Maribel Servera - Mallorcako glosadora 2022-12-09

Maribel Servera: «Txapelketako finalak Mallorcako glosan eragina izango du»

Glodadora mallorcarrak hirugarrenez jarraituko du Txapelketa Nagusiko finala. 30 glosadore daude Mallorcan eta duela urte batzuk galtzorian ikusten bazuten ere, osasun onean dago gaur egun.

Maribel Servera Mallocan jaio eta bizi den 41 urteko glosadora da, inprobisatzailea. Glosa Mallorcan Bertsoari deitzeko erabiltzen duten hitza da. Hirugarren aldiz izango da txapelketako finalean. Entzun eskaini digun elkarrizketa.

Noiz murgildu zinen inprobisazioaren munduan?

Duela 12 urte hasi nintzen inprobisatzen. Nerabezaroan ez nuen inprobisazioarekin harremanik izan, glosa eta bere unibertsoa adinean aurrera egin ahala ezagutu nituen, 27 urte nituelarik. Garai hartan ikusi nuen lehen aldiz glosadoreen arteko saio bat eta txunditurik geratu nintzen. Une hartan bertan jakin nuen ikusitako hori egin nahi nuela eta saioak entzuten hasi nintzen. Inprobisatzaileak ezagutu nituen, ekosistema berri baten parte izatera heldu naiz eta gaur egun horretan dihardut, gelditu ere egin gabe.

Ez da zure lehen finala izango.

Aurtengoa hirugarren finala izango da niretzat. Beti da esperientzia ahaztezin bat. 2016. Urteko Europa Bat-batean parte hartzeko aukera izan nuen beste glosadore batzuekin batera. Bertan Maialen Lujanbio eta Alaia Martin  bertsolariekin oholtza partekatu nuen. Mallorcako glosadore guztien izenean hitz egiten dut esaten dudanean izugarri gozatzen dugula bertsolariekin bizipenak partekatzen ditugunean, guretzat erreferente dira.

Bertsolaritzak gizartean duen presentziak, jakintzaren zabalkunderako duen indarra… miresgarria da guretzat. Horregatik bertsolariekin esperientziak partekatzeko aukera dugun guztietan bat egiten dugu. Gure inguruan topaketak antolatzen ditugunean, eta aukera badago behintzat, beti ahalegintzen gara bertsolariek gonbidatzen. Adibidez duela 15 egun izan genuen inprobisatzaileen topaketa bat eta orduan ere 3 bertsolari izan genituen gure artean.  Duela urtebete inguru “12 ordu glosa” ekimena egin genuen eta mahai inguru batean parte hartzeko bertsolari bat gonbidatu genuen. Uste dugu munduan dauden inprobisazioa ezberdinen artean jakintza partekatzea aberasgarria dela.

Aurtengo finala berezia izango da.

Irrikitan nago aurtengo finalerako joateko. Lehenago esan bezala dagoeneko bi finaletan egon naiz baina jakitun gara urtero amaitzen direla sarrerak eta pribilegio eta zorte handia dela bertan egotea. Kanporaketak jarraitu ditugu eta badakigu emakume gehiago egongo direla finalean. Iruditzen zaigu honek bertsolaritzaren mugimenduaren ahalduntzea eta eboluzioa erakusten dituela. Gogotsu gaude finalean gertatuko dena ikusi eta gozatzeko.

Zer eraman nahiko zenuke Nafarroa Arenatik?

Finaletik, Mallorcan lanean jarraitzeko ilusioa, gogoa eta energia eramango ditudala esango nuke. Era honetako esperientzia intentsoak bizitzeak indarrez betetzen zaitu. Hainbeste pertsona isilik, adi, errespetuz bertsolariak entzuten ikusteak edozein txunditzen du, izugarria da. Finaletatik bueltan indarberriturik itzuliko naiz Mallorcara.

Nolakoa da Glosaren egoera?

Gaur egun Mallorcan glosaren egoera ona  da. Duela 15 urte bazirudien desagertu egingo zela 3 inprobisatzaile geratzen zirelako baina gaur egun 30 gaude, une on batean. Dena den, jende gehiagorengana iristeko lanean jarraitu behar dugu eta uste dut Txapelketako finalean egoteak Mallorcako glosaren egoeran eragina izango duela.

 Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Mallorcako glosadore guztien izenean eskerrak eman nahi nituzke Txapelketako finalean egoteko aukera emateagatik. Gure aldetik esan Mallorcako glosadoreak hemen gaudela lankidetzarako prest eta ilusio handiz.

 

 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri