Ganbaran bai - Aitor Sarriegi 2022-11-28
Aitor Sarriegi Galparsoro
Ia ohartzerako finalerako saio bakarraren faltan utzi gaitu txapelketak. Laugako saioa orain arteko orekatu eta gozagarriena iruditu zait, eta bertsoaren zati garrantzitsu den doinuari ere kuku bat egiteko garai ona dela uste dut. Txapelketa plaza egokia da doinu berriak plazaratzeko: toki oso desberdinetako entzule ugari publikoan, telebista bertan, ganbarako lanak... Asko gara patrikan doinu berriren batekin (edo gehiagorekin) gure markaren bila edo joaten saiatu garenak. Hori ere bai baitu doinuak: “halakoren” doinu bihurtzen da, eta erabiltzeko eskubidea ere norberarentzat geratzen da denbora batean, beste inork egitea sakrilegioa bailitzan.
Komunikazioa ere gakoa da, ordea, eta doinu berriak plazaratzeko paradarik egokiena ganbarakoa izanik (ofiziotan zail samarra da, bi bertsolariek adostu beharrekoa baita), egungo ganbarako gaikerak eta donu berriak plazaratzeak talka egiten dute askotan. Sentsazio hori izan dut entzun ditudan zenbait doinurekin. Batetik, doinu baten arrakasta ez dago doinuaren beraren edertasun eta egokitasunean soilik. Aurrez antzeman ezinekoa da gerora egingo duen bidea. Hala ere, badira doinu kantariagoak (asko kanta ezagunetatik hartuak) eta badira pausatuagoak. Doinu bera oso desberdin entzun daiteke aurrez ezaguna den bertso bat kantatuz ala bapatean arituta. Erritmoa, ahotsaren modulazioa... gauza asko aldatzen dira sormen-lanean ari garenean. Horri ganbarako lanean hartutako bidea eraikitzen aritzea eransten bazaio entzulea deskolokatzeko arriskua dago. Arreta bertsolariak egin duen aukera antzeman nahian jartzean doinua bigarren planoan geratzen da eta hura ere ezezaguna bada komunikazioa zailtzen da. Horri aurre egiteko estrategia dira, berez, hasierako agurrean doinua aurkeztea edo lehendik aski ezaguna den doinu edo kantaren baten moldaketa, baina azken hau ere arriskutsua da, jatorrizkotik (edo jatorrizkoaren erritmotik) urrutiratuz gero efektu bera sor baitezake. Esango nuke Oihana Iguaranena izan dela oraingoz Txapelketa honetatik belarrian iltzatuta geratu zaiguna, eta oharkabean beste moldaketa eta doinu asko pasatu zaizkigula.
Baga, biga, higa...eta laga. Bete beharreko zazpi postuetatik lauk izena badutela dirudi, eta zalantzarako tarterik utzi gabe laurek gainera. Finalean nafar bat izango dugula oso aspaldiko partez ere nahiko ziurtzat jo daiteke. Kristalezko sabaia gutxienez bik hautsi dutela ere bai. Geratzen diren hiru tokietatik bat behintzat txapeldunordearentzat izango dela dirudi. Eta gainerako bietarako borrokan lau bertsolari sartuko nituzke, aukerak aukera, matematikak kontrakorik ez dioen artean.
Ohar bat: Nerea Ibarzabalek eta Alaia Martinek aurrez ezagunak ditugun doinuetan ondu dituzte ganbarako lanak. Esan nahi zutenetik arreta ez desbideratzeko estrategia ona da hori ere. Entzuleari ezagutzen duena gustatzen zaio.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24