Zutabea 2023-02-27

"Eguneroko plazak erakusten digu mugimendu bizia dela bertsolaritza, jendetsua, belaunaldi artekoa, gaztea, eta geroz eta heterogeneoagoa"

"Eguneroko plazak erakusten digu mugimendu bizia dela bertsolaritza, jendetsua, belaunaldi artekoa, gaztea, eta geroz eta heterogeneoagoa"

Aitor Irastorza Fadrique

Zer gelditzen zaio bertsolaritzari gertatzeke? Zer dakarkio etorkizunak? Galdera potoloak egin dizkidazu, Hodei. Bertsolaritzaren etorkizunaz ariko naiz lehenik; etorkizuneko bertsolaritzaz espekulatuko dut gero.

Eguneroko plazak erakusten digu mugimendu bizia dela bertsolaritza, jendetsua, belaunaldi artekoa, gaztea, eta geroz eta heterogeneoagoa. Nafarroa Arenako argazkia horren erakusle. Errealitate horri heltzen badiogu, itxaropenerako motiboak dauzkagu bertsolaritzaren etorkizunaz. Hau horrela, noan etorkizuneko bertsolaritzaren zenbait hari-mutur irudikatzera.

Zeri kantatuko zaio? Telebista edo paperezko egunkariekin baino, Twitter, Youtube, edo Twitch bezalako plataformekin hazi diren horien mundu-ikuskerak derrigor behar du ezberdina. Erruz, bertso-plazak islatuko ditu bestelako kezka, rol, eta pertsonaiak. Aurrekoari lotuak doazkio bestelako hainbat gogoeta-gai ere: espazio publikoaren jabegoa, zaleen dibertsifikazioa, eta ikus-entzunezko formatuen aldeko apustu handiagoa.

Nork kantatuko du? “Orduan gaitzat hartzen genitun / ta orain eurak gai dira” zioen Andonik. Ezagutuko ditugu kartzelan jaiotako haurrak bertsotan, ariko dira Ibrahimak oholtzan, eta izango dira adimen artifizialeko makinak hezur-haragizkoen kantulagun, zeintzuek (adibidez) Lujanbioren diskurtsoa eta Egañaren errimategia izango dituzten sistema eragile.

Etorkizunak ekarriko du, halaber, Txapelketa Nagusiko finala Baionan. Eta Gasteizen. Bertso-eskola berriak Ahetzen. Eta Altzürükün. Doinu berriak zortziko handian. Eta sei puntuko motzean. Etorkizuna iragartzeko modurik onena berau sortzea omen. Bide-orri batzuk eskaini ditut lerrootan.

Hurrengo puntua, Santutxutik pasa eta AEBetara, Urtzi Urrutikoetxeari. Nola bizi du batek bertsolaritza atzerrian? Nola azaldu zer den bertsolaritza atzerritarrei?

 

 

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa