1918an mahai gainera igota bertsotan aritu zen plaza berean 2023-06-19

Joxepa Zubeldia Elizegi bertsolariaren izena jarri dio Hernaniko Udalak herriko kiosko nagusiari

Hernaniko Udalak Joxepa Zubeldia Elizegi (Hernani 1865-1947) bertsolariaren izena jarri dio herrigunean dagoen Ezkiaga pasealekuko kioskoari. Herriko kiosko nagusia da, udaletxe eta elizaren ondoan kokatua. Udalak eraberritu eta izenberritu egin du, eta sorta bat ez beste guztiak erre zizkioten bertsolariari aitortza publikoa egin.



Joxepa Zubeldia Elizegiren izena azken urteotan atera da argitara, Estitxu Eizagirrek Hernaniko bertsolaritzaren historiari buruz egindako lanari esker. Jaso denez, bat-batean aritzen zen eta bertso jartzaile emankorra zen Zubeldia. Hil zenean, ordea, ondorengoek bere bertsoak erre egin zituztela uste da. Sorta bakarra iritsi da, Antonio Zavalak jasota: Bertso berrik, andre batek jarrik. Hernaniko berrik, oso harrigarrik. 1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sortak. Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Ezkiaga pasealekuan, gaur egun kioskoa dagoen leku berean. Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean.

Kiosko berrituan Joxepa Zubeldia izena ageri da handian eta zutabeetan ezagutzen zaion sorta bakarraren 24 bertsoak idatzi ditu Maialen Lujanbiok, beste bi artistekin elkarlanean. Kolore desberdinetan idatziak daude. Bertso gehienak modu «lauso» batean ageri dira, historian emakumezko bertsolarien eta sortzaileen ikus ezintasunaren eta galdu denaren isla gisa. Eta beltzez, Joxeparen hitzak baliatuta, bi esaldi josi ditu alde banatan, Zubeldiak berak ontzat emango lituzkeenak, Lujanbioren irudikoz: begiekin ez genuen ikusi nahi eta emakumeei askotan bezela entzungor egin.



Sorta bat bi ahotsetan
Kioskoaren atzealdean bertso sorta grabatu dute, irekitako liburua bailitzan. Ezkerretara izenburua, Joxepa Zubeldiaren sortarena: Bertso berrik andre batek jarrik. Hernaniko berrik oso harrigarrik. Eta eskuinean, 13 bertsoko sorta horman inprimatua.

Lujanbiok Bertsoa.eus-i adierazi dio helburua izan dela Joxepari hitz eginaraztea eta, nolabait, plaza hartan bertsotan aritu eta asko bezala ahazturan egon den bertsolariak bere ahotik egitea historiaren irakurketa eta jasotako aitortzaren azalpena. Horretarako, Zubeldiaren bertso sortako zatiak eta Lujanbioren hitzak uztartuta osatutako sorta ondu du txapeldunak, bakoitza tipografia banatan bereizita. Tipografia beltzean, Zubeldiaren sortako bertso zatiak ageri dira; arruntean, Lujanbiorenak.



Joan den gandean Joxepa Zubeldia kioskoaren aurkezpen publikoa egin zuten Hernanin. San Joanetan, urteroko jaialdia egingo da Joxepa Zubeldia kioskoan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri