Zutabea 2023-03-28

"Diasporan euskaltasuna beste era batera bizi da, lekuan lekukoarekin hibridazioan"

"Diasporan euskaltasuna beste era batera bizi da, lekuan lekukoarekin hibridazioan"

Urtzi Urrutikoetxea

Etxetik milaka kilometrora, nola bizi da bertsolaritza? Herriminak 2023an ez dauka duela ez askora arte migrazioak edo erbesteak zeukan kutsua: teknologiak etengabeko jarioa eta komunikazioa dakar, eta fisikoki ere urtean birritan gutxienez ozeanoaren alde horretara joaten gara. Batzuek familiaren hutsunea nabariko dute gehien, ostiraleko pintxopotea besteak, eta izango da herriko kaleen, kostaldearen edo mendi-basoen mira duenik. Bertso-txapelketen zurrunbiloak ere badu tiradizoa, zelan ez, baina ezeren faltarik igartzekotan, osteguneroko bertso-taldearen hutsunea nabari dut.

Oso gazterik hasi eta bizitzako une desberdinetan beti hortxe izan duzun lagun-taldea, ondo zein erdipurdi bertsotan, berbetan, adarra jotzen zein eztabaidari sutsuenetan ibiltzeko lagun-taldea dut Santutxuko bertso-eskola. Zer esanik ez une gozoetarako, baina baita bizitzak eta egunerokotasunak nahi baino estres handiagoa dakarrenean ere. Milaka kilometrotara joatea baino ihes-balbula hoberik ez dut aurkitu, munduko txoko askotan ibilita ere. Abenduan itzuli eta egin genuen lehen bazkarietako bat horixe izan, eta hala izatea espero dut uztailean ere.

Ezin beti ozeanoaren beste aldera begira egon, horratik. Diasporan euskaltasuna beste era batera bizi da, lekuan lekukoarekin hibridazioan; hor hizkuntza da galtzaile sarritan. Horregatik, itzel pozgarria izan da Boisetik gidatuta NABOren (Ipar Amerikako Euskal Elkartea) abian jarri den bertso-eskola. Estatu Batuetako kostalde batetik besteraino dihardugu kantuan, astegunetan eskola-planean, eta igandetan librean, Kalifornian, Wyomingen, Idahon, New Yorken, neroni Washingtonen; ozeanoren zuen aldean ere ez da lagunik falta. Azken puntuaren errepikapenak kili-kolo doaz tarteka, kantatzetik segundu pare batera iristen delako, baina asteko une zoragarrietako bat da niretzat. Lerrook idazterako, Nevadako Renon kantari ari dira, eta badituzte udaberri honetan bestelako saio-proposamenak ere. Kontuak horrela, Todor Azurtza, zer bertso-giro ari zarete sortzen AEBetako mendebalde horretan?

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu