Eneko Fernandez Maritxalar - Lesakako Irain ikastetxeko irakaslea 2023-06-07

«Bertsoa eskolaren erdigunean jarri dugu bere balio didaktiko guztia baliatzeko»

Hiru ardatz ditu proiektuak: material pedagogiko berria sortu eta Bertsozale Elkarteak sarean duena adinka sailkatzea 2-12 urte bitartean. Bertsoa eskolaren erdigunean kokatzea. Eta bertsoaren balio didaktikoa zabaltzea. Oso harrera ona izan du. Eneko Fernandezen ahotik jaso ditu Bertsoa.eus-ek proiektuaren xehetasunak.

Lesakako Irain ikastetxe publikoan bertsoa oinarri duen hezkuntza proiektua jarri dute abian 2-12 urte bitarteko adin tarte guztietan. Eneko Fernandez bertako irakasle eta bertsolariaren ekimenez dator proiektua, eskolako zuzendaritzak eta familiek babestuta. Bertsoa.eus-ek proiektu horren nondik norakoak jaso ditu, Eneko Fernandez beraren ahotik.

Ikastetxeetan bertsolaritza modu antolatuan lantzea ia mende erdira doan bidea da eta gaur egunean ia 30.000 ikasle inguruk lantzen dute Euskal Herri osoan, Bertsozale Elkartearen eta hainbat ikastetxe, udal eta erakunderen arteko lankidetzan. Bertsolaritza bidez beste edukiak lantzea eta unitate didaktikoak sortzea ere egin izan da han eta hemen.

Ordea, bertsoa eskolako erdigunean kokatu eta 2-12 urte bitartean adin tarte bakoitzari egokitutako lanketa programatzea, bertsoaren balio didaktikoa ikastetxe osoan aplikatzea historia lantzeko, gelako arauak ikasteko, ipuin klasikoak bertso bidez ikasteko, herriko bertsolaritza lantzeko... hori pauso berria da bertsoaren lanketaren bidean, Lesakako Irain Eskola Publikoan garatu dena.


Gela bakoitzak kopla bat du, eskolako gune guztiek bezalaxe.

Eneko Fernandezen hitzetan, hiru ardatz ditu proiektuak. Batetik, material pedagogiko berria sortu eta Bertsozale Elkarteak sarean www.bertsoikasgela.eus-en duena adinka sailkatu, bereziki txikienentzat: «halako gida bat osatu dugu». Bestetik, bertsoa eskolaren erdigunean kokatu eta, azkenik, bertsoa beste hainbat gairen lanketarako baliatu, «bertsoak duen balio didaktiko guztia ahalik eta zabalpen handienarekin» emanez. Bereziki, herriko bertsolarien erreferentziak eta bertsoak baliatuta.


Ikasle zaharrenak txikiagoei ipuinak kopletan kontatzen gelan.


Lesakako bertsolaritzaren ibilbide interaktiboa
Bertsolaritza beste gaiak lantzeko baliatzeaz gain, herriko bertsolaritzaren lanketa berezia jarri dute abian Irain ikastetxean: Lesakako bertsolaritzaren ibilbide interaktiboa. Egungo eta iraganeko bertsolarien etxe edo erreferentziako puntuak lotuko dituzte, bertsolarien biografia eta bertso grabazioz hornituta, QR bidez informazioa jarriz.


Maiatzean, Joxe Juan Zubieta Etxabe bertsolariaren testigantza jaso zuten ikastetxean.

Lesakako historiaren azken 150 urteko historia bertso testingatzen bidez lantzen duen unitate didaktikoa ere landuko dute.

Sortzen duten materiala, guztien eskuragarri www.bertsoikasgela.eus
Irain Ikastetxeak proiektu berri honen baitan sortzen duen material didaktikoa Bertsozale Elkartearen esku jarriko dute www.bertsoikasgela.eus-en sarean jartzeko. Proiektua beste ikastetxeetan zabaltzen edo egokitzen laguntzeko prestutasuna azaldu du Fernandezek eta aitortu du ederra litzatekeela ikastetxeen arteko sare zabalago bat sortzea. Bereziki azpimarratu eta eskertu du Irain Eskolaren inplikazioa, zuzendaritzaren, klaustroaren eta familien inplikazioa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri