Ander Fuentes 'Iturri' - Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketaren irabazle ‘Iluntzean’ sortarekin 2023-01-12
Ander Fuentes Iturri (Zubieta, 1979) bertsolariak irabazi du Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketa ‘Iluntzean’ sortarekin. Bertsoa.eus-en sortaren nondik norakoaz galdetu diogu.
«Bertso bidez aitortzen dut/kontatzeko desioa/isilik eta pixkana/hil nauen depresioa» dio lehenengo bertsoak. Azaldu sortaren nondik norako nagusiak, bertso hauek idaztearen motibazioa, gaia eta ikuspegia...
Sorta ez dakit zehazki nondik sortu zen, baino oroitzen naiz etxealdi garai horren inguruan izan zela. Akaso gelditu ginenean eta denbora hartu nuenean azaleratu zen. Hala ere, ematen du depresioa hitzak harritu edo mugitu duela jendea gehien, baina hitz horren ordez antsietatea, dueloa, estresa edo besteren bat jarri izan banu, sortak berdintsu funtzionatuko luke.
Nire kasuan urte asko daramazkit nerabeekin lanean eta momentu zoragarri asko bizi arren, une oso gogorrak ere bizi izan ditut (antsietateak, jazarpenak, bakardadeak, heriotzak, suizidioak...), eta urte hauetan denetan sentitu, aditu eta bizitakoetatik ere badu sortak. Ematen du gaur egungo gizartean nahitanahiez aurrera egin behar dela, eta iruditzen zait gure buruari ez diogula sufritzeko baimenik ematen, dena zorion behar duela. Eta sufritzen duena juzgatua ere sentitzen da, norberak bere burua juzgatzen duelako eta ingurukoek ere bai.
Bestalde, azken urteotan ezkortasun kolektibo bat ere nabari dut, esperantza eza. Etorkizuna beltz ikusten dugu eta gazteengan ere ez dugu konfiantzarik, dena okerrera doala ematen du. Eta horretan komunikabideek ere bere papera dute, beldurra hedatzen dutelako gure artean.
Sortari dagokionez, islatu nahi nuena zen tristuran murgildua dagoen pertsona batek zer sentitu dezakeen. Sorta mantsoa da, aurrera oso pixkana doana, baina depresioan dagoen pertsona batentzako bizitza ere oso pisua da. Hori zen sortaren asmoa, aurrera ezin egin hori islatzea.
Norbere mundu intimo doinua hautatu duzu…
Norbere mundu intimo sentimenduak adierazteko oso doinu egokia dela iruditzen zait. Bertsoa betetzeko ere ederra da eta sorta hau idazterakoan uste dut automatikoki hau etorri zitzaidala burura.
Ez da azkenaldian irabazi duzun lehen saria. Aitor Sarasua sariketa ere irabazi zenuen 2021ean…
2008 eta 2011n Egile Berrientzako egiten zen bertso sariketan lehenengo saria lortu nuen. 2021ean Aitor Sarasuaren omenezkoa eta orain hau. Ezin naiz kexatu egia esan.
Maiztasun jakin batekin idazten al dituzu sortak, motibatzen zaituzten gaien inguruan, sariketa jakin batzuetarako?
Sortak ez ditut normalean idazten, nahiz eta urtean zehar ingurutik eskaera batzuk izaten ditudan. Nire akuilua askotan sariketak dira. Denbora epe bat izateak estutzen nau, bestela segur aski ez nituzke sortak idatziko. Adibidez, idea bat nerabilkin buruan aspalditik baina ez nintzen idazten hasten. Aitor Sarasuaren omenezko sariketa ikusi nuenean, iruditu zitzaidan idea hori polita izan zitekeela bertan aurkezteko. Eta halaxe hasi nintzen sorta idazten. Egia esan Aitor Sarasuaren omenez izateak ilusio berezia egin zidan.
Zer eskaintzen/ematen die bertso berriek Ander Fuentes Iturriri?
Bertso berriak idazteak burua martxan mantentzen laguntzen dit. Idea gehienak mendian oinez nabilela etortzen zaizkit. Behin bidea argi ikusten dudanean, normalean sorta oso azkar idazten dut. Esan bezala, urtean zehar sorta batzuk idazten ditut ingurutik eskatutakoak (eskolatik, lankideen agurrak, norbait oroitzeko bertsoak...), eta horrela martxan mantentzen dut nire burua. Doinu eta neurri diferenteak probatzea ere gustatzen zait.
Sorta horiek baliatuta zerbait osatzeko edo lantzeko asmorik bai aurrera begira?
Idatzitako sortekin ez dut momentuz beste zerbait sortzeko asmorik. Iluntzean sortaren kasuan, norbaiti bere burua edo bere inguruko batena zertxobait ulertzeko balio baldin badio, konforme.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24