Miseriaren adarrak bertso ikuskizuna 2023-07-13

Miseriaren adarretan barrena bertsotan Gernikan

Miseriaren adarretan barrena bertsotan Gernikan
«Miseriaren adarrak»

Miseriaren adarrak bertso ikuskizuna jarri dute abian Ekida Arte Ekimen Sozialistaren eskutik eta Gernika-Lumon egin zuten hirugarren emanaldia, uztailaren 5ean, joan den egueazten iluntzean. Zaldibian eta Zarautzen egin zuten aurretik. Bat-bateko bertsoak, bere hutsean zein musikaz lagunduta eta bertso jarriek osatutako emanaldia eskaini zuten Astrako atarian, pareko trenen joan-etorria tarteka bertsotara ekarriaz.

Hamabi lagunek ondutako eskaintza ekarri zuten zoruko oholtzara. Bertsotan bat-batean, Aitor Bizkarra, Aroa Arrizubieta, Jon Gurrutxaga, Josu Sanjurjo eta Maddi Agirre aritu ziren, Txaber Altubek gaiak jarrita. Bertso sortak kantatzera, Lurdes Ondaro, Aitor Beitia eta Txaber Altube bera batu ziren ikuskizunera. Musikari lanetan, Garikoitz Ortiz de Villalba, Markel de Reparaz, Paloma Strachn eta Onintza Orue aritu ziren.






Adin desberdinetako 90-100 lagun inguru bildu ziren, terraza giroan.

«Arratsalde on denori eta ondo etorri Miseriaren adarrak bertso ikuskizunera» hasi zuen emankizuna Txaber Altubek. Ohiko agurren ondoren, gaztaroari buruz kantari jarri bostak: «zer da zuentzat gaztaroa eta nola bizi duzue...». Bertso hutsean jarraitu zuten kantari: Urdainbaiko Guggenheim proiektua, bi ikurrina Tourrean Leclerc taldeak kotetik jendartera boteak, Sanferminetako hiru zezen entzierroan... Saioaren erdialdera Miseriaren adarrak ekimenari izena eman dion sorta kantatu zuten, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelarrek bertso sorta, Miseriaren adarrak/dauzkat hitz egin beharrak/eragin ditzadan farrak hasten dena. Paul Beitia eta Jon Gurrutxagak kantu zituzten musikaz lagunduta. Garaiko krisi sozialari jarriak dira eta gaur egunekoarekin parekatu zuten.



Inguruko bertsolarien uzta ere txertatu nahi dute antolatzaileek ekitaldietan eta Jon Lopategiren bederatzi puntuko bertso sonatuak ekarri zituzten. Lurdes Ondarok kantatu zuten muxikarrak 1986ko finalean botako bertso antologiko haiek, berak zaborretara botatako arropak hartzen ikusi zuen pertsonari boteak. «Miseria gehiegi daukagu hemen» bukatzen da bigarren bertsoa.



Joko berezirako tartea ere izan zuen emanaldiak. Aroa Arrizubietak eta Aitor Bizkarrak bi bertso osatu behar izan zituzten erdi bana, batek hasi eta besteak bukatu. Frantziako poliziak hil berri duen gaztearen inguruko gaia jarri zien Altubek. Egoera horren aurrean, Arrizubieta eta Bizkarra pertsona beraren bi ikuspegi, bi alde ziren. Etsipenetik kantatu behar zuen Arrizubietak; erantzunetik Bizkarrak. Haizea dator Iparraldetik doinuan egin zuten, musikaz lagunduta.



Txaber Altubek gaiak jartzeaz gain, bere sorta bat ere kantatu zuen, Aitor Bizkarrarekin batean, musikaz lagunduta, Bilintxen sorta bat gaurkora ekarrita.

Librean Biba Berango doinuan musikaz lagunduta jardun eta, bertso hutsean ohiko agurrekin amaitu zen saioa.

Genikako emanaldiko bertso hautaketa Bertsoa.eus-en dago ikusgai.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa