Sebastian Lizaso, Unai Gaztelumendi, Andoni Egaña, Egoitz Alkorta eta Maialen Lujanbiok kantatu zuten. Gaiak Aitzol Astigarragak jarri zituen.
Bertso-saioa izan zen joan zen ostiralean Mutrikuko frontoian. Gaueko 22:30etan hasi zen saioa, eta 200 bat lagun elkartu ziren. Honako bertsolari hauek kantatu zuten:
Sebastian Lizaso
Unai Gaztelumendi
Andoni Egaña
Egoitz Alkorta
Maialen Lujanbio
Handia da Mutrikuko frontoia, zesta-puntan jokatzeko prestatua baitago. Oholtza aurreko kuadroetan jarri zuten, eta aurrean jarri ziren entzuleak. Giroa dezente berotu zen, txalo-jotzeko prest zegoen entzuleria.
Aitzol Astigarraga aritu zen gai-jartzaile lanetan. Gehienetan binaka aritu ziren bertsolariak, baina izan ziren bestelakoak ere. Andoni Egañak bakarka kantatu behar izan zuen. Espetxean 23 urte pasa eta etxera joan behar duen egunean "Parot dotrina" ezarri dioten presoaren larrutik kantatu zuen Egañak, eta bertsoaldi ona izan zen. Maialen Lujanbiok ere bakarka kantatu zuen, baina bereziagoa izan zen bere lana. Mutrikuren historiako lau gertaerari buruz kantatu behar izan zuen Maialenek. Saio hau ere dotorea izan zen.
Bertsolariek hirunaka ere aritu behar izan zuten zenbaitetan. Hala, saioaren hasiera aldera Unai, Sebastian eta Egoitz altxarazi zituen gai-jartzaileak. Gaiak honakoa zioen: Aita-semeak dira. Sebastian aita eta Unai eta Egoitz semeak. Aitak erabaki du semeak eskolatik atera eta etxean bertan erakustea. Saio umoretsua izan zen, eta entzuleek eskertu zuten.
Gainerakoan, binakako lanak nabarmendu ziren. Saioa bukatutakoan hiru ziren entzuleen artean gehien azpimarratzen ziren bertsoaldiak. Batetik, Unaik eta Andonik egin zutena. Bikotea ziren, eta beti Unairen auto "tuneatuan" igaro ohi zituzten gauak. Umorezko saioa joan zen.
Maialen eta Sebastianek egindakoa ere aipatzen zen. Senar-emazteak ziren. Sebastian, senarra, arrantzalea zen, baina atunik ez zegoenez etxean geratu behar izaten zuen. Hemen ere umorea izan zen nagusi.
Azkenik, Andonik eta Maialenek serioago kantatu behar izan zioten Euskal Herriko egoera politikoari. Maialenek gauzak garbi esan behar zituen eta Andonik, berriz, metaforak erabili. Azkenean biek erabili zituzten, gehiago edo gutxiago, metaforak, eta biek kantatu zuten garbi. Hala ere, publikoak eskertu egin zuen beraien lana.
Saio ona atera zen orokorrean, gorabeheraren bat ere izan bazuen ere. Ordu t`erdi inguru aritu ziren kantuan.