Ostegunean Zaldibian eta Zarautzen 2023-06-28
Miseriaren adarrak bertso ekimena jarri dute abian Ekida Arte Ekimen Sozialistaren eskutik. Xenpelarren bertsoetatik hartu dute izenburua, 1867an, trenbidea eraiki osteko pobreziari jarritako bertsoetatik: «Miseriaren adarrak / dauzkat hitz egin beharrak / eragin ditzadan farrak». Gedar Langile Kazeta atarian eman dute proiektuaren berri Aroa Arrizubietak, Aitor Tatiegik eta Gorka Pagonabarragak.
Garaiari euren ikuspuntutik kantatzea, bertsolaritzaren berrikuntzan euren ekarpena egitea, bertsolaritza tresna politiko gisa baliatzea, bertsolaritza egon den «klase baxuko jendearen eta borroka politikoaren tradizioa» berreskuratzea, bertso plaza aukera berriak garatzea, publiko berrietara iristea... horiek dira hiru bertsolariek elkarrizketan aipatu dituzten ideietako batzuk. «Bertsolaritza aldatzen ari da, eta guk geuretik egin nahi diogu ekarpena aldaketa garai horri» dakar lerroburuak.
Aroa Arrizubieta: «Uste dugu bertsoa ere izan dela eta izan daitekeela tresna politiko bat egungo egoeran eragiteko»
Egungo egoerari ikuspegi jakin batetik kantatzeko gogoa dago Miseriaren adarrak bertso ekimenaren oinarrian. «Alde batetik, egungo garaiari kantatzeko asmoa erakusten du izenburuak. Miseriazko garaiak bizi ditugu, horrek asko kezkatzen gaitu eta gutako asko egoera horrek mugituta ari gara borrokan» adierazi du Aroa Arrizubieta bertsolari gasteiztarrak.
«Nahi genuen ardura hori bertsotara eraman eta saioa gidatuko zuen abiapuntu moduan hartu miseriak dituen hainbat adarri kantatzea. Uste dugu bertsoa ere izan dela eta izan daitekeela tresna politiko bat egungo egoeran eragiteko. Baina kantutik, bertsotik, umoretik ere nahi diogu heldu garaiari, adarra joz, erridikulizatuz...»
Gorka Pagonabarraga: «Zirkuitu hegemonikoarekiko alternatiban ulertzen dugu gure proposamena»
Gorka Pagonabarra bertsolari durangarren hitzetan, Miseriaren adarrak proposamena plazetako zikuitu hegemonikoarekiko alternatiban ulertzen dute. «Bertso plazetan badago, nahi edo ez nahi, zirkuitu hegemoniko bat, eta guk horrekiko alternatiban ulertzen dugu gure proposamena. Edonorako formatua bilatzen dugu, ez soilik areto eta jaialdietarakoa, baita festa girorakoa, kalerakoa, Gaztetxeetarakoa, tabernetarakoa...».
«Badago baita ere hainbat bertsolari astebururo-astebururoko zirkuitu hegemoniko horretatik kanpo samar gelditzen direnak. Guk Miseriaren adarrak saioarekin zirkuitu bat osatu nahi genuke bertsolari horiek guztiek ere kanturako espazioa izan dezaten».
Aitor Tatiegi: «Nahi genuke saio honek balio izatea bertsoa publiko berrietara gerturatzeko ere»
Miseriaren adarrak proiektuaren helburuetako bat bertsolaritza publiko berrietara hurbiltzea da. Halaxe azaldu du Aitor Tatiegi bertsolari oñatiarrak: «Nahi genuke saio honek balio izatea bertsoa publiko berrietara ere gerturatzeko. Garaiari kantatzeko asmoak, aretoetatik kanpora ateratzeak, musikarien presentziak... jende berria bertsozaletzeko ere balio dezakeela uste dugu».
Ostegunean Zaldibian eta Zarautzen
Dagoeneko martxan da ekimena eta, elkarrizketan iragartzen denez, ostegun honetan saioak izango dituzte Zarautzen eta Zaldibian. Uztailaren 5ean Gernika-Lumon izango da, Astran, 17an Baionan eta 20an Eskoriatzan. Abuztuaren 23rako Bilboko Aste Nagusian.
Zaldibian, gazte festetan, bertsotan ariko dira Bittor Altube, Mikel Iturriotz Etxaniz, Hodei Munduate eta Lurdes Ondaro ariko dira. Plazan, 22:00etan.
Bertsoa.eus Gernika-Lumon izango da, saioa grabatu eta ekimenaren bultzatzaileen hitzak jasotzeko.
Argazkia: Gedar
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24