Ainhoa Urien Telletxe - Ahalduntze Bertso Eskola Feministako arduraduna 2023-09-20

«Elkarrekin kantuan aritu, hausnartu eta ekimen berriak sortzea da helburua»

«Elkarrekin kantuan aritu, hausnartu eta ekimen berriak sortzea da helburua»
«Belaunaldi berriak etorriko dira, baina gonbita luzatu nahiko genieke ez hain berriei ere. Uste dut gazteagoak direnekin egoteak asko irakasten duela, eta gazteek ere badutela nagusiagoengandik zer ikasia».

Bertsozale Elkartearen eskutik zabalik da Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren bederatzigarren ikusturteko matrikula. Irailaren 29a da azken eguna eta hemen izena emateko lekua. Hilean behingo maiztasuna du Ahalduntzek, urriaren 21ean hasi eta ekainean amaituko. Larunbat goizetan da hitzordua, egun berean, Durangon eta Amasa-Villabonan.

Ainhoa Urien Telletxe (Abadiño, 1995) da Ahalduntze Bertso Eskola Feministako arduraduna eta Bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin dio Bertso Eskola Feministaren kurtso berrirako helburu eta dinamikaz.

Ahalduntze Bertso Eskola Feministan izena emateko epea zabaldu da. Zer dakar aurtengo ikasturteak?
Azken urteetako dinamikari eutsiz, plazan gutxi zein asko ibiltzen diren emakume* bertsolariak saretu, ahaldundu eta sortu litezkeen proiektu berriei bultzada ematera dator. Ez dio hainbeste inporta punta-puntako bertsolaria zaren ala poto egin zalea, astebururo saioa daukazun ala urtean behin kantatzen duzun plazan. Bat-bateko bertsolaritzan aritzen direnak elkarrekin kantuan aritzea, elkarrekin bertsolaritzaren inguruko hainbat konturi buruz hausnartzea eta ekimen berriak sortzea da helburua.

Bederatzigarren ikasturtea izango da aurtengoa. Zein ezaugarri ditu Ahalduntze Bertso Eskola Feministak? Zein da bertso-eskolako dinamika?
Pentsatzen dut asko aldatuko zela dinamika hainbeste urtean. Badaude partaide batzuk hasieratik daudenak, eta beste batzuk lehenengo urtea dutenak. Horrek oreka eta aberastasuna ematen dio taldeari. Nik azken bi urteetan parte hartu dut gai-jartzaile bezala eta dinamika ondorengoa izan ohi da: hilabetean behin larunbat goiz batez elkartzen gara eta bospasei laguneko taldeetan bertso saioa egiten dugu. Batzuetan bertso saio tematikoak izaten dira, beste batzuetan arruntak, edo ariketa desberdinak probatzen ditugu, edo umorea lantzen dugu...

Esperimentaziorako espazio bat bezala ulertzen dugu, leku seguru bat, eta hor bertsoarekin jolasten saiatzen gara. Gero, atsedenaren ondoren, talde handian ariketa desberdinak edo hizketaldiak izaten ditugu, bertsolaritzaren inguruan pil-pilean dauden zenbait gairi heltzeko asmoz. Gero, nahi izatera, bazkaltzera joaten gara. Labur esanda, ederto pasatzen dugu eguna.

Zortzi urteko bidea eginda, zure ustez zein dira Ahalduntzeren ekarpen nagusia?
Ez dakit, agian galdera hau urte gehiago daramatzatenek erantzun ahal izango dute. Baina uste dut bertsolari asko ahaldundu direla, plazan leku bat dutela sentitu dutela, harreman berriak sortu direla eta proiektu, ekimen eta plan oso ederrak atera direla. Bide horretan jarrai dezala. Eztabaidak ere egon dira, eta uste dut horiek ere baliagarriak direla, beharrezkoak.

Belaunaldi berriak erakartzea lortu du Ahalduntzek…
Bai, gazteak etortzen dira, oso gazteak batzuk. 40 urte bueltakoren batzuk ere bai. Polita da adin desberdintasun horretan nolako ikuspuntu diferenteak dauden konturatzea eta, aldi berean, ze harreman onak sortu diren ikustea. Belaunaldi berriak etorriko dira, baina gonbita luzatu nahiko genieke ez hain berriei ere. Uste dut gazteagoak direnekin egoteak asko irakasten duela, eta gazteek ere badutela nagusiagoengandik zer ikasia. Lehen aipatutako eztabaida horiek aberaste aldera, esate baterako. Bidea elkarrekin egiten jarraitzeko, sikiera.   

Izena eman ez eman zalantzan dagoenari zer esango zenioke?
Ba emateko, noski!

Iaz jai batekin amaitu zenuten ikasturtea, aurten ere errepikatzeko asmotan?
Iazko jaiarena taldean erabaki eta antolatutako zerbait izan zen, eta hori da Ahalduntzeren indargune nagusietako bat momentu honetan. Talde oso batu bat sortzen dela eta gauzak egiteko gogo handia dagoela. Beraz, aurten egongo ote den ez dizut nik esango, ikasturtean zehar taldeak erabaki eta antolatuko duen zerbait izango delako, dena delakoa dela ere. Beraz, ikasturtea hasten denean denon artean ikusiko dugu ze gogo, ze energia eta ze interes dugun arlo bakoitzean, eta horren araberako kurtsoa eta kurtso bukaera antolatuko ditugu. Baina ziur naiz gauza interesgarriak aterako direla.

 

 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri