Txapelketa Nagusia - Finalaurrekoak 2022-11-24

Baionan azken aurrekoa

Baionan azken aurrekoa

Baionan jokatuko da seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko bigarrena Amurriokoari jarraipena emanez. Oholtzan, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena, Ainhoa Larretxeak aurkeztuta. Emakumezko bertsolari bat eta bost gizonezkoak.

Sustrai Colina Irungo saioa irabazita sailkatu zen Baionarako, 710 puntu eskuratuta. Zazpigarren Txapelketa Nagusia du urruñarrak eta lehen itzulian pauso handi bat eman zuen bere seigarren finalean sartzeko. Bertsoa.eus-i adierazi zion esperientziaz badakiela finalean sartzeko bi saio on egin behar direla eta horretarako aldartean joatea du helburu.

Beñat Gaztelumendik Durangon eskuratu zuen Lapurdiko hiribururako txartela. Añorgarrak darama puntu zaku handiena Baionara, Landakon lortutako 716,5 puntu eta beraz pausoa handia emana du hirugarren finala lortzeko. Bertsoari zentzumen eta gorputz gehiago emateko lanketan ari da Gaztelumendi, Bertsoa.eus-i aitortu zionez, eta bide horretan planteatu du Baionakoa ere.

Julio Sotok ere Durangon hirugarren postua eskuratuta sailkatu zen bigarren itzulirako. Gorritiarra, finaleko langan gelditu zen lehen itzulian, 686 punturekin, Amets Arzallus eta Oihana Iguaranen koxka beretsuan. Finaletik inoiz egon den gertuena dago Soto. Horretarako, Durangoko bere bataz bestekoa ondu beharko luke, 15 puntutik gora, finaleko langa 1.330 puntu bueltan legokeela suposatuz.

Nerea Ibarzabal Irunen bigarren sailkatuta joango da bigarren itzuliko finalaurrekora. 673 puntu ditu zakuan Ibarzabalek eta bederatzigarren sailkatu zen lehen itzulian. Arriskatzera joango dela iragarri zuen Bertsoa.eus-en zer galdurik ez eta irabazteko asko duela iritzita. Finaleko langa 1.330 puntutan kokatuta, Ibarzabalek 657 puntutik gora eskuratu beharko lituzke finalean sartzeko eta Sotori 13 puntuko aldea jan.

Unai Agirrek Elizondoko finalaurrekoan eskuratu zuen bigarren itzulirako txartela. Hernaniarrak 652,5 puntu atera zituen Baztan frontoian. 2017an bera izan zen sailkapena irauli zuena 14. postutik zazpigarrenera jauzi eginez, Iruñeko azken saioan. Aurten, oraindik ere jauzi handiago beharko luke postu horietan sartzeko.

Eñaut Martikorenak Durangon kantatu zuen lehen itzulian eta 636,5 puntu eskuratu. Bertsolari hernaniarrak bere lehenbiziko Txapelketa Nagusia du eta lehen parte hartzean bigarren itzulirako sailkatzea lortu duten hiru bertsolarietako bat da, Joanes Illarregi eta Aitor Bizkarrarekin batean.

Bertso bat gutxiago: 14na bertso puntuagarri
Finalaurreko bigarren itzulian 14na bertso puntuagarri kantatuko dituzte, kanporaketetan eta finalaurreko lehen itzulian baino bat gutxiago. Beraz, orain arte 700 puntuko langa zena, bigarren itzuli honetan 653 puntukoa izango da.

Bost bertso ganbarako lanean
Bada beste aldaketa nabarmen bat ere aurreko faseetatik: 14 bertsotik 5 ganbarako lanean botako dituzte bertsolariek. Bina punturi erantzun beharko diete lehenbizi eta gai bati hiru bertso kantatu jarraian. Horiez gain, hiru ofizio egin beharko dituzte. Hamarreko txikian hasi, zortziko handian gero eta zortziko txikian amaitu. Hortik, ganbarako lanera.

Bigarren itzulian ere epaile talde bera hiru saiotan
Txapelketa Nagusian zehar epaile talde bera aritu da fase osoa epaitzen eta fase batetik bestera epaile talde osoa berritu da. Finalaurreko bigarren itzulian ere zazpikote berria sartuko da zeregin horretara. Honako zazpi epaile hauexek ariko dira Amurrion, Baionan eta Bilbon: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Larunbatean idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga ariko dira.

Bertsoa.eus-en zuzenean eta igandean bertsoak sarean
Bigarren itzuliko finalaurreko guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira Bertsoa.eus-en, Eitb.eus-en eta ETBko laugarren katean. Larunbat gauean, ETB1n ganbarako lana ikusi ahal izango da diferituan, 23:00etan hasita. Igandean, bertsoaldi guztiak sarean izango dira eta Hitzetik Hortzeran emango da aukeraketa, ETB1n.

Datozen bi finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariek finaleko langarekiko duten tartea eta eskuratu beharreko gutxieneko puntu kopurua, langatzat 1330 puntuko erreferentzia hartuta.




 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri