Joxepa Zubeldia Elizegi (1918) 2023-06-21

«Hernaniko berrik oso harrigarrik» audioan

2023/20230616hernani_joxepa_zubeldia/Joxepazubeldia_bertsoak_audioan.mp3.mp4
Joxepa Zubeldia Elizegren bertsoak audioan, Oihana Iguaranek kantatuta, 1918ko baztangaren matxinadaz.

Bertso berrik andre batek jarrik. Hernaniko berrik oso harrigarrik. Horixe da Joxepa Zubeldiaren sortaren izenburu osoa. 1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du Zubeldia Elizegiren sorta honek, gertakari haren datu historiko asko emanez.

Gipuzkoako gobernadoreak baztanga zuten gaixoak Hernanira ekartzea erabaki zuen nonbait eta herritarrak kalera atera ziren gogor, bereziki emakumeak, Bidera atera ginan/emakume asko. Gobernadoreak atzera egin behar izan zuen eta lorpena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Hernaniko Ezkiaga pasealekuan. Ospakizun hartan, Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean.

24 bertso ditu sorta osoak eta hautaketa dakargu hemen. Oihana Iguaranek jarri die bertsoei ahotsa, Joxan Goikoetxeak eta Gari Otamendik musikaz lagunduta. Grabaketa Hitzetik Hortzera ETB1eko bertso programarako egina da, Historiako Emakume bertsolariak atalerako (2020).


1.
Apirilaren bian
Hernaniko herria
lau orduan egon zan
ikaragarria
karrasi eta diarka
orduko larria
eskerrak genduela
batasun haundia.

2.
Orduantxe Hernanin
ez zan lo jendia
kanpana ta tronkua
dantzatuak dia
tronko haundikin itxi
ziraden bidiak
barrika gurdi eta
asma al guziak.

3.
Bidera atera ginan
emakume asko
eta ailegatu baino lehen
egin degu alto
zibilak esan zigun
etxera biltzeko
bazutela baimena
odola isurtzeko.

4.
Isurtzen badezute
odola gurekin
hil beharrak zerate
ze(u)on zaldiekin
guztiok bizkor gaude
gauza gogorrekin
bihurtu hobe dezute
baztangadunekin.

5.
Zibila franko baitzan
zaldi galantakin
guri desafioka
beren ezpatakin
ez ginan ez izutu
ho(r)iek guztiekin
danok atera ginan
mirari haundiakin.

6.
Mikela eta Asentxi
pareja fuertia!
Haiek aurre(a)n zirala
fin ginan jendia
zaharrak eta gaztiak
neskatxa eta andriak
andre txit aberatsak
baita ere pobriak.

7.
Lana egin genduan
kupida haundi gabe
senarrak utzirikan
bazkaririk gabe
ustuta petroleoz
ospitala i(g)urtzi
agudo errezeko
kristal danak hautsi.

8.
Horra bertso berriak
andre batek jarri
ez diot esker txarrik
ematen inori
orduko uniua
beti da komeni
hala gerta dedila
biba gu ta Hernani.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri