Ganbaran bai - Sarai Robles 2022-11-21
Joan da bigarren itzuliko lehenengo saioa, eta hasi da finalerako bidea estutzen. Alaia Martinek saio zoragarria osatu zuen Amurrion, eta ia ('ia' esan beharra baitago) ziurtatua du tokia Nafarroa Arenako oholtzan. (Eta hau poza!) Aitor Bizkarrak ez dakit hankarik duen finalean, baina behatz bat edo bi agian bai. Eta, min handiz, badirudi lehiatik kanpo geratu direla hautagai argiak ziren bertsolari batzuk ere. Oihana Iguaranen ganbarako ariketak txapelketako altxorretako bat izan dira, nire ustez.
Tira egiteko moduko hamaika harimutur utzi zituen saioak, baina nik hiruri helduko diet:
1. Aurreko itzuliko puntuak gora-behera, finalerako 'ia' aukerarik gabe oholtzara igotzen den bertsolariaren figura agertu da. Hasieratik zuen argi Miren Artetxek: "Dagoeneko Iruñera joan beharko dut publiko, (...) zorrak kitatzera nator neure buruarekiko". Puntuazio jakin batera heltzeko presiorik ez duenak askeago kantatzen al du txapelketan? Entzunen al genuen zianuroz zipriztindutako ganbarako gogoangarri hura finalerako txartela jokoan izan balu?
2. Entzulea hotz somatu nuen. Hotz, eta hortz zorrotzekin. Iruditzen zait bertso batzuk ez genituela behar bezela saritu eta, aldiz, akatsak sobera nabarmendu genituela. Bertsolari batek poto egin eta "poto! Poto izan da!" zurrumurruka hasteak ez dio inori mesederik egiten, ez bada gure barruko epaile frustratuari. Bertsolaritza komunikazio ekintza bat da, eta noranzko bat baino gehiago ditu baita txapelketan ere. Entzuleak ere bere papera du, morboak morbo.
3. Eta morboarekin jarraituz: biluzte ariketa izugarria egin zuten oholtzako askok. Halaxe nabarmendu zuen Agin Laburuk bere azken agurrean: "goitik behera biluztu naiz alajaina". Aitor Bizkarrak ere keinu egin zion bere oholtzatik kanpoko munduari hasierako agurrean. Ausardiak arriskua ere badakar, eta jende dezente somatu nuen bertsolari honen edo bestearen ganbarakoak autobiografikoak ote ziren asmatu nahian. Morboak morbo...
Finalerako bideak estutzen segiko du datozen bi asteetan, baina nahi baduzue topatuko dugu txokoren bat trago bat hartu eta harimutur hauei (edo besteren bati) tira egiteko. Onerako zein txarrerako, ez da ezer geratzen eta!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24