Irailaren 16an hasiko da 2023-09-07

Hemen da Hitzetik Hortzera, Mirari Martiarenak aurkeztuta

Hemen da Hitzetik Hortzera, Mirari Martiarenak aurkeztuta
Telebistan erreferentziazko bertso plaza izaten jarraitzea izango da helburu nagusia. Berritasun nabarmenenak: aurkezlea, iruditeria eta programa osatuko duten eduki ezberdinak. Larunbatean 21:00etan, ETB1n.

Aurpegi, eduki eta iruditeri berriekin dator Hitzetik Hortzerako denboraldi berria ETB1en. Irailaren 16an hasiko da eta larunbat gaueko ordutegiari eutsiko dio programak. Mirari Martiarena bertsolari, gidoilari eta umoregileak aurkeztuko du, Eider Perezi lekukoa hartuta. Lantalde zabalak onduko programa, Gaizka Azkarate zuzendari dela. Azkarate eta Martiarenarekin batean, Haritz Arrizabalaga ariko da grabazio, edizio eta errealizazioan. Irene Zaldua grabazio lanetan.

Bertsozale Elkarteak eta EITBk lankidetzan egiten du Hitzetik Hortzera. Azken urteetako ildoan, aurtengo denboraldiak ere 26 programa izango ditu eta martxoaren 30an amaituko da.

Helburu nagusia telebistan erreferentziazko bertso plaza izaten jarraitzea da eta bertsolaritzako eduki interesgarriena eskaintzea eta horretarako Euskal Herri luze zabalean jaialdiz-jaialdi ibiliko da Hitzetik Hortzera. Asteroko hitzorduei udazkenean ospatuko diren Bizkaiko eta Nafarroako Bertsolari Txapelketei loturik egingo diren programa bereziak gehituko zaizkie.

Berritasun ugari dakartzan denboraldia
Hitzetik Hortzera bertsolaritza programak ibilbide berri bati ekingo dio 2023ko irailean. Bost urteko zikloari amaiera eman zion 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak markaturiko iazko denboraldiak eta azal berriturik itzuliko da programa telebistara.

Aurkezle lanetan ariko den Mirari Martiarena oiartzuarra iaztik ari da Hitzetik Hortzerako lan taldean, gidoilari lanetan, baina aurten erronka berri bati ekingo dio. Telebistan ETB1eko Hitzokei programan kolaboratzaile bezala aritu zen, tartean Txapelketa Nagusiaren jarraipena eginez eta bakarrizketak egin ditu Barre Libre umore saioan.

Martiarenak bertsolaritza barrutik ezagutzen du. Bertsolaria da, plazan zein Gipuzkoako Txapelketan kantatua. Oiartzungo bertso eskolan egin du bere bertso bidea eta Martzelina Bertsozale Elkarte berriko kidea da gaur egunean.

Ziklo berri baten hasiera adierazteko, Hitzetik Hortzerak iruditeria berria izango du. Unai Gaztelumendi sortzaileak egin du programarako grafismo berria.

Aipatu bezala, programaren muina bertso saioek osatuko dute, astero bi bertso plazatako saioekin gozatzeko aukera izango da. Astez-aste gonbidatu bat elkarrizketatuko du Martiarenak, izan bertsolaria, bertsozalea edo euskal kultur sortzailea. Ohitura den bezala bertsolaritzaren ekosisteman gertatzen denaren berri ere emango dute. Atzera begiratzeko tartea ere izango da, bertsoaldi historikoekin gozatzeko aukera ere izango baita.

Propio sortutako bertso sorta musikatuak
Denboraldiaren lehen zatian programarako propio sortuak izan diren bertso sorta musikatuak izango dira, zazpi guztira eta irailean hasi eta abendura bitarte ikusiko dira. Kantuan entzungo ditugu Jone Uria, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Agin Laburu, Joanes Illarregi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aitor Etxebarriazarraga. Bertsoak musikatzeko ardura Beñat Antxustegi eta Eneko Sierrak izango dute.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra