruan.

Lehen itzuliko zazpigarren sailkatuaren puntuaketa aintzat hartu eta beste horrenbeste behintzat egin beharko dela aurresuposatuta, 1.330 puntu inguruan egon liteke finaleko langa. Azken bi txapelketetan 1.318 puntutan egon da langa hori.

Azken estatistika datu bat: 2017ko eta 2013ko Txapelketa Nagusietan lehen itzulian finaleko postuetan sailkatutako zazpi bertsolaritik sei sartu ziren finalean. 2017an Agin Laburu gelditu zen kanpora, lehen itzulian 694 puntu eta zazpigarren postua eskuratuta. Unai Agirrek eman zuen jauzia orduan, Iruñean, azken finalaurrekoan. 2013an Unai Agirrek berak ezin izan zion eutsi lehen itzuliko zazpigarren postuari. Unai Iturriaga sartu zen top zazpian, lehen itzuliko emaitza iraulita. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri